Kafe kapsulak birziklatzeari ekingo dio Bizkaiko Foru Aldundiak. Foru erakundeak asteon sinatutako akordio bati esker, produktu hori birziklatzen aitzindaria bihurtuko da lurraldea.
Garbikerrek eta Nestle España y Productos del Cafe enpresak adostutakoaren arabera, Garbigune bakoitzean —Bizkaian 23 daude— aluminiozko eta plastikozko kapsulak jasotzeko edukiontziak jarriko dituzte. Egunero, Garbigune Mugikorra deritzon sistema baten bitartez, jaso egingo dituzte edukiontziotako kapsulak, eta Garbikerren ibilgailuek eramango dituzte beste leku batera.
Kapsulak beste biltegi horretatik Nestle enpresak hartuko ditu, eta birziklapen plantara eramango ditu. Aluminioa berreskuratu egin daiteke birziklapeneko prozesu orokorretik abiatuta, foru aldundiaren arabera. Horretarako, aluminio guztia beste instalazio batera eraman behar da bertan gero tratamentua egiteko. Bestalde, kafearen soberakinak konposta egiteko erabiliko dituzte.
Kapsulak birzikla daitekeen aluminioz eginda daude, eta material hori oso-osorik birziklatzeko modukoa dela jakinarazi du foru aldundiak. Beraz, bermatuta dago beste erabilera batzuetarako birziklatu ahal izatea.
Kafea hartzeko gero eta herritar gehiagok kapsulak darabiltzaten makinak dituztela kontuan hartuta erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak birziklapen neurri horiek hartzea; hain zuzen, orain arte ez zegoen beste hondakin mota bat sortu delako.
Suitzan eta Alemanian, 2008an aitzindaria izan zen metodo hori, eta Bizkaian erabiltzeari ekingo dio Garbikerrek.