Abran dragatzerik ez egiteko kexuka hasi dira herritarrak

Abrako itsasertzean, Punta Lucero inguruan, Bilboko Portuko Agintaritzak aurreikusita dauzkan dragatze lanak egiterik ez dute gura Getxoko hainbat gizarte eragilek. Hori dela eta, informazioa jaso, zabaldu eta mobilizazioak egiteko erabakia hartu zuten iragan ostiralean Portu Zaharreko Etxetxun egindako batzarrean elkartu ziren 60 lagun inguruk. Abra Bizirik plataforma ere sortu dute. Portu Zaharreko arrantzaleak, Itxasoruntz, LZPren kontrako asanblada, Euskal Herriko Surf Federazioa, Getxo Surf, Getxo Bizia eta Getxoko Bilduk osatu dute taldea. Batzarrean herritar gehiago ere izan ziren.

Hiru erabaki nagusi hartu zituzten bertan. Batetik, ahalik eta informazio gehien jasotzea. Izan ere, plataformakoek jakinarazi dutenez, Getxoko Udalak abenduko osoko bilkuran esan zuen zeukan informazio guztia herritarren esku jarriko zuela, alegazioak egiteko bidea aztertuko zuela eta dragatzeak izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketa independente bat egingo zuela. Orain arte horrelakorik ez duela egin salatu dute. Horrez gain, Auzokideok elkarteak dragatzeetatik ateratako materialak ferryen moilarako erabiliko ote zituzten galdetuta, alkateak ezetz erantzun zien. Geroago, baina, proiektuan kontrakoa ikusi zuten.

Jasotako informazioaren arabera, Bizkaiko Batzar Nagusietan, iaz, aho batez hartu zuten Areatzan (Muskiz) egiten hasi ziren dragatze bat geldiarazteko erabakia. “Dragatzea geldiaraztea ez ezik, ateratako harea kutsatuta ez baldin bazegoen zegoen lekura bueltatu behar zela erabaki zuten”, ekarri dute gogora. “Beraz, ez dugu ulertzen zergatik planteatzen duten orain kontu hori”, esan dute.

50 milioi metro kubo harea

Dragatzeak egitearen aurka ez daudela argitu dute elkarteok. Beharrezkoak diren kasuetan egin behar direla deritzote. Getxoko kasu horretan, baina, 50 milioi metro kubo harea ateratzeko proiektuari buruz ari direla gogorarazi dute. Horietatik guztietatik, gainera, proiektuak 27 milioi nora bideratuko dituzten baino ez duela zehazten salatu dute.

Eta horrek eragingo lituzkeen ondorioak ere aztergai izan zituzten batzarrean. Aztik egindako eraginaren txostenaren arabera, azaldu dutenez, itsaslasterren aldaketak gertatuko dira, baita hondartzetan ere; olatuak jaitsi egingo diren arren, hondartzetan sedimentazioa handiagoa izango da —harea pilaketa handiagoa—. Hala ere, itsasoa hasten den lekuan bertan harea galdu egingo dela eta haitzak agertuko direla azaldu dute. Arrantzan ere ondorioak nabarituko dituztela diote, hondoa asko mugituko delako. Hain zuzen ere, batzarrean parte hartu zuten arrantzale zenbaiten arabera, aurretik egin diren dragatze batzuen ondoren izkira handia galdu egin zen.

Elkarretaratzea, hilaren 28an

Eragina gogorra izango dela deritzote. “Kalte handi, iraunkor eta atzeraezinak” iragarri dituzte. Ondorioak Abra inguruan dauden herri guztietara zabalduko direla ikusita, beste herri batzuekaz koordinatu beharra aurreikusi dute. Hasteko, hilaren 28an, 13:30ean, elkarretaratzera deitu dute Portu Zaharrean. Izan ere, mobilizazioak beharrezkoak direla erabaki dute batzarrean.