Elikagai Bankuak urteko bilketa nagusia egingo du asteburuan

Peru Azpillaga Diez

Gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden 28.000 pertsona baino gehiago hornitzen ditu Bizkaiko Elikagai Bankuak. Pertsona horiei guztiei lagundu ahal izateko, guztira, lau milioi kilo inguru janari biltzen ditu urtean. Bilketa hori aurrera eramateko, gorriz markatutako data bat du Elikagai Bankuak: urtero antolatzen duten bilketa nagusia. Bertan, 5.500 boluntarioren parte hartzeari esker, hamabi hilabetez banatzen dituzten elikagaien %25 jaso ohi dituzte, hots, milioi bat kilo janari. Hain zuzen ere, gaur eta bihar artean egingo da bilketa nagusia. Boluntarioek, hiru orduko txanden bidez, mota guztietako elikagaiak jasoko dituzte, eta pertsona orok izango du laguntzeko aukera, Bizkai osoko 300 denda eta komertzioren esku hartzeari esker.

“Kanpainak balio kuantitatibo ikaragarria du”, baieztatu du Miguel Angel Fernandino Bizkaiko Elikagai Bankuko presidenteak. Oinarrizkoak diren hainbat elikagai jasotzen dituzte bi egun hauetan zehar, hala nola, olioa, kontserbak edota azukrea. “Guretzat balio handiko produktuak dira, aurrez kozinatutako lekaleak bezala”, erantsi du.

Gogoratu duenez, aurtengo ekitaldian ere produktuak emateko bi era izango dira. Alde batetik, “betiko” era tradizionala: “Elikagaiak erosi, eta egitasmoan parte hartzen duten komertzioetan bertan uzten dira”, azaldu du Fernandinok. Eta, bestetik, aurreko bilketan jada martxan jarri zuten bonu bidezko sistema ere izango da, Eroski eta BM supermerkatuetan soilik erabili daitekeena. Horren bidez, lagundu nahi dutenek gordailu bat utziko dute supermerkatu kate horietakoren batean, eta, ondoren, Elikagai Bankuak diru kantitate hori erabili ahalko du produktuak erosteko. “Sistema horrek malgutasun handiagoa ematen digu, momentuan beharrezkoak diren elikagaiak erosteko aukera dugulako horrela”, azaldu du Fernandinok.

Esnea erabili du adibide modura: “Zuzenean ematen badigute, litro asko pilatu ditzakegu, eta ondoren azkar banatu behar ditugu iraungi ez daitezen; horrek mirari logistikoak egitera behartzen gaitu”. Sistema berriari esker, ordea, “hobeto” antolatu daitezkeela nabarmendu du Fernandinok, “iraungitze datari begira egon gabe”. Horrez gain, sistema horren bidez ez dago garraio eta biltegiratze prozesuen beharrik, eta, beraz, zerbitzua ere “zuzenagoa” da. Besteak beste, sistema horri esker lortu zituzten joan den urtean egindako bilketa nagusiaren bi heren. Horrekin batera, gogora ekarri du Elikagai Bankuaren helburua beti izan dela janaria jasotzea, eta ez dirua: “Bonuen bidez utzitako diru kantitatea ez dugu ukitu ere egiten”. Alde horretatik, argi utzi du bonuak ez direla dirua lortzeko “aitzakia bat”, elikagaiak “hobeto” kudeatzeko era bat baizik: “Dilistek eta garbantzuek berdin balio digute oraindik”.

Banaketa gune berria

Iñigo Pombo Bilboko Gizarte Ekintzarako zinegotziak azpimarratu du “oso pozik” daudela Santutxun orain dela zenbait aste ireki den banaketa gune berriarekin. Gune horrek “duinago” bihurtu du banaketa, ilarak saihestuz. Mila familia inguru hornitzen ditu —2.400 eta 3.000 pertsona bitartean—, eta supermerkatu formatua du. Gunearen arrakasta ikusita, hurrengoa non irekiko duten pentsatzen ari direla jakinarazi du Pombok: “Hiriko beste auzoren batean”.