“Guztira hirurogei gaixori eman diegu laguntza 2018an”

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Bakardadea gizartean gogor eragiten duen arazo bat da. Hurbileko norbait, familiakoa edo adiskidea, une zailetarako hor ez edukitzea oso arazo larria izan daiteke pertsona askorentzat. Are larriagoa, esaterako, ospitaleratuta eta bakarrik dauden horientzat. Arazo horri irtenbidea bilatu eta gaixoei laguntza eskaintzeko helburuagaz Maria Rosa Quintanak sortutako elkartea da Laguntzen.

Laguntzen proiektua nola sortu zen?

Lanetik erretiratu nintzenean, Bizkaiko Elikagai Bankuarekin lanean hasi nintzen. Bertan nengoela, ohartu nintzen ez zegoela elkarterik Bizkaian ospitaleratuta eta bakarrik dauden gaixoei laguntza emateko. Horrek harritu egin ninduen; izan ere, herritarren artean elkartasun handia dagoen toki batean bizi gara. Ezagutzen nituen halako lana egiten duten elkarte batzuk beste leku batzuetan; esaterako, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Andaluzian. Gurutzetako ospitalean lanean aritu naiz nire ibilbide profesional guztian, eta, beraz, bertako medikuekin harremanetan jarri nintzen. Hortik jaio zen elkartea.

Noiztik ari zarete lanean?

2015ean hasi ginen ideia lantzen. Urte bat pasatuta, Gurutzetako ospitalean hasi ginen lanean, eta, ia jarraian, San Eloy ospitalean eta Basurtuko Unibertsitate ospitalean ere sartu ginen. Boluntarioak batzen hasi ginen. Hasieran, lagunek eta ezagunek parte hartu zuten, baina ahoz aho zabaldu zen zer egiten genuen, eta, horrela, jende gehiagok izena eman zuen, laguntzeko prest. Joan den urtean, esaterako, 131 boluntario izan genituen, baina asko aldatzen da zenbakia. Bestalde, 2018ko azken hiru hilabeteetan ospitaleetatik jasotako laguntza eskaria asko jaitsi da. Ez dakigu zergatik izan den zehazki, baina agian erizain berri asko lanean hasten ari direlako da. Horietako askok ez dute gure elkartea ezagutzen, eta, beraz, ez digute laguntza eskatzen. Gure lanaren inguruko ezjakintasuna ez da 2016an zenaren modukoa, baina ospitaleetako langile askok ez dute egiten dugunaren berri. Dena den, guztira hirurogei gaixori eskaini diegu laguntza 2018 osoan.

Nola eskatu dezakete gaixoek zuen laguntza?

Normalena da ospitaleko solairuko gainbegirale batek edota erizain batek gure kontaktua ematea gaixoaren familiari, edo, seniderik eduki ezean, gu bertara joateko eskatzea. Hortik aurrera, gaixoa ezagutzera joaten gara, eta benetan gure laguntza nahi duen ikusten dugu. Askok erizainari baietza ematen dioten arren, ondoren iritziz aldatzen dute, eta ez dute gure laguntzarik nahi izaten. Denetarik dago.

Zer-nolako gaixoekin egoten zarete?

Gehienak seniderik ez duten eta epe luzerako ospitaleratuta dauden gaixoak dira. Beste askotan, gaixoek senideak dituzte, baina horiek ez daukate denborarik haiekin egoteko; goizez lan egin beharra dute, edota asteburuak izaten dituzte libre. Halakoetan, beraiek egon ezin diren uneetan gaixoari laguntzeko eskatzen digute.

Gaixoen adinari dagokionez, ume txikiekin edota pertsona helduekin egon gaitezke. Esaterako, familia beste hiri batean duten umeak zaintzen ditugu, edo bakarrik bizi diren gaixo adinekoak. Ez hori bakarrik; etorkinekin ere egiten dugu lan: beste herrialde batetik etorri eta bertan bakarrik bizi direnekin.

Zer egin behar da Laguntzen elkartearekin boluntario aritzeko? Boluntario berriek formakuntzarik jasotzen dute?

Gurekin harremanetan jartzea nahikoa da. www.hacesfalta. org webgunean ere izena emateko aukera dago, gainera. 18 urtetik 90 urtera arteko pertsonek parte hartu ahal dute elkartean. Formakuntzari dagokionez, urtean hiru saio izaten ditugu, proiektuari buruzko azalpenak emateko. Noizean behin aditu batekin batzen gara formakuntza jasotzeko, esparru bakoitzeko gaixoei buruz gehiago jakiteko. Izan ere, gu gaixoen ondoan bakarrik egon gaitezke: ezin gara izan ospitaleko langileen ordezkoak. Hitz egin, egunkaria irakurri eta horrelakoak egiten ditugu soilik.

Adin guztietako pertsonak dituzue elkartean, beraz?

Bai. Boluntario zaharrenak 84 urte ditu, eta lan mordoa egiten du. Gainontzean, denetarik dugu, gazteak zein nagusiak, lanean ari direnak edota erretiratuta daudenak. Emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino, baina denetarik dago gure artean.

Zer-nolako harremanak sortzen dira boluntarioen eta gaixoen artean?

Askotan kontu handiz ibili beharra dago harreman estuekin. Horrelako kasuak izan ditugu, eta txarto bukatu dute. Oro har, ospitalean bertan harreman ona izan arren, gaixoa handik irteten denean ez dugu harreman gehiago izaten. Baina normalena adiskidetasuna sortzea da, eta behin baino gehiagotan ospitaleratzen diren gaixoek berriz ere boluntario berberarekin egotea eskatzen dute.

Kasu bereziren bat duzu gogoan?

Pakistango gaixo bat. Hona oso gazte etorri zen, baina tuberkulosiarengatik paraplegiko geratu zen. Boluntariook oso harreman berezia izan genuen harekin. Ahaztu ezin dituzun horietako bat da. Dituen arazoak izan arren, inoiz ez du etsi; beti aurrera egiteko ahaleginak egin ditu. Halakoekin egoteak boluntario moduan lanean jarraitzeko indarra ematen dizu.