Herrietako esamolde eta hitz xelebreen lehia egin dute Lea-Artibai eskualdean

Guztira 300 lagunek parte hartu dute Lea-Artibai Euskarari tldeak antolatutako berba eta esaera xelebreen lehiaketan. Euskararen Eguna aitzakiatzat hartuta, euskalkiak biltzeko ahalegina egin dute elkarte horretako kideek. Iker Ajuriagerra Lea-Artibai Euskarariko kideak lehiaketaren balorazio positiboa egin du. “Parte hartzaileen kopurua urtez urte gorantz doa. Aurten ere, lehiaketak herri guztietan oso harrera ona izan du”.

Eguneroko bizitzan sarritan erdarazko esamolde edo hitzak erabiltzen ditugula eta, joera horri aurre hartu nahian antolatutako lehiaketa izan da. Hala azaldu dute elkartekoek. “Euskararen erabilerari bizitasuna eman nahi diogu, eta erdarazko hitzen ordez, gure euskalkian arruntak diren hitzen erabilera bultzatu”, adierazi du Ajuriagerrak.

Egitasmoaren helburua ulertzeko adibide bat jarri du. Ondarroan “gorde ezazu andrakiletia” entzun ostean, oihalezko panpina bere lekuan jarri behar dutela ulertuko dute haur zein nagusiek. Ondarroarrak ez direnentzat, aldiz, berba ezezaguna da.

Naia Zubikaraik, aldiz, luzaroan ondo gogoratuko duen hitza izango da. Izan ere, hitz horri esker, Lea-Artibai Euskararik antolatutako berba eta esaldi xelebreen lehiaketan, herriko dendetan erabiltzeko txeke baten saria eskuratu du. Zubikaraik saria eskuratu arren, ondarroar gehiagok be parte hartu dute lehiaketan.

“Emaitza bitxia eta aberatsa” izan dela aitortu dute guztiek. Lehiaketa aitzakia modura hartuta, betidanik herrian erabilitako hitzak kalera atera dituzte, dagoeneko ahaztuak dituztenek berriz ahoan erabiltzeko.

Parte hartze handia

Berrogei lagun inguru animatu ziren Ondarroan, buruari apurtxo bat eragin eta herriko hitzen hiztegia erabiliz lehiaketan parte hartzera. Besteak beste, ondoko ondarea jarri dute agerian: Ondarroan baleari bromuna deritzo, eta baten bat ostosin doala esaten denean ozta-ozta dabilela esan gura du. Uretara salto egiten duenak txurtari egiten du, eta ahuakemonala, aldiz, pentsatu barik berba egiten duten pertsonak deskribatzeko erabiltzen dute.

Ondarroan ez ezik, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar eta Etxebarrian ere lehiaketak antolatu dituzte. Markina-Xemeinen lehiaketa herrian errotuta dagoela jakinarazi digute antolatzaileek. Urte asko daramate lehiaketa antolatzen, eta herrian gero eta handiagoa da parte hartzaile kopurua.

Irabazleetako bat eskolara piper egiteari Markina-Xemeinen, txarritxero deitzen zaiola bildu duen Luken Iriondo izan da. Gizonezkoak urteak aurrera doazela adierazteko erabiltzen duten esaldiak ere saria izan du. Ondoko esaldi hau erabiliz adierazten dute Markinan urteen joana: “ai buzten, buzten lehen sosegau ezine eta oin hanka puntak buzten”.

Lekeition neguko hotzari aurre egin ahal izateko, dzunbetoia jartzen dute. Eta barrez lehertzen ari direnean, txisak urten beharrean edo errementa beharrean egoten dira. Lekeitiarrek ez dute zerura so egiten, Joselepeteko zelaira baizik. Hilabete bukaeran soldataren ordez, alobera jasotzen dute, eta bapora kargata datorrela esaten denean, itsasontzia arrainez beteta etorri ordez, baten bat gehiegi edanda datorrela esan nahi da.

Lekeitioko irabazleak, baina, Lekeitio eta Ondarroan erabiltzen den hitza jaso du. Hitz bera baina esanahi ezberdina dauka erabiltzen den herriaren arabera. Arrikitifu entzun bezain pronto lekeitiarrek ospa egingo dute, eta Ondarroan, berriz, gelditu barik lanari ekingo diote. Esangura bikoitzeko berba honekin otzara eder batean saria jaso du Marijo Lekuek.