Mobilizazioez haragoko eguna

Mobilizazioez haragoko eguna

A. L. A.

Bizkaiko herri gehienetan, guztietan ez bada, ekitaldi bat edo beste eskainiko diote Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari. Udalek zein tokian tokiko mugimendu feministek programa bereziak osatu dituzte, eta, norabide horretan, protestak egingo dituzte bihar eguerdian. Akaso, Sestaokoak hartuko du kutsurik bereziena; izan ere, Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeetako emakumeen elkarteek bat eginda, 18. emakumeen martxa egingo dute bihar. 11:00etan, manifestazio bat abiatuko da Barakaldotik, eta beste bat Santurtzitik, Askeak izan nahi dugu, ez ausartak goiburupean; eta Sestaon bukatuko dute ibilaldia. Joan den irailean erail zuten Noelia Noemi sestaoarrari omenaldia egingo diote bertan.

Enkarterriko eta Meatzaldeko hamasei emakume taldek egin dute Sestaon bukatuko den 18. Emakumeen Martxan parte hartzeko deia. Edonola ere, argi azaldu dute indarkeria matxista desagerrarazteko, unean uneko mobilizazioez harago, beharrezkoa dela hiru lan esparrutan aurrerapausoak egitea. “Prebentzioan lan egitea beharrezkoa da, bai hezkuntzaren esparruan, eta baita hedabide eta lan eremuetan ere. Bestetik, aldaketa bat egin dadin nahitaezkoa da emakumeen ahalduntzean aurrerapausoak egitea. Azkenik, beharrezkoa da gizartean kultura feminista bultzatzea, gaur egun bizi garen eredu patriarkalaren aurrean jarrera kritikoa eduki dezagun”.

Goizean egingo diren mobilizazioez gain, arratsalderako ere protestak antolatu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak, Zure egia gurea eginez mezua lau haizeetara zabaltzeko. Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 18:30ean, eta Nafarroako Justizia Auzitegian epaitzen ari diren sexu-indarkeria kasua hartu dute ardatz protesta egiteko. “Gure hitza zalantzan jartzen duten detektibeen dosierren gainetik, justizia egiten ez duten epaitegien gainetik, gure bizipenak ukatzen dituen jendartearen kontakizunaren gainetik, hainbat komunikabideren morboaren eta egiturazkoa den biolentzia matxistaren desitxuraketaren gainetik… Zure egia gure egiten dugu, elkar aitortu eta elkarri sinisten diogu”. Bizkaiko hiriburuan ez ezik, Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Baionan egingo dituzte mobilizazioak.

Autodefentsa feminista

Manifestazioez haragoko jarduerak antolatu dituzte Bizkaiko hainbat herritan. Aipatzekoa da Bertha Gaztelumendik zuzendutako Volar dokumentalaren proiekzioak izan duen zabalpena. Indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren lekukotzekin sortu du lana Gaztelumendik, eta pelikularen DVDa doan eskaintzen dute Emakunderen webgunean; horrez gain, filmean parte hartutako andreen parte hartzea ere eska daiteke. Bada, azaroaren 25aren harira antolatutako hainbat programetan eskaini dute filmaren proiekzioa; besteak beste, Elorrion, Urduñan, Mungian, Galdakaon eta Leioan. Datozen egunetan ere hainbat tokitan izango da ikusgai: Igorren, adibidez, bihar egingo dute emanaldia, eta asteazkenean, Abadiñon. Hilaren 30ean Durangon eskainiko dute, eta abenduaren 1ean, berriz, Zallan.

Volar dokumentalaren emanaldiez gain, bada hainbat herritan errepikatuko den beste jarduera bat: autodefentsa feministarako tailerra. Mugimendu feministarentzat, autodefentsa feminista da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta ahalduntzeko tresna eraginkorrenetako bat. Hala adierazi dute azken urteetan. Durangoko Andragunean, Zallan, Zornotzan, Arrankudiaga Zollon eta Igorren egingo dituzte tailerrak, besteak beste.

Penfold artistaren komikia

Herriz herri antolatu diren jarduerez gain, ekinbide propioa garatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Azken hamarkadan lurraldean jazo diren emakumeen kontrako indarkeria kasuak bildu, eta mapa batean kokatu ditu denak. Sarean izango da eskuragarri. Baina ez du indarkeria osotasunean jasoko mapa horrek, erailketak besterik ez baitu kokatuko. Teresa Laespada diputatuak azaldu duenez, genero indarkeriaren kasu guztiak biltzeko saiakera egin badute ere, ezinezkoa izan zaie guztiak mapan kokatzea, “kasu gehiegi” daudelako. Hortaz, azken hamarkadan Bizkaian eraildako 29 andrerekin osatuko dute mapa. Kasu bakoitzaren fitxa bat osatu dute, eta, gertatutakoa azaltzeaz gain, auto judizialak ere jarriko dituzte eskuragarri.

Bestalde, Kanadako Rosalind B. Penfold artistak sortutako Maitatu ondo komikia ere berriz argitaratuko du aldundiak. Bikotekide ohiak egin zizkion erasoak kontatu zituen Penfoldek 2006an argitaratu zuen komikian. Baina, agortuta zegoenez, azaroaren 25aren harira erabaki du diputazioak berriz ere argitara eramatea. Orotara 2.000 ale inguru banatuko dituztela iragarri du.

Eguneroko arazoa da emakumeen kontrako indarkeria, eta, nazioarteko egunak auzia lehen lerrora ekartzen badu ere, egunerokoan hartu behar dira gaitza konpontzeko neurriak.