“Maila ona” erakutsi ostean, etzi dute finala bertsolari gazteek

Natalia Salazar Orbe

Eskolarteko bertsolaririk onena zein den ebatziko du domekan Getxon jokatuko den finalak. Zortzi bertsolari gazte ariko dira norgehiagokan titulua lortzeko saiakeran. Horietako lau zuzenean sailkatu dira kanporaketatik. Gainerako laurek puntuazioagatik egin dute lekua finalean.

Iaz baino gazte gehiagok hartu du parte txapelketan. Hala azaldu du Jurgi Fuentes Bizkaiko Bertsozale elkarteko eragileak. 35 inguru izan dira guztira, 15 eta 18 urte artekoak guztiak. “Maila ona” erakutsi dute. “Saioak onak izan dira. Azkar kantatu dute”.

Bertsozaleek jai giroan gozatu ahalko dute domekako finalaz. Egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizean, bertso idatzien finala jokatuko da. “Bizkaiko ikastetxe guztietako ikasle orok izan du parte hartzeko aukera”. Hala azaldu du Maddi Ibaibarriaga Bertsozale elkarteko komunikazio arduradunak. Lehiakide asko izan diren eskualdeetan, kanporaketak ere egin dituzte. 10:30ean egingo dute saio hori.

Ordubete geroago hasiko da bat-bateko sariketaren finala. Edozein ikastetxetako ikaslek izan du lehiaketan parte hartzeko aukera, Ibaibarriagak gogorarazi duenez: “Normalena da bertso eskoletako ikasleek hartzea parte. Eskualde batzuetan, gainera, bertso eskolak oso egonkortuta daude”. Bat-bateko finalera iristen diren guztiak bertso eskolatakoak izaten dira. “Beste maila bat behar dute horretarako”.

Bi finalen ostean, sari banaketa egingo dute. Denek elkarrekin bazkaldu eta gero, bertso eskolen tartea iritsiko da. “Aurtengo ospakizunerako jolasak prestatu dituzte”.

Egunari bukaera emateko, Bizkaiko udaberriko faseko kanporaketari emango diote hasiera. “Azkena izango da. Hor erabakiko da zeintzuk pasatuko diren udazkenera. Bereziagoa izango da, beraz”.

Fuentesek garrantzitsu deritze era horretako lehiaketei. “Jendaurrean lehen pausoak emateko baliagarriak dira; baita elkar ezagutzeko ere”.