Norberaren kakak

Igor Elordui Etxebarria

Gustatzen zait, eta badagokionean kontatzen dut (zoritxarrez, askotan) nire aitaren anekdota bat. Nire osaba bati eman zion erantzuna, hain zuzen ere. Familiako bazkari eterno horietako batean, duela, jada, urte asko, harrokeriatan zebilen osaba handiustekoari esan zion gangarra jaisteko, hura ere, bera bezala, makina bat bider kortan txiza eta kaka egindakoa zela eta.

Eta metafora ederra iruditzen zait ohartzeko Mendebaldeko gizarte zibilizatuaren eta Hegoaldearen arteko desberdintasunaz, jabetzeko sasoi bateko gizartearen eta gaur egungoaren arteko aldeaz eta, baita gaur egun ere, konturatzeko klase sozialen arteko desberdintasunaz. Jabe gaitezen denetariko komunak daudela, baita ipurtzuloa garbitzeko ura botatzen duten txorrota dutenak ere, eta horri buruz pentsatzen jarrita, txiza eta kaka egiteko hain leku eta gauza sofistikatuen beharra daukan gizartea ezin da oso sanoa izan. Hori bai, gauzak diren bezala: denok hartzen dugu atsegin hain betebehar pertsonalean; pentsa, bakartoki ere esaten zaio —geltokietako komunei horrela deitzea bekatu litzateke, ordea—.

Edozelan, zera esan dezakegu: lekuak leku eta sofistikazioak sofistikazio, denok egiten dugula berdin (edo antzeko), eta, heriotzak bezala, kaka eta txiza egiteak egiten gaituela gu guztiok, hain zuzen ere, berdindu. Baina ez hori bakarrik: komun, irola, txizatoki eta abarretan izaten dugun portaerak erakusten du ondoen bakoitzaren jitea zein den. Finean, bi motatako pertsonak daudela diot: papera amaitzen denean berria jartzen dutenak (edo, abisua, bederen, ematen dutenak), eta hor konpon egiten dutenak; alegia, beranaren ostean hor paratuko den ipurdiaren jabearen estutasunak bost axola diona. Nago, gainera, komun-ontzia txiza-zipriztinez blaitzea berdin dien familiakoak direla; eskuila esku-eskura izan arren komuneko horman —komunontziaren barrukoan, esan nahi baita—, arrastoa uzteaz harro diruditen horietakoak. Bestelako jarduera ez hain prosaikoetan ere nabari dakieke halakoei utzikeria, narraskeria eta norberekeria. Esaterako, fotokopiagailuko papera azken kopiarekin amaitu arren gehiago sartzen ez dutenean edota, gailu beraren aurrean, tonerra agortzen ari dela ohartuta, berritzen ez dutenean. Edota kalean: erraz igar diezaiekezu nolakotasuna, adibidez, autoa aparkatzeko moduagatik, sarri hartzen baitute auto biren lekua. Edo, beste adibide bat ematearren: espezie horretakoek ez dute erreparorik izaten terraza bateko mahai gainean uzteko hartu dituzten kafeen kikarak, erabili dituzten paperezko musuzapiak, jan dituzten pipen azalak… Dena mordoilo antojagarri bat eginda.

Amaitzeko, ohar bat: kontuz, betidanik existitu den arren, aspaldian asko ugaritu den (eta zuhurragoa den) subespezie garatuago bateko indibiduoekin: lanean, auzo-elkartean, kuadrillan edo dena delakoan, kaka-mokordoa bertan utzita, ipurdi bistan eta lanez gainezka utz zaitzaketen horiekin.