Biokulturaren elkargunea

Biokulturaren elkargunea

Aitziber Laskibar Lizarribar

Elikadura biologikoak hartuko du leku gehien; 14.000 bat produkturekin, eskaintzaren erdia beteko du. Kosmetika eta higiene ekonaturalak ere presentzia handia izango du. Etxe osasuntsuari lotutako proiektu eta produktuak ere izango dira, terapia osagarriarekin lotutakoak, moda jasangarriari dagozkionak eta ekofoodtruck-ak. Baina dena ez da izango erosi edo ikusteari begirakoa. Ekintzak ere leku handia izango du; elkar ekintzak. Tailerrak, hitzaldiak, solasaldiak, mahai inguruak, show-cooking-ak ere izango dira. Eta kontzertuak. Eta haurrentzako jolasak, kontalariak eta tailerrak. BioCultura azoka da. Gaur eguerdian ireki, eta igande iluntzera arte zabalik izango dutena. Produktu ekologikoarekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako 150 jarduera inguru batuko dituena.

Bi urtean behin BECen egiten den azoka handia da BioCultura. Bosgarren edizioa du aurtengoa, eta, produktu ekologikoen kontsumoa urtetik urtera handitzen ari den bezala, azokako bisitari kopurua ere handitzen ari da. “Bada denboraldi luze bat BioCulturak biokontsumitzaile kontzientziatuenen azoka esklusiboa izateari utzi ziola”, azaldu dute antolatzaileek. “Azokara datorren publikoaren sorta gero eta zabalagoa, askotarikoagoa eta zeharkakoagoa da”. 18.000 bat bisitari espero dituzte aurten.

Azoka bera ere zabaltzen ari da urte batetik bestera, kopuruari eta jardun motei dagokionez. 250 erakusketari inguru izango dira asteburuan euren produktuak erakusten, eta, horrez gain, 150 ekintza egingo dituzte, hainbat alorretan banatuta.

Haurrei begira, esate baterako, familia giroan egiteko jarduera hezitzaileak egingo dituzte Mama Terra eremuan. Tailer eta jolasen bidez, haurrak biobalioetan ohitzea du helburu guneak. Hala, berrerabilpenerako tailerrak eta ekosukaldaritzakoa izango dira, adibidez. Turukutupa konpainiaren laguntzarekin, zaborretik berreskuratutako materialekin instrumentuak egin eta musika sortzeko aukera izango dute haurrek. Antzerki eta ipuin kontalarien bidez, plastikoek itsasoan duten eraginaz eta elikadura ohituren garrantziaz hausnartzera eramango dituzte umeak. Igandean, familian egiteko yoga saioa izango da. Azken urteetan, Mama Terra gunean arrakastarik handiena izan duen jarduera ere izango da berriro egunotan: ortu ekologikorako tailerra.

Jende gehien erakartzen duen jardueretako bat da showcooking-a, eta, aterpe horren pean, egunero izango dira aurkezpenak, dastatzeak, tailerrak eta errezetak. Azken urteetan indar hartzen ari diren hainbat dieta kontuan hartuta egingo dira ekitaldi parte-hartzaile eta solasaldi horiek: elikadura begetarianoa, beganoa, flexitarianoa, makrobiotikoa, mediterraneoa, eta abar.

Kosmetika ekologikoak ere leku handia izango du BioCultura azokan. Produktu gehien izango dituen alorretako bat da. Nabarmen hazten ari den kontsumoa da kosmetika ekologikoari lotutakoa, eta horri buruzko hitzaldi, tailer eta ikastaroak ere ugari izango dira: olioen laguntzarekin estresa arintzen ikastekoak eta azala berpizteko automasajeenak, besteak beste.

Moda jasangarrirako gunea ere prestatu dute. Hor, batetik, jantzi, oinetako, bitxi eta bestelako produktu ekologikoak ezagutu eta erosi ahal izango dira, eta bestetik, tailer eta hitzaldiak.

Kulturari helduta, kontzertuak izango dira hiru egunotan; egunero, 13:00etan eta 17:00etan. Batik bat zelta doinuak eta jazz musika izango dira oinarri emanaldi horietan. Highlanders arituko da gaur, Briganthya bihar, eta Edu Anderez Trio igandean.