Lurrarekiko lotura ez apurtzeko bidea

Lurrarekiko lotura ez apurtzeko bidea

Natalia Salazar Orbe

Proiektu handia eta integrala aurreikusi du Jangurie egitasmoak. Ikastetxeetako jantokietatik harago, heziketa, lurrarekiko lotura zein lehen sektorearen bultzada ekarriko duen proiektu gisa planteatu dute. Lehen sektoreak eskualdean duen egoera dela eta, ordea, oraingoz ezingo lioke aurre egin era horretako beharrizan bati. Nekazariak zein arrantzaleak barne hartzen dituen sektore horrek “sepia koloreko argazkia” iradokitzen dio Alex Zubia baserritarrari: “Antzinako zerbaitetan geratzen ari da nekazaritza. Gero eta gutxiago gaude, eta gero eta elikagai gehiago ekartzen da kanpotik. Egoera nahiko eskasa da”. Antzeko irakurketa egin du Amets Ladislao Bizkaigane elkarteko nekazariak ere: “Oso zaharkituta dago, eta erakundeek erabat utzita”. Egoera horri irtenbidea bilatzen lagun diezaiokeen aukera moduan ikusten dute Jangurie. Ez euren etorkizuna bermatuko duen aukera gisa, gizartearen etorkizuna salbatzeko modu bezala baizik.

Izan ere, gizartea galtzear da lurrarekiko, bertako produktu eta ekoizpenarekiko lotura. Ladislaok azaldu du: “Ume batek badaki zer den Levi Strauss, Zara, Audi bat edo Renault bat, baina ez daki patata aldaera asko daudenik. Ez daki urteko zein sasoitan dauden sagarrak”. Proiektu hori lagungarria izan daiteke umeek urteko sasoi bakoitzean zeintzuk elikagai dauden ikasteko. “Jantokian jaten dutenari esker hasiko lirateke jabetzen sasoi batean kalabaza dagoela, eta gero ez. Nahi gabe barneratuko lukete”.

Antzeko iritzia du Zubiak ere. “Kanpaina handiak egiten dira Gernikako indaba eta piperra zein labeldun hegaluzea bultzatzeko, baina hemengo jantoki kolektiboetan ez da era horretako ezer kontsumitzen. Eta etxeetan ere, zalantza daukat bertako zenbat produktu kontsumituko diren”.

Hala, biek ala biek lehen sektorea bultzatuko duten politika aktiboen beharra aldarrikatu dute. Zubiaren ustez, “baserritarren beharrizanaz kontzientzia hartu behar da”. Arrazoi asko daude horretarako: “Jatekoa lortzeko, paisaia zaintzeko zein bioaniztasuna bermatzeko, besteak beste. Beraz, politika aktibo bat behar da. Ez da nahikoa esatea hektarea batzuk lur jarriko dituztela baserritar berriak sortzeko. Ez, aztertu egin behar da zenbat baserritar behar edo sortu behar diren. 500 behar direla? Bada, goazen 500 sortzera. Baina ez dira eurak euren kabuz sortu behar; ez, gizarteak sortu behar ditu, bereziki, erakundeek”.

Izan ere, gaur egungo egoerarekin ezin izango liokete aurre egin Busturialdeko ikastetxe guztietako ikasleak elikatzeari. “Urteak daramatzagu aldarrikatzen jantoki kolektiboetan bertako jatekoa bermatu behar dela ahal den neurrian”. Horretarako, baina, plangintza bat behar dela azaldu du Zubiak.

Ladislaok beharrezko deritzo baserritarrei lurra bermatzeari. Eskualde osoko ikastetxeak barazkiz hornitzeko gaitasunik ez badute, abere okelari dagokionez, zailtasuna are handiagoa bilakatzen da. “Norbaitek baserritarra edo nekazaria izan nahi duenean, lurra eskuratzea izaten da lehenengo arazoa. Gaur egun ezin diezaioke aurre egin inbertsio horri. Eta laguntzarik ere ez dago batere”.

Iritzi dio aldundiaren lurren bankuen proiektuak ez duela asetzen gabezia hori. “Ez da erreala. Lekutan eskaintzen dituzte lurrok, eta lursail txikiak izan ohi dira”. Lurraldean dauden lurrei aterabidea eman beharko litzaiekeela uste du. “Hainbat lur daude. Ez dira publikoak soilik. Pribatuak ere badaude, eta inork ez ditu erabiltzen. Udalek irtenbideren bat bilatu beharko lukete. Hainbat korta ere utzita daude”. Oinarria zein den argi du. Proiektu handiak ekoizle berriak sortzeko prozesuaren eskutik gauzatu behar dira. “Hausnartu egin behar da zer egingo dugun ekoizle gehiago egoteko. Sortuko diren ekoizle horiek gero produktuak saldu beharko dituzte eta”.

Bertako herritarrek bertako herritarrei jaten emateko modua errazteko ekimena da Jangurie. Zubiak argi du: “Hori nahi dugu guk. Lehen sektoreko gehienok gure herritarrei jaten emateko egiten dugu lan. Ez gara ari pentsatzen kopuru handiak ekoitzi behar ditugula atzerrira inportatzeko. Beraz, proiektua aurrera ateratzeak gure helburuak betetzea esan nahiko luke. Alegia, guk egiten duguna berton geratzea eta, gainera, herritarrek era osasuntsuago batean jatea. Kasu honetan, gure umeek jateko osasuntsua izatea”.

Ume horiek izango ditu sektore horrek etorkizuneko kontsumitzaile, gainera. Ladislaoren ustez, lehen sektorearentzat Jangurie egitasmoa itzela da. “Izan ere, zuzenean sal dezakegu, eskualdean. Eta umeei salduko diegu, gainera. Beraz, heziketa ere egingo dugu”. Saltzaile eta erosleen artean sortuko den ereduari ere garrantzitsu deritzo: “Kontsumitzaile eta ekoizleen artean botererik gabeko harreman mota bat sortuko da. Prezioak adostu egingo ditugu. Beraz, eurentzat zein guretzat, denontzat da ona”.