Denen artean eraiki eta gozatzekoa

Denen artean eraiki eta gozatzekoa

Aitziber Laskibar Lizarribar

Oso arrakastatsua. Hala izendatu dute aurtengo Aste Nagusia bai Bilboko Konpartsek bai udalak. Arrakasta horren oinarria zehazterakoan ere, bat egin dute jaien antolaketaren bi eragile nagusiek: Aste Nagusiaren eredu parte hartzailea, herritarren inplikazioa eta parte hartzea da gakoa. “Izugarria izan da Aste Nagusia beste behin ere, denoi esker”, adierazi du Konpartsen Federazioak. “Zalantzarik ez dugu munduko jai onenen gakoa jendea bera dela”. Herritarrak zoriondu dituzte bi eragileek. “Elkarbizitza giroa, parte hartze handia eta ondo pasatzeko gogoa” gailendu izana nabarmendu du udalak. “Giro horrek Aste Nagusiaren jai eredua babesten du; hau da, jai parte hartzaileak, herrikoiak, doakoak, askotarikoak eta guztiei begira prestatuak”.

Urtetik urtera gizentzen diren datuek erakusten dute festa handien osasun ona. Udalak zabaldutako datuen arabera, ehun mila pertsona inguru egon dira su-festei begira, egunero, eta 250.000 lagunek baino gehiagok gozatu dute udalak bederatzi agertokitan antolatutako kontzertuez. Txikigunearen arrakasta ere gora doa, eta, aurten, 150.000 haurrek baino gehiagok parte hartu dute Kasilda parkeko jolas eta ekitaldietan. Udalak prestatutako hemeretzi kale antzerkiek 46.500 ikusle inguru batu dituzte, eta euskal folklore eta kulturarekin lotutako ekitaldiek, 46.000 inguru.

Udalak antolatutako ekitaldiei dagozkien datuak dira horiek. Baina konpartsek beste 525 ekintza baino gehiago antolatu dituzte, eta horietan izandako parte hartzea ere oso handia izan da. Lehiaketa gastronomikoek gero eta arrakasta handiagoa dute, adibidez, eta itzelak dira aurten utzi dituzten parte-hartze datuak: guztira, 876 lapiko aurkeztu dira aste osoan; 417 patata tortilla eta 263 marmitako kazola, esaterako.

Goitibehera jeitsierari dagokionez ere, inoiz baino parte hartze handiagoa izan dela jakinarazi dute konpartsek. Eta aurrerantzean joera areagotzea espero dutela, gainera, hartarako urratsak eginda: goitibeherak eraikitzeko tailerra antolatu dute aurten lehen aldiz umeentzat, eta gustura azaldu dira konpartsak emaitzarekin: “Badakigu datozen urteei begira harrobia daukagula lehian aritzeko goitibeheretan”.

Kezkabideak ere izaten dira, ordea, jaietan. Horien artean aipagarriena, etenik ez duten eraso sexistak. Bai udalak eta bai konpartsek indar bereziz landu dute eraso matxisten aurkako kanpaina, eta, datu ofizialen arabera, behera egin dute eraso horiek. Iaz, zortzi eraso zenbatu zituen udalak, eta, aurten, bost. Hala ere, salaketa aurkezten duten emakumeen kasuak soilik hartzen ditu kontuan udalak, eta horren aurrean oharra kaleratu dute konpartsek: “Salatzen ez diren eraso sexistak ere izaten dira”. Sexu ukituak eta jarraipenak izan dira emakumeek salatu dituztenak. Udalak sexu erasoak gaitzetsi eta horiek amaitzeko lan egiten jarraituko duela adierazi du, eta konpartsek agindu dute “matxismoaren azken arrastoa desagertu arte” sutsu segituko dutela: “Lan mardula eta sakona da, erpin askokoa, eta sisteman sustraituta dagoen arazo bati buelta emateko erronka ere bada”.

Bestelako erasoak ere izan dira aurtengo gune beltza: Hontzak konpartsaren txosnaren dekorazioaren aurkakoa, eta beste hiru konpartsek presoen argazkiak erakutsi dituztela argudiatuta auzibidera eramateko jaso dituzten mehatxuak. Konpartsek jaien alderik okerrenaren artean kokatu dituzte jai eredu herrikoiaren aurkako erasotzat dituztenak.

Beste liskar bat ere izan da Aste Nagusiaren azken egunean: EGIk salatu du bere militante batek Kaskagorriko kide batzuen erasoa jasan zuela igandean Kaskagorriren txosnan bertan. Konpartsak gezurtatu egin du salaketa. Ziurtatu du ez duela inolako liskarren berririk, eta gezurren bidez Kaskagorriren irudia zikindu nahia ikusi du salaketaren atzean.

Jaiak amaitu eta desmuntatzeko lanak eginda, dagoeneko datorren urteko Aste Nagusiari begira jarri dira konpartsak. Berezia izango da, gainera, hurrengoa, Aste Nagusiak 40 urte beteko baititu. Orduan ere parte hartzeko deia egin dute konpartsek: “Bilbotarrok, ez ezazue ahaztu zuek zaretela eredu herrikoi, parte hartzaile eta parekide honen protagonista. Denok garelako Aste Nagusia, denok eraikitzen dugulako eredu herrikoia. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 29 konpartsen ateak, eta, nahi izanez gero, norberak berea sor dezake”.