“Hezkuntza arloan arazo handiak izaten dituzte umeek”

Andoni Mendia Ume Alaia elkarteko kidea da. Bizkaian eta Gipuzkoan lan egiten dute, umeadoptatuen arloan. “Araban ere taldea osatu nahiko genuke”.

Zein da ume baten adopzioa lortzeko indarrean dagoen prozedura?

Espainian, autonomia erkidegoen arabera aldaketa txikiak daude, baina batez ere umearen jatorrizko herrialdearen arabera egoten dira desberdintasunik handienak. Esate baterako, Euskal Herrian Txinako neska asko adoptatzen ziren, prozesua oso azkarra zelako. Duela bost urtetik hona, baina, prozesua asko luzatu da. Orain, umea Txinan adoptatzeko zain dauden bikote zein banakoek lau edo bost urte itxaron behar dute. Aldaketa handiak egon dira, herrialde batzuetan prozesua ez zegoelako legeztatuta. Zenbait kasutan, umeak erosten ziren.

Hagako legegintzak adopzio prozesua egiteko baldintzak zehazten ditu, eta Afrikako eta Amerikako herrialde batzuetan ez ziren betetzen jarraibide horiek. Dena den, Bizkaian Foru Aldundiak eramaten ditu adopzio prozesuak. Ume Alaiak elkarteak hau egiten du: gurasoei prozesua nolakoa den azaldu, eta aldundira zuzenean jo behar dutela ohartarazi. Azken batean, aldundiak egiten du gurasoen azterketa, umeak adoptatzeko egokiak diren erabakitzeko.

Zein parametro erabiltzen dira azterketa horietan?

Gurasoen ahalmenak aztertzen dituzte, arlo psikologikoan batik bat. Etxera bisita bat ere egin ohi dute, umea hazteko baldintza egokiak betetzen dituen ikusteko. Askotan, gaur egun ere, bikotea bi gizonez edo bi emakumez osatuta dagoenean sortzen dira arazorik handienak. Orain legez araututa dago, baina duela zenbait urte aldundiak traba handiak jartzen zituen halako kasuetan.

Txinako Gobernuak sexu bereko bikoteek eta banakoek adoptatzea galarazi du azken urteetan, ezta?

Bai, orain dela bost edo sei urte hasi ziren neurri horiek ezartzen.

Zein zalantza izaten dituzte elkartera laguntza eske doazen gurasoek?

Aniztasun handia izaten da alde horretatik: umearen jatorrizko herrialdearen arabera aldatzen dira galderak. Azkeneko urteetan, adopzio prozesuak luzatu egin dira. Dena dela, arlo horretan aldaketa handiak izan ditugu Ume Alaiak elkartean. Lehenengo urteetan, bikoteei laguntza ematen genien, adopzio prozesuaren nondik norakoak ezagut zitzaten. Orain, informazio hori ematea erakundeen erantzukizuna dela uste dugu, batez ere foru aldundiena.

Gaur egun, gehienbat adopzioaren osteko unerako gomendioak ematen dizkiegu gurasoei. Ume Alaia 200 gurasok osatzen dute, eta horien artean gehiengoak bospasei urte daramatza seme-alabekin. Ikusten dugunez, hezkuntza arloan arazo handiak izaten dituzte umeek: zaila izaten da beraientzat hemengo egoerara moldatzea, eta erakundeek ez dute ulertzen euren egoera berezia dela.

Kanpotik datorren umea sozializatzea ez da erraza izaten, beraz.

Ez, askotan ez. Guk beti esaten dugu gure umeak beste guztien modukoak direla, normaltasun osoz jokatu nahi izaten dugu, baina sarritan sortzen dira arazoak, batez ere eskolan. Ume bat sei urterekin hona badator, eta eskolara doan lehen aldia bada, ezberdintasun argia dago klase kideekin. Besteak hainbat urtez egon dira haurtzaindegian, aurretik ezagutzen dute eskola. Adoptatutako umeentzako dena da berria, hizkuntza bera ere, gutako askok D ereduan ikasi behar dutela uste dugulako.

