Termibus ordezkatuko duen Bilboko lur azpiko autobus geltoki berria 2015erako egongo da burututa, Bilboko Udalak egindako aurreikuspenen arabera. Lan eta Zerbitzu zinegotzi Jose Luis Sabasek azaldu duenez, urte bukaera aldera adjudikatuko dute geltokiaren eraikuntza eta ustiapena. Sabasek gaineratu du bi adjudikazioak enpresa berberari emango zaizkiola. Lanak 2013ko lehen hiruhilabetean hastea espero dute, eta aurrekontua 65 milioi euro izango da, guztira. Geltoki berria eraiki bitartean, gaur egungo geltokia martxan egongo dela argitu du Sabasek.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak iragarri du hemendik bost urtera prest izango dela Bilbo eta Loiuko aireportua lotuko dituen trena. Hala, bidaiariak bederatzi minutuan iritsiko dira Zazpikaleetatik aireportura. Garraio sailburu Iñaki Arriolak asteazkenean ikuskatu zituen Artxandako tunelean egiten ari diren indusketa lanak, bi aldeetako zulaketek bat egingo zutela baliatuz. Tunelak osatzen du trenbide berria eraikitzeko lanen lehen fasea, eta hogei milioi euroren aurrekontua izan du. Tunelak bi bide izango ditu: aireportua eta hiriburua lotuko dituen trenaz gain, metroaren 3. lineak Txorierrirekin izango duen lotura ere handik igaroko da.
“Murrizketak” salatuz
TCSA enpresako langileek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eskatu dute konponbide bat bilatzeko Bizkaibuseko zenbait autobus linearen maiztasunak berrikusteak ekarriko lukeen lanpostu “murrizketari”. Aldundiaren bozeramaile Juan Maria Aburtok ezeztatu egin du foru erakundeak kendu egingo dituela Basauri eta Galdakao Bilborekin lotzen dituzten linea batzuk, TCSAko enpresa batzordeak salatu duen legez. Bizkaibusi zerbitzua ematen dion enpresa horretako langileek hainbat mobilizazio egingo dituzte egoera hori salatzeko. Egin dituzten kalkuluen arabera, aldundiak iragarritako maiztasun berriek zazpi lanpostu galtzea ekarriko lukete.