“500 bazkide behar ditugu denda izateko”

“500 bazkide behar ditugu denda izateko”

A. Laskibar Lizarribar

Urria amaitzerako Laborek denda zabalik izan dezan, buru-belarri ari dira lanean Izaskun Pizarro (Bilbo, 1982) eta Haizea Egiguren (Etxebarri, 1986). Bilborako denda handiarentzat kokaleku egokia bilatzeari eta bazkideak biltzeari eskaintzen diete, besteak beste, duten denbora librea.

Zergatik dago Labore proiektuaren beharra Bilbon?

IZASKUN PIZARRO: Ikusi dugu gero eta jende gehiagok duela interesa bestelako elikadura mota batean. Gero eta kontsumo talde gehiago daude Bilbon, eta gertuko elikadura ekologikoa bere bizimoduan txertatzeko nahia du jendeak. Eskaria egon badagoela eta oso ondo funtzionatzen duten esperientziak badaudela ikusita, galdera sortu zitzaigun: Zergatik ez Bilbon? Iruñeko Landareri begira ari gara, adibidez.

Halako denda handi bat zabaltzea ez al da izango kontsumo talde txikien kalterako?

HAIZEA EGIGUREN: Ez dugu nahi, inondik inora, dauden proiektu horien konpetentzia izan. Indarra eman nahi diegu horiei ere eta ahal dugun guztian lagundu. Kontsumo talde horietako gehienak barazkien saskiak banatzen dituzte bakarrik. Badaude bestelako produktuak ere saltzen dituztenak, baina saskiekin egiten dute lan gehienbat. Kontua da jendeak gehiago behar duela; batetik, horietan aurkitu ezin daitezkeen askoz produktu gehiago kontsumitzen ditugula, eta, bestetik, egun eta ordutegi zehatz batetara mugatzen den eskaintza baino zabalagoa behar dela. Hain arin bizi garen jendarte honetan beste modu batean kontsumitu eta elikatzea erraztu nahi dugu. Horri begira, denda bat zabaltzea da asmoa.

I.P.: Labore ez dator saskien funtzionamendu horiek ordezkatzera, ekarpen gehiago egitera baizik. Kontsumo taldeetako batzuekin lanean ari gara, eta guztiok dugu argi batek ez diola besteari kalte egin behar; elkar elikatu behar dugula. Dagoen horri eutsi nahi diogu, eta eskaintzak eta ekarpenak uztartu.

Denda handi bat zabaltzea ez al dago kontraesanean aldarrikatzen den gertutasunarekin?

H.E.: Handia izango den arren, ez du ohiko supermerkatu itxura izango. Ez dugu errepikatu nahi autoa hartuta supermerkatu handietara erosketak egitera joaten direnen eredua. Oraindik ez dakigu non jarriko den denda; dauden aukeren artean, bazkideek erabakiko dute hori. Baina oinez joango gara erosketak egitera eta ez da supermerkatu hotz bat izango; Labore proiektu bat da, eta jendeak horren parte sentitu behar du. Bestalde, nekazarien eta kontsumitzaileen artean aliantza moduko bat sortuko da. Nekazarien lana duintzeko helburua dugu, eta elkarrekiko harreman justua elkarrekin adostuko dugu. Denda ez da denda izango soilik. Gure asmoa da dendan bertan hainbat ekitaldi egitea: direla nekazarien hitzaldiak, direla produktuen erakusketak… Elkarren arteko harreman bat sortzea nahi dugu; ez soilik salerosketa bat.

Zer-nolako funtzionamendua izango du?

H.E.: Berez, Bilborako denda izango da, baina argi dago auzo bat aukeratu beharko dela kokapenerako. Bazkideek beraiek esango dute non nahi duten. Hurrengo batzarrean bazkideek bozkatuko dute hori. Denda bakarra izango da; helburua ez da Laborek auzo guztietan dendak zabaltzea. Azken finean, auzo bakoitzak erantzun beharko die bere beharrei. Laborek ez du izan nahi multinazional bat bezalakoa, mila denda zabalduko dituen koordinatzaile baten modukoa. Ahalik eta jende gehienaren artean adostea nahi dugu non egon behar duen dendak, eta, aurrera begira, beste auzo batzuek beste formatu bateko dendaren bat izan nahi badute, aztertuko da aurrerago zelan uztartu beharrak. Hori tokian tokiko kontsumo taldeekin adostu beharko da.

Edonork erosi ahalko du Labore dendan?

I.P.: Ez. Horretarako, bazkide izan behar da. Bazkide izateko, 60 euroko kuota ordaindu beharko da urtero; hilean, 5 euro. Eta hasieran, bazkide egiteko, 20 euro ordaindu beharko dira. Bazkidea ez da pertsona bat izango, unitate bat baizik: familia bat edo etxe berean bizi diren lagunak. Etxe horretako taldeak txartela izango du erosketak egin ahal izateko. Eta abantailak agerikoak izango dira: produktuak beste produktu ekologiko batzuk baino merkeago lortu ahalko dira, asko garelako, elkarte bat garelako eta, gainera, harreman zuzena dugulako ekoizleekin. Baina kuota bat ordaindu beharko da, bestela proiektuak ezingo duelako aurrera egin. Norbanakoek sustatutako proiektua da; badago talde fundatzaile bat, badaude ekarpen ekonomikoa egin duten pertsonak, baina proiektu honek ezingo du aurrera egin bazkiderik gabe.

Urria amaitu aurretik zabaldu nahi duzue denda. Zenbat bazkide behar dituzue horretarako?

H.E.: Ikuspuntu ekonomiko batetik, 500 bazkide behar ditugu. Erronka handia da kontuan izanda ez garela 500 pertsonaz ari, baizik 500 familia edo pisukide diren unitatez. Apustua handia da. Behin denda zabalduta, gehiago izatea da asmoa; zenbat eta gehiago izan, abantaila gehiago izango ditugu. Edozein kasutan, garrantzitsua da bazkidetzak orain egitea. Kontuan hartu erabakirik garrantzitsuenak orain hartuko direla eta orain bazkide direnek erabakiko dutela.

Nola egin daiteke bazkide?

I.P.: Errazena laborebilbo.eus webgunean sartzea da. Han daude jarraibideak. Zalantzarik izanez gero, info@laborebilbo.eus emailera idatzi daiteke, eta gu jarriko gara harremanetan.

H.E.: Aste Santu bueltarako inflexio puntu bat jarri nahi dugu, eta, oraindik zehaztu ez dugun arren, merkatu txiki moduko batekin jai bat egin nahi dugu jendea etor dadin eta eskaintzen ari garena errealitatean zer izan daitekeen ikus dezan.