Euriak blaitutako doinuak

Euriak blaitutako doinuak

Gotzon Hermosilla

Argitaratu zenean, 2008. urtean, liburua Bilbo inguruko rockaren historia ulertzeko ezinbesteko tresna bilakatu zen. Lluvia, hierro y rock-and-roll. Historia del rock en el Gran Bilbao 1958-2008 (Euria, burdina eta rock-and-rolla. Bilbo Handiko rockaren historia 1958-2008) zuen izenburu, eta 460 orrialdetan xehe eta sakon kontatzen zituen Bizkaiko hiriburuan rockaren inguruan 50 urtean gertaturikoak.

Orain, hamar urte geroago, liburuaren edizio berria plazaratu dute. Azken emaitza ikusita, baina, askok pentsatuko dute beste liburu bat dela orain argitaratutakoa: diseinua erabat aldatu da, azala ere desberdina da, neurriz handiagoa da, ehun bat orrialde gehiago ditu eta abar. Itxuraz ez ezik, mamiz ere aldatuta dator edizio berria: aurreko testua zuzendu eta osatzeaz gain, dozena bat elkarrizketa berri sartu ditu Alvaro Heras Groh egileak (Bilbo, 1972), hamarkada honetan gertaturiko aldaketei neurria hartzeko asmoz.

2008ko amaieran agertu zen liburuaren lehenengo edizioa, eta hiru hilabetean saldu ziren merkaturatutako ale guztiak: mila, orotara. Bigarren edizioak denbora gehiago behar izan zuen osorik saltzeko, baina hura ere azkar amaitu zen: “Jende askok eta liburu denda ugarik galdetzen zidaten liburuaz”, esan du Herasek, “eta guztiei gauza bera esaten nien, alerik ez zegoela. Horregatik, hamargarren urteurrena hurreratzen ari zela ikusita, berriro argitaratzeko aukera aztertzen hasi nintzen. Baina beste urrats bat egin nahi nuen, edukien aldetik zein itxurari dagokionez”. Alde grafikoan, esaterako, 400 argazki inguru zituen jatorrizko liburuak; oraingo edizioak, berriz, 600 baino gehiago ditu.

Rockaren bilakaera

Gauzak asko aldatu dira Los Optimistas Bilboko taldeak 1959an The Champsen Tequila kantuaren bertsioa grabatu zuenetik. Orduan, rock musikak zailtasun handiak zituen Bilboko kale, irrati eta aretoetara iristeko. 1970eko hamarkadaren amaierara arte, rocka gazte gutxi batzuen kontua izan zen, baina gauzak erabat aldatu ziren hurrengo hamarkadan, pop eta rock doinuak belaunaldi oso baten aisialdi eta kultur adierazpen nagusi bilakatu zirenean. Geroztik, interes hori hainbat esparrutara hedatu da, gorabeherak gorabehera.

Aldaketa horien berri eman du Herasek bere liburuan: “Bilbo erreferentziazko plaza bilakatu da nazioarteko kontzertuen zirkuituan, taberna eta areto txikietako kontzertuetatik udako jaialdi erraldoietara. Enpresa ugari agertu dira, profesionalizazioa 80ko eta 90eko hamarkadetan pentsaezina zen maila batera eraman dutenak. Kontzertu kopuruak goraka jarraitu du, badago areto txikien zirkuitu egonkor bat, eta, horrekin batera, jaialdi eta emanaldi sortak ere ugaritu dira”.

Garai batean, rock kultura bazterreko zerbaiten gisan ikusten zuten gizartearen arlo askotatik. Pertzepzio horretan izandako aldaketak, begien bistako ondorioak izan ditu: “Horrek piztu du enpresa pribatu eta erakunde publiko askoren arreta. Adibidez, Bilboko Udalak eta diputazioak txipa aldatu dute 80etako urteetatik: orduan, sektore askok oraindik ere arriskutsu eta bazterrekotzat jotzen zuten rocka”.

Orain, aldiz, musika emanaldiak babestea “gazteengana iristeko modu gisa” hartzen dute enpresa askok, eta instituzioek ere “aktibo soziokulturaltzat hartzen dituzte rock emanaldiak, edo emanaldi jendetsuenak behintzat, eta ekonomia sustatzeko arloetatik bultzatzen dituzte, egindako inbertsioa berreskuratu nahian”.

BBK Live jaialdiaren “gorakada ikusgarria” da Herasek dioenaren adibiderik behinena, “baina ezin dugu ahaztu BBK Music Legends zikloa agertu izana, edo hain ezagunak ez diren bestelako jaialdi, lehiaketa eta kontzertu sortak ere, normalean Bilbo Handiko udalen babesa izan dutenak”.

Esan al daiteke rockaren instituzionalizazio horrek ekarri duela rock-and-rollak garai batean izan zuen freskotasun eta espiritu matxinoa galtzea? Non gelditzen da rockak zeukan gaitasuna eskemak apurtu eta haize kontra joateko? Herasen ustez, egia da freskotasun hori, neurri batean, galdu egin dela. “Baina kontzertuen kopuru, aniztasun eta kalitateak eta agertzen ari diren bertoko taldeen mailak balantzea berdindu egiten dute”. Gainera, espiritu hori ez da guztiz desagertu: “Oraindik badago gaztetxeen zirkuitua, eta talde eta antolatzaile mordo bat, autogestiotik lan egiten dutenak bide ofizialetatik kanpo. Horrek ere gure eszena definitzen du, hiria ikusgarri egin duten jaialdi eta ekitaldi handietatik harago”.

Herasek dioenez, askoz osagai gehiago aztertu beharko lirateke Bilbon eta inguruko herrietan rockaren osasuna zertan den antzemateko: “Hitz egin genezake sareak izan duen eraginaz irratietan eta hedabide tradizionaletan, streaming plataformek tokiko disko dendei egindako kalteaz, diskoetxeen bilakaeraz eta beste hainbat gairen inguruan. Horretaz interesa duenari liburua eskuratzeko gomendatuko nioke”.

Aurkezpen festa

Gaur iluntzean Lluvia, hierro y rock-and-roll party izeneko festa egingo dute Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan hasita, liburua aurkezteko. Emanaldia Izar & Star kontzertu sortaren egitarauaren barruan dago.

Izar & Star sortako emanaldi guztietan, talde batek beste talde baten abestiak jotzen ditu, edo genero, garai edo gai jakin baten inguruko abestiak aukeratzen ditu horien bertsioak egiteko; horrekin, zikloan parte hartzen duten talde guztiek ohiz kanpoko emanaldi bat egiten dute, normalean egiten dituzten kontzertuetatik urrun.

Liburuaren aurkezpenerako ere molde horri eutsiko diote, eta gaur egungo zazpi musika taldek —Villapellejos, Señores, Rosebud, Campamento Rumano, Moonshakers, Cecilia Payne eta Unclose— Bilbo inguruko zenbait talde historikoren abestiak joko dituzte. Besteak beste, Eskorbuto, Primitivos, MCD, Lavabos Iturriaga, Zarama, Medanos de Singapur, Como Huele, Cancer Moon eta La Sectarenak.

“Asmoa da liburua kaleratu dela ospatzea”, esan du Herasek, “baina, aldi berean, Bilbo inguruko rockaren ospakizun bat izatea nahi genuke, haren historiarena, eta, jakina, protagonista izan diren guztiena: taldeak, kazetariak, kontzertuen antolatzaileak, fanzineen egileak, aretoak eta zaleak. Zerbait gogoangarria izatea espero dugu”.