Burtzeñarako proiektuak badu oniritzia, baina zalantza artean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Izan duten iragan industrialagatik kutsatuta dauden lurrak garbitu eta lehengoratzea. Urteetan eta urteetan ahaztuta egon diren lurrak herritarren eskura jartzea. Erabat utzita egon den inguru bat biziberritzea. Parkeak eta berdeguneak egitea; kirolerako eremuak, herritarrentzako espazioak eta dendak. Trenbide zati bat lurperatzea. Ametsa dirudi Barakaldoko gunerik utzienetako batentzat, Burtzeña auzoko Calero inguruarentzat. Baina halaxe egingo dutela agindu diete. Udalak agindu ere. Hainbat saiakeraren ondoren, udal gobernu jeltzaleak lortua du plana abian jartzeko behar zuen babesa. PSE-EEk, orain arteko kritika eta salaketak alboratu, eta baiezkoa eman dio. Egitasmoa gauzatu ahal izateko lehen oztopoa gainditu du horrela: Hiri antolamendurako plan orokorra moldatzea onartu du Barakaldoko Udalak, EAJren eta PSEren aldeko botoekin. Ondorioz, bertan eraiki ahal izango du enpresak. Egitasmoak ilungune asko ditu, ordea.

Eraikuntza enpresa batek egin du Caleroko proiektua: Etxegunzagak, Barakaldon bertan beste hirigintza proiektu bategatik salatua izan zen enpresak. Proiektuak 550 etxebizitza eraikitzea du oinarri; ez dago argi zer gertatuko den eraitsiko dituzten etxebizitzetako bizilagunekin, eta babestutako bi etxe botatzea ere aurreikusi dute. Kutsatuak daude etxeak eraiki nahi dituzten lurrak, eta gainera, uholde arriskua dute.

Oposizioko alderdiek gogor egin dute egitasmoaren aurka. Orain arte, guztiek. Baita talde ekologistek ere. Barakaldoko Hirigintza Aholkularitza Kontseiluak birritan bota du atzera proiektua.

Aurreko astean PSE-EEk ustekabean jarrera aldatu eta hiri antolamendurako plan orokorra moldatzeari baiezkoa eman ondoren ere, oposizioko gainontzeko alderdiek abisua plazaratu dute. “Gertutik begiratuko diogu ematen den pauso bakoitzari, eta auzitara ere joko dugu, beharrezkoa bada”, ohartarazi du Irabazik, gogor.

Oposizioko alderdiak ez dira fio. Uste dute EAJ ez dela garbi ari, eta proiektuak lege arazoak izan ditzakeela. Egitasmoa gauzatuko den zalantza handiak dituzte. Ohartarazi dute udal arkitektoak berak egitasmoaren “arriskuez” hitz egin duela; bideragarria ote den “nahikoa zalantza” dituela esan duela. EAJk ukatu egin du hori, baina, PPren, EH Bilduren eta Irabaziren hitzetan, udal arkitektoak “hiru aldiz” agertu zituen “zalantzak bideragarritasunaren inguruan” egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko bilera batean.

Pribatua da egitasmoa, eta etxebizitza pribatuak egiteko. Horrek oposizioaren aurkako jarrera eragin du. Izan ere, alderdi guztiek Calero biziberritzea ezinbestekotzat duten arren, EH Bildu, Irabazi eta PPren ustez, publikoa izan behar luke berritze horrek. “Instituzioen eginbeharra da”. EAJren arabera, ordea, “ezinezkoa” da udalak heltzea halako proiektu handiari. Garestiegia da. Azterketa bat ere egin du baieztapena arrazoitzeko, eta ondorioa plazaratu du: “Burtzeñaren eraldaketa udalak egingo balu, 55,3 milioi euro inbertitu behar lituzke, eta horrek esan nahi luke ezingo litzatekeela gainontzeko auzoetan eta zerbitzuetan inbertitu datozen 15 urteetan”.

Amaia del Campo alkateak behin eta berriro esan du enpresa pribatuaren plana onartzea dela ingurua eraldatzeko modu bakarra. Eta hartarako baimena emateko aldatu du hiri antolamendurako plan orokorra. Egitasmoa gauzatzeko lehen aurreikusi baino erraztasun gehiago eman dizkio aldaketarekin. Proposamenak 350 etxebizitza egitea aurreikusten zuen. Eraikuntza baimena %40 handitu, eta 550 egin ahalko dira orain. Babes ofizialekoak izango diren etxeen kopurua gutxitu egin da, eta lurzoruaren %20 txukundu eta atontzea udalaren esku geratuko da.

Barakaldo Naturala plataformak “iruzurra” ikusten du horretan guztian. Arriskuak ere bai: horrenbeste etxebizitza saltzea zaila dela dio. Azaldu du Sefanitroko industria lurrak zirenetan eta Lutxanako Plastificantes lantegiarenetan ere antzeko proposamen pribatuak onartu zirela, eta, aurreikusitako etxebizitza kopurua saldu ez zenez, iragarritako proiektuak ez direla gauzatu.

Baina hori gertatuko balitz ere, proiektua sustatu duen enpresak helburu bat behintzat betea lukeela dio talde ekologistak: industrialak ziren lurrak urbanizagarri bihurtuta, haien balioa %200 handiagoa izango dela. Eta, hain zuzen, enpresa da eraldatzeko lursailaren %65en jabea.