Hiru gerra gainditu dituen lantegia

Hiru gerra gainditu dituen lantegia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gernikako trenbide ondoan, betidanik hor dagoela dirudien eraikina da Talleres de Guernica enpresarena. Zapala eta luzea, herriko belaunaldien joan-etorriaren lekuko izan dena. 1916ko maiatzaren 12an zabaldu zuten Gandarias familiakoek, eta, aldaketak aldaketa, duela ehun urteko leku berean jarraitzen du lanean. Industria makineriaren lantegi moderno gisa sortu zen, eta, mende bat geroago, puntako erreferente da oraindik ere industria munduan. Egoera berrietara egokitu, eta tornu bereziak ditu, egun, eguneroko ogi. Tamaina handiko tornu birakari automatikoetarako platerak egiten espezializatu da, eta horrek eman dio irauteko gaitasuna.

“Mende bat betetzea arraroa da enpresa batentzat”, diote Bizkaiko Merkataritza Erregistroan. Zenbat diren ez dakite erregistroan, baina “oso gutxi” izango direla ohartarazi dute. Izan ere, gaur egun martxan dauden enpresen %1,25 soilik sortu ziren 1975a baino lehen.

Garai onak eta txarrak. Denetarik igaro du lantegi zaharrak. 500 langile izan zituen urrezko urteak, eta krisialdiak ere izana da. Gerra garaietan ere zutik iraun zuen. Bi mundu gerrak eta 36koa pasatutakoa da. Gernikako bonbardaketa bizi izandakoa. Aldaketetara egokitzeko gaitasuna eta langileen irmotasuna jarri ditu arrakastaren oinarrian enpresak, baina zorte ona ere aldeko izan du zenbaitetan: 1937an, Kondor Legioak hirian jaurtitako bonbek ez zuten azpian harrapatu, adibidez; bonbardaketak suntsitu ez zuen Gernikako eraikin bakanetakoa da.

Martxa onean ari da lanean gaur egun ere. 40 langile ditu, eta espezializazioaren bidean jarraitzen du. Tornuentzako munduko plater automatikorik handiena egin zuen duela urte gutxi: zazpi metroko diametroa duena. Horretarako, 73 tona burdina urtu behar izan zituen 1.500 gradutan. Oraindik ere, munduan dagoen antzeko piezarik handiena da.

Ricardo Bastidarena

Eraikinak berak ere badu bere balioa. Ricardo Bastida Bilboko arkitektoak diseinatu zuen lantegia; Bizkaian ospe handia lortu zuten azpiegituren egileek. Bastidak diseinatu zituen, besteak beste, itsasontzi handiak azpitik igarotzeko zabaltzen zen Deustuko Zubia, Alondegia, Getxoko Punta Begoñako galeriak, eta Bilboko udaletxea bera.

Talleres de Guernicako kideen esanetan, ilusioz ospatu dute mendeurrena, eta are ilusio handiagoz begiratzen diote etorkizunari: Beste ehun urte “gutxienez” betetzeko nahiarekin.