Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute gura Eusko Jaurlaritzak parke eoliko bat jartzerik Ganekogortan, Bilbo hegoaldean dagoen mendian. Hala adierazi zuten joan den eguazteneko osoko bilkuran; izan ere, bi proposamen egon baziren ere, batzarkideek parke eoliko horren aurka bozkatu zuten.
Hain zuzen, EAJk eta Bilduk arauz besteko proposamen bat aurkeztu zuten elkarrekin, eta PPk, bere kasa, beste bat. Oinarrian, baina, biek eskatu diote Eusko Jaurlaritzari bertan behera utz dezan parke eolikoaren asmoa.
EAJren eta Bilduren ustez, “ez dago justifikaziorik” balio handiko inguru horretan parke eoliko bat jartzeko. Haien ustez, lehentasuna du Bizkaiko lurralde historikoaren ingurumen baliabideei eusteak “energia etekin eskasa izango duen proiektu baten aldean”. Salaketa egin dute, gainera: “Ez dira aztertu ingurumenarekiko errespetu handiagoa izango luketen beste kokaleku batzuetarako alternatibak”.
Plan berri baten eskean
Horrez gain, azaldu dute energia eolikoa sortzeko parke bat eraikitzeak eta hori martxan jartzeak eragin txarrak izango lituzkeela ingurumenean. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote onar dezala Haize Energiaren Lurralde Sektore Plan berria, ingurumenarekiko eragina ere kontuan izango baitu.
PPk ere antzeko iritzia azaldu du. Hain zuzen, kontuan hartzea nahi dute Ganekogortak balio natural handia duela, herritarrek sarri erabiltzen dutela eta haientzako eremu garrantzitsu bat dela: “Hori garrantzitsuagoa da parke eoliko batek eman dezakeen etekina baino”. Hala azaldu zuen Arturo Aldekoa PPko batzarkideak. Hark ere uste du aztertu egin behar dela parkea beste leku batean kokatzeko aukera.
Ekologistak, pozik
Ganekogorta Aurrera plataformak pozik hartu du Batzar Nagusien erabakia. Gogora ekarri dute hainbat erakunde publiko agertu direla, Batzar Nagusien antzera, proiektu horren aurka. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak parkearen aurkako alegazioak aurkeztu zituela azaldu dute, eta Arrankudiaga, Alonsotegi,Gueñes, Ugao, Okondo eta Laudioko udalek ere parkearen aurkako mozioak aurkeztu dituztela. Esan dutenez, sei udalek —Bilbokoa barne— proiektuaren kontrako testu bateratua sinatu zuten.
Plataformak hauxe gaineratu du: “Makroproiektu horrek gure mendia industrializatuko luke, eta hango paisaia, natura eta gizarte balioak erabat galduko lirateke”. Gainera, uste dute haize bidezko energiak eta halakoak galtzen ari direla naturari kalterik ez egiteko daukaten berezko izaera.