Urdaibaiko saneamendu sarea ez dute bukatuko 2020ra arte

Urdaibaiko saneamendu sarea ez dute bukatuko 2020ra arte

Natalia Salazar Orbe

Uraren kalitatea ez da ona. Bizkaiko Foru Aldundiak ez bainatzeko gomendioa egiten du. Mezu hori entzun dute, behin eta berriz, udan, egunero, San Antonio hondartzako erabiltzaileek sorosleen bozgorailuetatik. Busturialdean, Urdaibai Biosferaren Erreserbaren bihotzean, gertatzen den errealitatea da. Babes gune horretako saneamendu sarea osatu gabe dago, eta, Gernikatik Mundakara arteko ur zikinak itsasadarrera isurtzen dira, zuzenean, araztu gabe. Egoera horrek berdin jarraituko du datozen urteetan ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak iragarritakoaren arabera, saneamendu sarea osatzeko lanak ez dituzte bukatuko 2020ra arte.

Sukarrietan egiten ari diren ponpaketa estazioa da sistema horren guztiaren muina. Hala definitu du oraintsu Iñaki Arriola sailburuak gune hori. Berau martxan jartzen dutenean, “ondo araztu gabeko hondakin urak isurtzea ekidingo du, non eta aparteko ingurumen balioa duen Urdaibaiko natura erreserban”. Hala adierazi du lanok bertatik bertara ezagutzeko Sukarrietara berriki egin duen bisitan.

Kezka isuriengatik

Ur hondakinen isuri nabarmen eta kezkagarriak ikusi dituzte, aurten, berriz ere, Mundakako Laidatxu hondartzako eta Ibarrangeluko Laida hondartzako erabiltzaileek ere, besteak beste. Ekosistema aberatsak zein paisaia erakargarriak zikindu dituzte isuriok. Zain Dezagun Urdaibai ekimenak behin baino gehiagotan salatu ditu kutsadura arazo larriak, uretan gorozkiak azaldu direlako.

Bestalde, Laidatxuko erabiltzaileen eta bertako bizilagunen kexak zabaldu dira sarean. Uztailean eta abuztuan bainurako uraren osasun kalifikazioa nahikoa izan dela ondorioztatu eta hala zabaldu dutelako agintariek. Aitzitik, iraila iritsita, alegia, udako sasoia bukatuta, hainbat neurketen arabera, hil horretan kalitatea ez delako izan nahikoa.

Egoera horiei aurre egiteko helburua du Sukarrietako ponpaketa estazioak; itsasora jaurtitzen diren urak araztuta isurtzea du eginbehar garrantzitsuena. Lurpean ari dira eraikitzen horretarako azpiegitura handia. Itsasadarreko ezker ertzeko —Gernika-Lumokoak barne— eta eskuin ertzeko zati bateko hondakin urak jaso eta Mundakako Lamiarango araztegira bidaliko ditu.

Zailtasun tekniko handiko lanak direla azaldu du Jaurlaritzak. Besteak beste, espazio gutxi dutelako, itsasadarraren ertzean eraiki behar delako, lurpean egiten ari direlako eta zati bat itsasoaren mailatik behera dagoelako.

Ponpaketa-estazioa sartzeko 160 metro koadroko espazio bat zabaldu behar izan dute Sukarrietako Marisma parkean, lur azpian. Bost metroko altuera eman diote. Egiturari eusteko porlanezko 300 zutabe iltzatu dituzte lurzoruan. Ostean, ponpaketa estazioa estaltzen duen porlanezko harlauza eraiki dute. Harlauza horren gainean berreskuratuko dute lanok egiteko suntsitu duten parkea.

Lur kopuru handiak atera behar izan dituzte estazioa kokatuko duten eremutik. Hamar metroko sakonera arte zulatu dute, eta 8.000 metro kubiko lur eta haitz erauzi dituzte.

Sukarrieta eta Lamiarango araztegirainoko lanen faserako 14,4 milioi euro erabiliko dituzte. Datorren urteko bigarren hiruhilekorako amaituko dute.

Beste zatia

Sukarrietara iritsi aurretik, ordea, kilometro batzuk egin behar dituzte ur zikinek. Horiek bideratzeko, URA Uraren Euskal Agentziak itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusia eraikitzeko lanak esleitu ditu. Gernika-Lumo eta Busturia artean egin beharreko lotura horrek 15 milioi eurotik gorako kostua izango du. Zehatz-mehatz, Gernikako ponpaketa estaziotik Busturiko ponpaketa estaziora arteko lanak gauzatuko ditu aldi baterako enpresa elkarte batek.

Lan horien helburua da Gernikatik Busturirainoko hondakin urak jaso, eginda dauden zein eraikitzen ari diren kolektore tarteetan batu, eta horiek guztiak Lamiarango araztegira eramatea.

Lanon barruan sei kilometro eta erdiko hodi tartea egingo dute. Zatirik handienean, grabitatearen indarrak bultzatuko ditu urak. Hala ere, ia bi kilometrotan bultzada beharko dute Game auzoko eta Muruetako hondakin urak kolektore horretara bideratzeko. Azkenik, lau ponpatze instalazio eraikiko dituzte isuriak saneamendu sistemara helarazteko.

Lan horiek guztiak bukatuta, Gernika-Lumotik Muxikara joango den kolektorea eraikitzea besterik ez da geratuko. Hori egin ostean erabat osatuta geratuko da Gernika eta Lamiarango araztegiaren arteko sarea. Hala, Gautezgiz-Arteaga, Kortezubi eta Mundakako itsasadarreko ezkerreko herrietako isuriak jaso eta araztuko dituzte.

2014an lortu zuten lanok egiteko akordioa Busturialdeko Ur Partzuergoak eta URAk. Aurretik urte asko blokeatuta egon ostean ekin zion biderari. EH Bilduk zeukan garai hartan partzuergoaren ardura. Euskal Herrian aberastasun ekologiko handienetakoa duen Urdaibain ur zikinak inongo tratamendurik gabe itsasora isurtzea saihestuko du saneamendu sareak.