Bilboko Euskalduna jauregiak 359.320 euroko superabitarekin amaitu zuen 2011. urtea, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera. Urtea “zaila” izan arren datu “on” horiek lortu dituela azaldu du, gainera, aldundiak. Hain zuzen, gogora ekarri dute jauregia handitzeko lanak martxan daudela eta krisi ekonomiko orokorra dagoela.
Dena den, 870 ekitaldi eta emanaldi hartu ditu Euskaldunak, %90eko okupazioa lortu du, bederatzi milioi eurotik gora saldu ditu sarreratan eta 434.785 pertsona izan dira bertan mota bateko eta besteko ekitaldietan, aldundiaren datuen arabera. Bestalde, 2012ari begira, 1.000 parte hartzaile baino gehiago izango dituzten bederatzi kongresu hartuko dituela iragarri dute. Horietako zortzi jauregian handitu duten eremuan egingo dituztela azaldu dute, gainera.
BEC, galera handiekin
Esther Martinez Bizkaiko Batzar Nagusietan PPk duen bozeramaileak adierazi du Barakaldoko BEC erakustazokak 244.364 milioi euroren galerak pilatu dituela 2004an martxan jarri zutenetik. Datu horiek “oso kudeaketa txarraren ondorio” direla deritzo, eta Jose Luis Bilbaok agerraldia egin dezala eskatu du.