Mende erdiz haziz eta heziz

Mende erdiz haziz eta heziz

Natalia Salazar Orbe

Mende erdi igaro da euskarazko eta kalitatezko hezkuntza proiektu sendo batek Zornotzan argia ikusi zuenetik. 50 urte bete ditu Andramari ikastolak. Denbora dezente igaro da Miren andereñoak lurzoruan esertzen ziren ikasleei eskolak emateari ekin zionetik. 1966- 1967ko ikasturtea zen. Frankismoaren diktaduran murgilduta, etxebizitza klandestino batean jarri behar izan zuten egoitza. Karmelo komentuko gela bat hartu zuten, eta Adolfo eta Andresen akademiek ere eskaini zizkioten euren txokoak, Ixer auzoan lehen ikastola eraiki zuten arte. 1981ean aldatu zuten Larreara; han egin du gaur egun arteko ibilbidea.

Mende erdi hori behar bezala ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu ikastolak. Astelehenean hasi eta larunbateko jaialdira arte, gogoan izango dute herrian Andramari ikastolaren ibilbidea.

Ekitaldi askotarikoak prestatu dituzte: oroitzapenak, esker onak eta sentimenduak nahastuko dira. Hori guztia musikaz, kulturaz, pedagogiaz, euskaraz, kirolaz eta festaz apainduko dute.

Ikasle ohiez inguratuta

Ikastolako ikasle ohiez inguratuta aurkeztu zituzten ospakizunerako ekitaldiak, asteartean. Horien artean, hainbat arlotan ospetsu bihurtu diren ikasle ohiek hartu zuten parte. Besteak beste, honako hauek izan ziren: Eneko Atxa eta Beñat Ormaetxea sukaldariak; Xabi Etxeita eta Asier Goiria futbolariak; Mikel Urdangarin eta Jose Gonzalez musikariak; Beñat Ugartetxea eta Unai Ormaetxea bertsolariak; Gorka Barrenetxea ginekologoa eta Anita Maravillas antzerki taldeko kide Miren Larrea.

1972an bihurtu zen Andramari gurasoen kooperatiba. Ordutik, irakasleek eta gurasoek eskutik hartzen dute parte ikasleen hezkuntza prozesuan. Herritik sortu eta herriarentzat egindako proiektuak herritarrekin batera ospatuko du orain urtemuga.