Integrazioa plan bidez

Integrazioa plan bidez

Lander Muñagorri Garmendia

Arrotza den herri batera iritsi eta bertan integratzea beti izaten da zaila, dena baita arrotz. Prozesu horretan laguntzeko, Elorrion Aniztasuna izeneko programa jarri dute martxan, herrian erroldatu berriek ahal bezain azkar utz diezaioten arrotz sentitzeari. “Elorriora datozenek hizkuntza, kultura edo ohitura ezberdin batekin egiten dute topo askotan, eta ahalik eta integrazio handiena lortzea izan beharko luke gure helburuak, denon artean herri pluralago bat lortzeko”, azaldu zuen programaren aurkezpenean Idoia Buruaga alkateak, etorkin talde batez inguratuta zegoela.

Helburu horrekin, Ongi etorri Elorriora izeneko baliabide gida kaleratu du udalak, “bertako langileen artean banatu eta harrera egiteko”, azaldu du Txus Arrieta Euskara, Hezkuntza eta Gizarte arloko zinegotziak. Gidak herriaren ezaugarrien, hizkuntzen eta bertan dauden erakundeen berri ematen du. “Bazen garaia gure herrira datozen pertsona horiei harrera ganoraz egiteko”. Lau hizkuntzatan argitaratu dute gida hori, jatorri ezberdina duten horiek uler dezaten.

Baina harrera hori egitea ez dagokio udalari bakarrik. Herritarrek ere badute horretarako ardura, eta, horren jakitun izanda, herritarren artean talde bat sortuko dute. “Udalak harrera formal bat egin dezake, baina hortik aurrera ez, eta harrera hori egiteko sortuko da herritar talde bat”, Arrietaren arabera. Horrez gain, Elorrion bertan dauden iritziak jakiteko ikerketa bat ere abiatu du udalak, “herria zein egoeratan dagoen ikusteko”.

Aniztasun jaialdia Iurretan

Asmo berberarekin, Iurretan bertan ere atzerritik datozen herritarren integrazioa sustatzeko aniztasun jaialdia egingo dute bihar. Pertsona batek beste bat ezagutzen duenean topikoak apurtzen direlako, topaketak, bazkaria eta dantzak egingo dituzte egun osoan.