Miraflores zubia oinez zeharkatu ahal izango da 2019tik aurrera

Miraflores zubia oinez zeharkatu ahal izango da 2019tik aurrera

Uxue Gutierrez Lorenzo

Oinezkoentzako bi bide berri izango ditu Bilbok datorren urtean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak adostutako planaren ondorioz. Santutxu, Miribilla eta Bolueta auzoak lotuko ditu lehenak. Horretarako, Miraflores zubian oinezkoentzako bidea egingo dute, eta ibilbidea lau zatitan banatua egongo da. Bigarrena, berriz, Artxanda mendiaren eraldaketaren parte da. Izan ere, errepide zaharrean 5,6 kilometroko pasealeku begiralekua eraikitzea da asmoa. Guztira, ildo beretik doazen lau proiektu iragarri dituzte. Beste bi eraldaketa planak Ibarrekolanda auzoko tunelean eta Zabalbide kaleko Uribarriko zatian izango dira.

Santutxu eta Miribilla batuko dituen bidea izango da eraldaketa planean lehena, eta irailean hasiko dira eraikuntza lanak. Lau zatitan banatuko da bidea, eta hiru ibilbide izango ditu: Santutxutik Miraflores zubira lehena; zubi azpitik igarota, Boluetaraino iritsiko da bigarrena; eta, zubiaren beste aldetik, Miribilla auzoan dagoen gasolindegiraino iritsiko da hirugarrena. Hiru auzoak eta bideak batzen dituen zubiaren pasabidea izango da ibilbidearen laugarren zatia. Azken hori da, hain zuzen ere, foru aldundiak kudeatuko duen bakarra. Horrela, orain arte ibilgailuentzat soilik irisgarria zen zubia oinezkoentzako pasealeku bilakatuko da. Mirafloresko eraikuntza plana aurtengo irailean hasi eta 2019an bukatzea aurreikusten da.

Bigarren bidea, berriz, 5,6 kilometro luzeko pasealeku begiratokia izango da, Artxanda mendia zeharkatuko duena. Hiru biribilguneren eraikuntzan oinarrituko da proiektua, Deustu eta Santo Domingo lotuz. Nogako, Truebako eta Santo Domingoko biribilguneak egingo dituzte egun bidegurutze bidez lotuta dauden eremuetan. Jende eta auto jario ugariko eremuak dira, eta gune horietako segurtasuna areagotu eta trafikoa arintzea da instituzioen asmoa. Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sustapen diputatuak adierazi duenez, bide berriak “ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza hobea ahalbidetuko du”. Era horretan, Asuako ibarra, Txorierri eta Abraren bokala ikusteko aukera egongo da, hiri osoko panoramikarekin batera.

Udalak eta aldundiak jakinarazi dutenez, hiri ibilbide “irisgarri eta seguruak” eraikitzea da proiektuaren asmoa, herritarren hainbat eskaera “historikori” erantzuna emanez. Guztira, 8,5 kilometro berri egongo dira oinezkoentzat irisgarri, eta inbertsioa, orotara, 6,5 milioi eurokoa izango da.

Ibarrekolanda eta Uribarri

Beste bi eraldaketa planek Bilborako bi sarbide nagusitan izango dute eragina. Alde batetik, oinezkoen pasabidea egingo dute Uribarri auzoan dagoen Zabalbide etorbidearen 106. eta 112. zenbakien arteko tartean. Asmoa da zenbaki bakoitien aldean espaloia eta kontrako aldean errepidea zabaltzea, ibilgailuentzako bi noranzkoak mantenduz. Azkenik, Ibarrekolandako Carmelo Bernaolako tunelerako sarbidea ere eraldatuko dute. Era horretan, tunelaren sarreretako baten eta hura inguratzen duten biribilgunearen eta errepide sarearen kudeaketa udalak hartuko du bere gain.