Bizkaiko Foru Aldundiak 45 milioi euro inbertituko ditu datozen lau urteetan turismoaren industrian, Imanol Pradales Ekonomia Sustapen diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan iragarritakoaren arabera. Plan horren helburua da 1,4 milioi turistak Bizkaia bisitatzea 2015ean; baita 2,8 milioi bisitarik gaua lurralde historikoan pasatzea ere.
Ogasun eta Ekonomia Batzordean aurkeztu ditu asmo nagusiak. Bost lan ildo zehaztu ditu Pradalesek. Lehenengoa, sektore turistikoa normaltzea, hainbat alorretan atzemandako gabeziei eta oztopoei konponbide bat emateko —besteak beste, turismoari buruzko galderak egiteko, 24 orduz martxan egongo den telefono zenbaki bat sortu nahi dute—.
Produktu turistiko “erakargarriak eta eraginkorrak” sortzeko gai diren enpresak bultzatzea izango da bigarren neurria, turismoa dinamizatzeko. Horrez gain, Pradalesek asmoa iragarri du hainbat itun egiteko eragin lokala duten entitateekin.
Produktu horiek merkaturatzea da planaren hirugarren bidea. Horretarako, aldundiak uste du merkatuak eskaintzen dituen formula guztiak baliatu behar direla; bereziki, Internetekoak.
Laugarren neurria sektorea profesionalizatzea da. Alor horretan, sindikatuek sarri salatu dute turismoaren datu onak ez datozela bat sektore horretan lan egiten duten beharginen lan baldintzekin.
Azkenik, Pradalesek iragarri zuen lan handiagoa egingo dutela turismo sarea nazioartera zabaltzeko, “merkatu eta negozio berrietan” aukera gehiago bilatzeko asmoz.
Neurri horiek guztiak iragartzeaz gain, 2011 urte bikaina izan dela azaldu zuen Ekonomia Sustapeneko diputatuak. Are gehiago, Bilbon eta Bizkaian izan diren turistei dagokienez, markak hautsi ziren iaz, Pradalesek emandako datuen arabera. Hala ere, adierazi zuen alor horretan 45 milioi euro inbertituko dituztela 2015era bitartean: sektorea dinamizatzeko, 24.750.000 euro erabiliko dituzte; nazioartean zabaltzeko, 11.250.000 euro; gainerakoa, berriz, beste hiru neurrietarako erabiliko dute.
BPGaren %6
Turismoaren industriak Bizkaiko BPGaren %4,7 osatzen du. Diputatuak azaldu du plan horren helburuetako bat kopuru hori %6ra igoaraztea dela, eta sektore horretan enplegua areagotzea ere bai; horrez gain, aurreikusi dute 150 produktu turistiko berri sortzea, Bilbo-Bizkaia itun turistikoa bultzatzea, banaketa bide berriak garatzea eta bertoko enpresen presentzia areagotzea nazioarteko merkatuetan.
Imanol Pradalesek plan hori aurkeztu eta gero, Batzar Nagusietako alderdiek euren iritzia jakinarazi dute. PP ados azaldu da planak ezarritako ondorioekin.
PSE-EEk adierazi du azoka eta kongresuetako turismoari aipamen zuzena egitea falta dela, eta, alor horretan, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzearen alde azaldu da. Horrez gain, sozialistek diputatuari adierazi diote helburu izan beharko litzatekeela erosteko ahalmen handiko turismoa ez ezik erosteko ahalmen txikiagoa duten bisitariak ere erakartzea.
Beste turismo mota bat
Bilduk ere bide horretatik egin du, eta apustua egin dute beste turista mota bat erakartzearen alde. Koalizioaren arabera, beharrezkoa da turismo berdearen eta aisialdiko turismoaren aldeko eskaintzak egotea ere.
Gainera, garrantzitsu iritzi diote aldundia udalekin eta eskualdeekin elkarlanean aritzeari ere. Horrez gain, turismoaren alorrean “Euskal Herria” marka bultzatzearen alde azaldu dira.