Bizkako Foru Aldundiak gizarteratzeko laguntza berezia jasotzeko baldintzak gogortu izana kritikatu du Bilduk, eta erabakia “bertan behera uzteko eta 60/2011 Foru Dekretua berriro indarrean jartzeko” eskatu du. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak lortzeko baldintzak gogortzearen harira, koalizioak EAJri egotzi dio PSOEren “bide bera” egitea, “hainbeste kritikatu duen hori”.
Aldundiaren aurrekontuetan %8o murriztu da gizarteratzeko laguntzari emandako dirua. Ezkerreko koalizioaren ustez, “ez da matematika ariketa handirik egin behar diru hori eskas geldituko dela kalkulatzeko”. Ondorioz, pertsona askoren egoera “are larriagoa” izango dela salatu du Bilduk.
Laguntza “beharrezkotzat” jo du koalizioak. Bestalde, gogora ekarri ditu arlo horretan foru gobernuari egindako proposamenak. “2011ko diru kopuruari eustea proposatu genuen, krisiaren ondorioz eta diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko baldintzak gogortzearen ondorioz, jende asko dagoelako egoera larrian”.
Atzerako eragina
Aldundiak laguntza kobratzeko ezarri dituen betekizun berriak dagoeneko gizarteratzeko laguntza jasotzen dutenei aplikatuko zaizkie, eta Bildu kontra agertu da: “Azken aldaketen eraginez, gero eta jende gehiago dago diru sarrerak bermatzeko errenta jaso ezin duena, eta gero eta gehiagok behar dute gizarteratzeko laguntza berezia”.