Oroitzen ez den kartzela

Oroitzen ez den kartzela

Aitziber Laskibar Lizarribar

Etxe dotorea. Lur, belardi eta patio handiak zituena. Oruetarrena. Bilboko Santutxu auzoan oraindik etxe gutxi zeuden garaikoa. Klinika gisa ezagutzen dute Orue txaleta eraikina gogoratzen dutenek. Baina inor gutxik du gogoan kartzela. Bilbotarren eta santutxuarren oroimenetik galdua dago ehunka emakume giltzapean izan zituen etxea. Eta izan zen horren memoria berreskuratu nahi du Baskale taldeak. Kasik kasualitatez aurkitutako historiaren zati hori auzotarrek ezagutu dezaten ari da lanean. Bide horretan, jardunaldiak antolatu ditu hurrengo asteko asteazkenetik larunbatera.

Jakin-minak bultzatuta sartu zen buru-belarri Andrea Heuschmid Orue txaletari buruzko ikerketan. Jatorriz alemaniarra den eta duela dozena bat urtetik Bilbon bizi den emakume horrek beti sentitu du memoria historikoa berreskuratzeko premia. Ahaztuak 1936 taldearekin aritu izan da, Lau Haizetara Gogoan-ekin, eta, Baskale eusko-alemaniar elkarte soziokulturalarekin, Kondor Legioari buruzko azterketa egin zuen. Elkarte horretan, feminismo eta berdintasun batzordean dihardu. Bere lanetarako hainbat dokumentu arakatzen ari zela, zenbaitetan agertu zitzaizkion Bilboko Orue kartzelari buruzko aipamenak emakumeen testigantzetan. Horren berririk ez zuen lehenagotik, eta galdetzen hasi zen duela hiruzpalau urte. Baina erantzunik ez zuen jasotzen. Azkenean, Santutxu aldeko Berton herri aldizkariaren bidez egin zuen deialdia, eta jaso du erantzunik.

“Hortik aurrera, gauza politak agertu dira”, azaldu dio Hitza-ri Heuschmidek. 50. hamarkadatik Santutxun bizi den emakume baten deia jaso zuen lehenik. Iturribide igo, eskaileretan gora egin, eta hor ondoan zeuden “etxe berdeetan” bizi zen emakumea. Etxe aurrean zuen Orue txaleta, eta haurra zela egindako marrazkia zuen gordea. “Umetxo baten margolana da, baina ikusten da etxe handia erdian, oso baratze eta terreno handiak zituena… Hori izan da Orueri buruz ikusi dudan lehenengo irudi fisikoa”, azaltzen du Heuschmidek, ilusioz.

1937tik 1942 ingurura

Artxiboetan arakatu eta arakatu, eta txaleta Orue eta Olabarria senar-emazteek eraiki zutela jakin du ikerlariak. Durangotik etorritako familia karlista bat zela, hamahiru bat seme-alaba izan zituztela, eta 1930ean hiru seme eta hiru zerbitzari bizi zirela han, orduko erroldaren arabera. “Gero ez dakigu gerragatik ihes egin zuten edo, baina etxea hutsik geratu zen”. Ikerlarien ustez, Gipuzkoatik zetozen errefuxiatuak hartzeko erabili zen txaleta ondoren, segur aski. Eta, gero, faxistak Bilbon sartu zirenean, emakumeentzako kartzela bihurtu zen. 1937tik 1941. edo 1942. urtera arte izan zuen espetxe funtzioa; lauzpabost urtez. Ondoren izan zen Santa Marta inguruko klinika. Eta bota, 1968an bota zuten etxea.

1940ko abenduan, 476 andre zeuden Orue kartzelan, errondaren arabera. Horietaik hamahiru umeak ziren. Heuschmiden esanetan, baziren komunista edo sozialista izateagatik bertan zituztenak, baina zabalagoa zen multzoa: espedienteetan jasota dagoenaren arabera, “Erregimenaren aurka agertzeagatik zituzten han preso. Baziren Bilboko eta Bizkaiko emakumeak, baina gehienak kanpokoak ziren: Zaragozakoak, Extremadurakoak, Ciudad Realekoak…

Berton aldizkarian egindako deiari esker, ikerlariak aukera izan du senideren bat Orue kartzelan izan zuten bi emakume elkarrizketatzeko. Ama eta izeba izan zituen batek espetxean; izeba besteak. “Haiek kontatu didate Orue ez zela kartzela arrunta; espetxe izateko erabili zen etxe bat zen. Eta ez zuten ezer. Koltxoirik ere ez; etxetik eraman behar zuten, eta, bestela, lurrean lo egin”. Asko ziren koltxoia eramaterik ez zutenak. Janaririk ere ez zuten, eta gosea pasatzen zuten. Urik ere apenas zuten; oso murriztua zuten. “Ama atxilotu zutenean 4 urte zituen emakume batekin egon naiz. Behin egon zen kartzela barruan, eta irudi bat dauka iltzatuta: emakume asko gela batean, lurrean, denak batera”.

Orue izan zenari buruz ideia bat egiteko aukera eman dio kontakizunak Heuschmidi. Eta horren berri eman nahi die orain auzotarrei. Hitzaldi, emanaldi eta bisita gidatuak egingo dituzte hartarako datozen egunetan. Baina zuku gehiago ere atera nahi die jardunaldiei. Orueri buruzko informaziorik, dokumenturik edo argazkirik duenari bertaratu eta elkartearekin partekatzeko eskatu die ikerlariak.