Bizkaiko 3.000 baso jabe inguruk osatzen dute Bizkaiko Basogintza Elkartea, eta Basogintzako jarduera egokien liburuxka plazaratu berri dute. Koadernoaren xede nagusia basoen kudeaketa iraunkor eta hobea sustatzea da. Euskaraz zein gaztelaniaz argitaratu dute liburuxka, 24 orrialdekoa, eta elkartea dagoeneko hasi da kideen artean posta bidezko banaketa egiten. Elkarteko kideez gain, Bizkaiko beste baso jabeek zein baso kudeatzaileek ere jasoko dute argitalpena.
Koadernoa 2010. eta 2011. urteetako Baso sentsibilizazioa proiektuaren emaitza da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren laguntza jaso du. Ingurune naturalen dibulgazioa lantzea, sentsibilizazio jarduerak garatzea eta baso materialekin lotura duten jarduerak gauzatzea du helburu proiektuak.
Basoko lanerako aholkuak
Basogintzan ohikoenak diren zereginei buruzko jarraibideak eman dituzte liburuxkan. Basoaren ekoizpen ziklo osoan egiten diren zereginak azaldu dituzte, kontzientziazioan eta prebentzioan aurrera egiteko aholkuak emanez. Landatze lanetatik hasi, eta ingurumena eta ondare elementuak babesteko gomendioak bildu dituzte koadernoan, garbiketa, inausketa, entresaka, mozketa eta mendi bideen mantentze lanetarako jarraibideekin batera.
“Iraunkortasunaren kontzeptua basoen kudeaketari eta erabilerari dagokie, basoek beren bioaniztasuna, ekoizpena, leheneratze ahalmena, bizitasuna eta funtzio ekologiko eta soziala asetzeko gaitasuna izan dezaten”, aditzera eman du Bizkaiko Basogintza Elkarteak.