Horren inguruan pasadizo ugari dago. Izan ere, ume askok bi edo hiru hilabeteren bueltan euskaraz egiten dute erraztasunez, nahiz eta Txinatik edo Etiopiatik etorri. Hori berehala integratuta sentitzeko beharra dutelako gertatzen da. Eusko Jaurlaritzarekin batzarrak izan ditugu hezkuntza prozesuan umeei sortzen zaizkien arazoei nola aurre egin diezaiekegun zehazteko, baina oraindik ere errealitate nahiko ezezaguna da gizarte mailan. Adoptatutako umeek ulermen eta laguntza pixka bat behar dute, hezkuntza arloan moldatzeko.

Umea adoptatu ondoren, erraza izaten da gurasoentzat egoera berrira egokitzea?

Ez da erraza izaten. Ume hauek zauri zehatza daukate, euren bizitzen lehenengo urteetan umezurztegietan bizi izan dira, guraso barik. Hortaz, lotura afektiboa sortzea zaila izaten da, eurentzat eta guretzat. Harremanen arlo horretan sentimenduak finkatzea kostatzen zaie, ez dakitelako nongoak diren. Gu haien gurasoak garela esaten dute epaitegiko paperek, baina beste herrialde batean jaio dira, beste ama batek eman die bizitza… Lehenengo urteetan galdu samar ibili ohi dira.

Noiz kontatzen zaie umeei zein izan den euren ibilbidea? Hona datozenean edo hazten direnean?

Guk esaten dugu apurka-apurka kontatu behar zaiela errealitatea, normaltasunez. Ez da informazio guzti hori ezkutatu behar, euren garapen pertsonalean zehar eskatuko dutelako. Informazio guztia aldundiaren sail batean sartuta dago. Orain dela lau edo bost urtera arte, adinez nagusikoek soilik eskatu zezaketen informazioa, baina une honetan edozein umek eskatu dezake. Horregatik, egoera ahalik eta lasterren azaltzea gomendatzen dugu.

Prozesuan gorabeherak izaten dira. Hasiera batean galderak egiten dituzte, gero urte batzuetan zehar ahazten dute, eta nerabezaroan berreskuratzen dute euren istorioa ezagutzeko grina.

Umeen kultura eta hizkuntza mantentzeko edo ezagutarazteko ahaleginik egiten al dute gurasoek normalean?

Bai. Bilboko Zazpikaleetan, adibidez, Txinatik etorritako umeen gurasoek astero antolatzen dituzte txinatar hizkuntza ikasteko klaseak. Hala ere, askotan hamahiru edo hamalau urterekin umeak berak esaten du: “Nik hori utzi nahi dut; euskalduna naiz”. Nondik etorri diren jakin dezaten oso garrantzitsua da guretzako, baita hemen jaiotako ume bat bezain euskaldun sentitzea ere. Eurentzat bizitza osoko prozesua da bi errealitate horiek onartzea.

Etxeko gatazkak kudeatzeko orduan pazientzia berezia eduki behar dute ume adoptatuaren gurasoek?

Askotan edozein gauza dela eta haserretzen dira. Haserre hori ez da gure kontrakoa; haien egoeraren ondorioa da. Umeak pentsatzen du: “Zergatik utzi ninduten? Zer egin dut txarto?”. Hori ulertzea ez da erraza, eta egoera ulertzeko prozesu luzea egin behar dute. Gurasoek gatazka horietan lasai jokatu beharko lukete. Umeek beti euren alboan egongo garela ulertzen dutenean, arazo horiek konpontzen dira.

Zeintzuk dira Ume Alaia elkarteak talde gisa planteatzen dituen hurrengo erronkak?

Ikasten gabiltza. Aldaketa egon zen elkartearen lehenengo urteen aldean; orduan gure begirada gurasoei adopzioa lortzeko prozesua azaltzean jarrita zegoen. Egun, adopzioaren osteko gomendioak ematera bideratuta daude gure programak.

Batez ere, eskoletan euren egoera zein den jakitea nahiko genuke. Umeek ordu asko pasatzen dituzte eskolan, eta garrantzitsua da arlo hori lantzea. Gidaliburu bat ere plazaratu dugu, Adoptatutako haurren aurkako diskriminazio jarrerak aurrezainduz izenekoa. Agintzari kooperatibarekin elkarlana egiten dugu; umeentzako psikologoak dituzte. Eurek azaldu digute, adoptatutako umeek irain arrazistak edo xenofoboak jasan behar izaten dituztela eskolan. Kasu horietan umeak galduta sentitzen dira, eta guk argitasuna eman nahi diegu, jakin dezaten halako jarrerak ez dituztela onartu behar.