Bilboko Bilduren udal taldearentzat, bi hitzetan laburbil daiteke Iñaki Azkunak gidatutako udal gobernuaren jardun politikoa agintaldiko lehenengo sei hilabeteetan: “Botere absolutua”.
Koalizioko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak agerraldia egin zuen atzo goizean, Bizkaiko hiriburuko gobernu berria osatu zenetik urte erdi bete dela, denbora tarte horretan udal politikak izan duen bilakaera aztertzeko. Joan den urteko udan hasitako agintaldian Bilbon egin diren udalbatzen ezaugarri nagusia “arrabola” izan da, Ibaibarriagaren iritziz. Horrez gain, jeltzaleek Espainiako Diputatuen Kongresuan agertzen duten arrazoibidea eta Bilboko Udalean egiten duetna alderatu ditu. “EAJren ordezkariek gehiengo osoaren arriskuez ohartarazi diote Raxoiri behin eta berriz. Gehiengo absolutuaren eta botere absolutuaren marra oso fina dela azpimarratu diote, Bilboko kasua gertutik ezagutzen dutelako”. Gogorarazi du hauteskundeetan Azkunak “18 urtez gorako lau bilbotarretik baten babesa soilik” jaso zuela. Hala, ordezkaritza politikoa banatzeko indarrean dagoen sistema kolokan jarri du Ibaibarriagak, “egungo hauteskunde sistemak” udalbatzan gehiengo osoa “eman” baitzion Azkunari, erroldaren %26,75en babesa jaso arren. Oposizioak aurkezten dituen proposamenak “behin eta berriro zokoratzea” leporatu dio Bilboko alkateari, baita “enmiendator” figura sortzeaz ere.
Hitz horrekin, ezkerreko koalizioko zinegotziak modu ironikoan salatu du udal gobernuak osoko bilkuretan izandako jarrera. Izan ere, oposizioaren proposamenak baztertu beharrean, testuei zuzenketak egin, eta ondoren onartu ditu Azkunaren gobernuak proiektu ugari azken hilabeteetan. “Interes handiko gaiei buruz EAJk duen jarrera estaltzeko” modua izan da, Ibaibarriagaren irudiko.
Mespretxua eta plan ezkutua
Bilduk salatu du udal gobernuak “ageriko mespretxuz” jokatzen duela oposizioarekin. Halaber, Ibaibarriagak adierazi du oraindik ez dakitela zein den Azkunaren gobernuak “agintaldi honetarako daukan plana”. “Lehenengo momentutik, Azkunak bere etxea balitz bezala gobernatu du Bilbo”. Koalizioaren ordezkariaren arabera, alkatetzak hiria kudeatzeko duen moduaren barnean “ez du lekurik Azkunak bezala pentsatzen ez duen inork, ezta bestelako hiri eredua nahi duten eta horren alde aritzen direnek ere”. Urte erdi honetan Bilbon jazotako hiru gertakari dira, haren ustez, udal gobernuaren jarrera horren isla nagusiak.
Alde batetik, Errekaldeko Kukutza gaztetxea hustearen inguruan irailean alkateak izandako jokaera dago. “Bertan, Azkunak bultzatutako bortizkeriaren indarra gailendu zitzaion arrazoiaren indarrari; instituzioek baztertuta daukaten auzo baten ilusioari, hain zuzen”. Bestetik, Basurtun irekiko zen meskitari baimena ukatzea aipatu du Ibaibarriagak. “Ordenari buruzko iritziaz baliatuta eta PPren babesarekin, Azkunak iragarri zuen berarena bezalako sinismen erlijiosoa ez duenak eskubide gutxiago izango zituela. Meskita baimenik gabe gelditu zen, non eta eliza katolikoz beterik dagoen hiri honetan”. Azkenik, alkateak igandean ireki zuten dendei emandako babesa kritikatu du: “Ez du galdu aukerarik euren irabaziak soilik lehenesten dituztenak babesteko”.
Hortaz, Bildurentzat “argi gelditu da” zein den Azkunak proposatzen duen hiri eredua: “Eskumakoa, autoritarioa eta parte hartzeari itxia”. Ibaibarriagak esan duenez, Bilduk “aurre egingo dio” hiri eredu horri, “beste Bilbo bat lehenesten duten” eragileekin batera lan eginez.