Sudur gorrien atzetik

Sudur gorrien atzetik

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gero eta gehiago errotzen ari dira clown jaialdiak Bizkaiko herrietan. Askatasuna irudikatzen dute clownek, nonbait, eta terapia pertsonal gisa jotzen dute askok horiek ikusi edota interpretatzera, nork bere barnean gordeta dituen alde guztiak inolako lotsarik gabe ateratzeko bide modura. Ezbairik gabe, pertsonaia bitxiak dira clownak, eta umorea, kritika soziala edota haserrea nahasteko gaitasuna dute; beti ere, hitzik egin gabe. Horixe dute xede nagusi: isiltasunetik ahalik eta sentimendu gehien adierazten saiatzen dira clownak. Bada, pertsonaia bitxi eta maitagarri hauek maite dituztenek badute non aukeratu, clown jaialdi bana jasoko baitute Bilbok eta Arrigorriagak asteburuan.

Atzo hasi zen Bilboko Zorrotza auzoko clown jaialdiaren IX. edizioa, Idoia Sanchez artistaren Ah ze komeria ikuskizunarekin, eta gaurtik igandera bitarte, arte eszenikoetan ospe nabaria duten lau konpainiak eskainiko dituzte ikuskizunak: Euskal Herriko Nogusano eta Shakti Olaizola konpainiak, Danimarkako Lotta & Stinak eta Argentinako Levelibular konpainiak.

Shakti Olaizola artista izango da gaur antzezten lehena. Kukutza gaztetxeko tailer batean hasi zen Olaizola gorputzaren mugak aztertzen, eta atalak ahalik eta gehien luzatzen dihardu ordutik.”Gomazkoa” bailitzan aritzen da sortzen dituen ikuskizunetan, kontortsioa eta umorea uztartuz. Hala egin du sortu berri duen Baldin bada lanarekin ere. Margolari bat irudikatuko du Olaizolak, eta Joseba Negro artistaren laguntza izango du piezan; musikariaren rola hartuko du Negrok. Pieza berria aurkeztuko du gaur Zorrotzan.

Trapezioak eta pintzelak

Margolari traketsa da Olaizola, baina baldarra bezain abila dela erakutsiko du piezan zehar: oinekin margotuko du, ezinezko diren orekak mantenduko ditu eta postura bitxietan abestu egingo du. Negro musikariaren laguntza izango du lan horretan bidailagun, hark jarriko baitie doinua Olaizolak egingo dituen akrobazia, dantza eta ezinezko diruditen bihurrikeria guztiei.

Ikuskizuna sortzeko ideia modu bitxian etorri zitzaiola azaldu zuen artistak joan den hilabetean Gaztezulo aldizkarian. “Duela pare bat urte, bertikal bat entseatzen ari nintzela, oinekin pintzel bat hartu eta marrazten saiatzen hasi nintzen. Marraztea txikitatik nire barnean egon den behar bat da, eta beraz, naturala iruditu zitzaidan bi diziplinak batzea”.

Nogusano konpainiak hartuko du Olaizolaren segida. Paolo Di Gianvicenzok eta Jon Zumelagak A pan y agua lana erakutsiko dute Bilboko emanaldian. 2011n sortu zuten clown taldea, eta orduztik “etengabeko komikotasun zentzugabean” ari dira taldekideak. Ibilbide horren beste adibideetako bat da osatu duten azken lana. “Umore absurduaren mugan” dagoen pieza dela diote egileek: apaiz baten eta herritar xume baten azalean jarriko dira bi-biak.

Larunbatean nazioarteko konpainiek hartuko dute txanda: Dinamarkako Lotta & Stinak Rola Bola izeneko ikuskizuna erakutsiko du Zorrotzan. Zirkuko bi artistak osatzen dute bikotea eta akrobazietan espezializatuta daude bi-biak; bereziki, tutu baten gainean jarritako oholaren gainean egindako ariketetan. Bruselako Zirkuko Arteen Goi mailako ikasketak bukatu eta mundu mailako hainbat jaialditan izan dira ordutik.

Argentinako Levelibular konpainiak Portamundos izeneko ikuskizuna eskainiko du ondoren. Hamazazpi urte dira Cristian Gutierrez eta Yesa Bearzi artistak clowngintzan hasi zirenetik, eta, orduztik, aireko akrobazietan espezializatutako ikuskizunak osatu dituzte. Halakoa da Portamundos lana ere: zirkua eta antzerkia nahasten dituen ikus-entzunezko pieza da, eta ikusleen parte hartzea bilatzen du etengabe.

Bertsoak eta Fant jaialdia

Bilboko Udalaren Kultura Barrutik egitasmoak bultzatutako topaketa da Zorrotzako Clown Jaialdia, baina ez da egitasmoak astebururako aurreikusita duen ekitaldi bakarra. Hain zuzen, bihar hasiko da udaberriko bertso saioen bira Santutxu auzoan, eta kantuan arituko dira eguerdian bertsolariak. Horrez gain, Fant zinema jaialdiari ere gaur emango diote hasiera. 24. aldia du Fantek eta gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia, Campos Eliseos antzokian, 20:00etan.

Euskal sortzaileen filmak proiektatuko dituzte 23:00etatik aurrera BBK aretoan. Orotara 11 film labur erakutsiko dituzte: Aprieta, pero raramente ahoga; Contact; Ejecutor; El Duelo; June; La Noche de las sombras; Pink milk; Revolution; Tür; Versus; eta Ziren.

Larunbatetik aurrera, sail ofizialean lehian arituko diren filmak eskainiko dituzte, Golem-Alhondigako zinema aretoetan. Guztira, nazioarteko hemezortzi film lehiatuko dira aurten jaialdiko sail ofizialean; inoiz baino gehiago. Datorren larunbatean egingo dute Fant zinema jaialdi bukaerako ekitaldia, eta bertan emango dituzte aurtengo edizioko irabazleen izenak.

Zinema, umorez bustitako arte eszenikoak eta bertsoak. Non aukeratu bada egunotan Bilbon.