Durangon trenbidea lurperatzeko lanak aurten bukatzeko exijitu du EAJk

“Durangarrei ez zaie azalpenik eman. Ez bakarrik udalari, ez eta herritarrei ere”, salatu du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak (EAJ) herrian trenbidea lurperatzeko Eusko Jaurlaritzak egin beharreko lanen inguruan. “Durangarrok ez dakigu zein izango den lan honen amaiera, noiz bukatuko den, zelan egingo den eta dirurik dagoen edo ez hori burutzeko”, adierazi du.

Juan Antonio Arieta-Arainabeña legebiltzarkide jeltzaleak gogorarazi du Iñaki Arriola Garraio sailburuak 2010eko maiatzean esan zuela lanok 2011ko udan bukatuta egongo zirela. Hala, Arieta-Arainabeñaren esanetan, “data eta aurrekontua aspaldi finkatuta zeuden”. Horiek hala, atzerapena gehiago ez luzatzeko eskatu du. Orain, 2013ra arteko epea jarri dio Eusko Jaurlaritzak bere buruari, baina legebiltzarkidearen esanetan, nahi izanez gero, posible da aurtengo urtea bukatu aurretik lanak burutzea. Beraz, eskaera hori Eusko Legebiltzarrean bertan egin dutela iragarri du.

EAJren BBBko presidente Andoni Ortuzarrek ere babestu egin du salaketa, eta “Bizkaia garraio arloan zigortu” nahi izana egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Ortuzarren esanetan, Bizkaian hainbat garraiobidetan daude arazoak azkenaldian, eta Bilboko Metroa jarri du horren adibide.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, ukatu egin du lanak geldirik daudela. Dagoeneko egin beharrekoaren %74 inguru eginda dagoela ohartarazi du, eta lanak moteldu izanaren arrazoiak ere eman ditu: “Proiektuaren dimentsio berriaren eta konplexutasunaren ondorioz, hainbat eta hainbat zailtasun gainditu behar izan dira. Halaber, une honetan jasaten ari garen egoera ekonomikoak herri administrazio guztietan izan du eragina, eta horren ondorioak nabaritu dira obrak amaitzeko epeetan ere”, azaldu du Garraio Sailak.

Aurten lur azpiko geltokiaren lanekin jarraituko dutela iragarri dute, teilatuan batez ere. Horrez gain, Euba-Iurreta zatiko lanekin eta Lebarioko tailerren eta kotxetegien eraikuntzarekin jarraitzeko asmoa agertu dute. Halaber, aurten burutuko dira Traña-Lebario trenbide zatiko beharrak. Hala, Garraio Sailak datorren urteko udaberri bukaeran edo uda hasieran lur azpiko trenbidearen zerbitzua martxan egotea aurreikusten du.

Lur azpiko trenbidearen lanekin batera, Irigorasek beste salaketa bat ere egin du: “Durangon, azkenaldian arazo tekniko handiak daude trenbideko hesiekin”, gogorarazi du. Izan ere, maiz igaro da trena hesiak goian zeudela.

Metroa, lurpean

Joan den asteartetik, Bilboko Metroaren trenak lurpetik igarotzen dira Getxon, Maidagan ingurutik. Oraingoz, trenbide bakarra dago prest, eta hori erabiliko dute Plentziarako zein Bilborako noranzkoan doazen trenek. Bigarren trenbidea martxo bukaerarako prest egotea aurreikusten du Bizkaiko Garraio Partzuergoak. Ordura arte, Maidaganeko tunel honetatik trenak motelago igaroko dira. Hala ere, arduradunek adierazi dute ez duela ordutegian eraginik izango. Tunel horri esker, 3.500 metro koadroko gune bat sortuko da, eta eraiki ahal izango da bertan.