Sexu aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute hainbat udal, gazte bulego eta ikastetxeetan. Sexu harremanen inguruan informazioa eman, zalantzak argitu edo prebentzio lanak egitea da helburua. Aholku sorta eskaini baino, ordea, sexu heziketa saioak egiten ditu Leire Ertzillak hainbat ikastetxetan. Urtxintxa eskolako kidea da. Argi du bere zeregina: “Hezkuntza beharrezkoa da bestelako harremanak sortzeko eta gizartea eraldatzeko”.
Hezkidetzaren ikuspegitik lantzen du Urtxintxa eskolak sexualitatea. “Sexu edo harreman afektibo sexualak genero eraikuntzatik abiatuta lantzen ditugu”, azaldu du. “Emakume edo gizon nola egiten garen eta harremanak egiten nola ikasten dugun aztertzen dugu”. Lehen Hezkuntzako 5. mailako eta DBHko ikasleekin egiten dute lan. Baita ikastetxeko irakasle eta gurasoekin ere. Baina gazteekin egiten duten lanketa nabarmendu du hezitzaileak: “Hausnartu egiten dute, eta aldaketa bat eragiten da beraiengan”.
Hezkuntzan hezkidetza lantzeak garrantzia duela azpimarratu du Ertzillak. Aipatu du, ikasgeletan egunero entzuten direla marikoi, puta eta gisa horretako hitzak: “Homofobia eta indarkeria oso barneratuta daude”. Eta horrek zuzenean eragiten du harremanetan eta gazteen buruestimuan. Oinarri horietatik abiatuta egiten dute lanketa Urtxintxa eskolakoek: “Bestelako harreman ereduak sortzearen ondorioz etorriko da, besteak beste, sexu harremanetan prebentzioa”.
Saio bi egiten dituzte ikasleekin. Eta dituzten kezketatik abiatzen dira. “Eguneroko jardunean beraien artean dituzten harremanetan jartzen dugu arreta”. Aitortu du askotan harritu egiten dela gazteek egiten dizkioten galderekin. “Informazioaren aroan bizi gara, baina gazteekin egotean konturatzen zara ez dutela batere informaziorik. Denetik entzuten dugu”. Hezitzailearen arabera, tabu da sexu harremanen gaia oraindik ere.
“Jaiotzen garenetik hil arte gozamena sentitzeko dugun gaitasuna da sexualitatea”. Ertzillaren iritziz, eraiki egiten den kontzeptua da. “Sexu harremanak eraiki egiten dira. Gaur egun, erakutsi digute nola, non eta norekin izan behar ditugun”. Horrekiko kritikoak izaten ahalegintzen dira, eta beste ikuspegi bat ematen saiatu, izan ere, sexualitate modu bat eraiki baita: “Koitoan eta genitalitatean oinarritutako harremanak eraiki dira”.
Ikastetxe batean gazteekin egindako saio baten pasartea ekarri du gogora. “Gozamena sentitzeko gorputzeko atalak zerrendatzeko esan genien ikasleei”. Gehienek titiak, alua eta zakila aipatu zituzten. “Harreman sexualak sexu atalekin lotuta daudela baieztatzen duen beste adibide bat da ariketa hori”. Pozik gogoratu du behin mutiko batek zera erantzun ziola: “A ze tontakeria! Gorputz guztiarekin senti daiteke gozamena!”. Ez da ohiko erantzuna. Baina horra heldu nahi du ikasleekin egiten dituen saioetan.
Prebentziotik harago
Ertzillak salatu du gaur egun sexualitatearen inguruan egiten diren kanpainak antisorgailuen erabilerari buruzkoak direla bakarrik. “Baina jakiteak ez du erabilera bermatzen. Prebentzio neurriak ez dira nahikoa”. Buruestimuan eta errespetuan oinarritutako harremanak sortzearen garrantzia azpimarratu du hezitzaileak. “Prebentzioaren ardura, emakumeen gain dago beti, eta horri eman nahi diogu buelta. Osasunaz ari garenean, denen ardura dela ulertarazten ahalegintzen gara”.
“Askotan, ikusten dugu koitoa dutela praktika sexual bakartzat”, aitortu du. Rolak lantzen dituzte era horretan: “Deseraikuntza lanak egiten ditugu, bestelako harremanak sortzeko asmoz”. Koitoaren adibidea jarri du. Gaur egun, sexu harremanak horren arabera eraikitzen dira. Eta gazteekin egiten dituzten saioetan ere, horren inguruko zalantzak agertzen dira sarritan. “Emakumeen artean, galdera asko sortzen dira koitoa praktikatzen den lehen aldiaren inguruan. Min egiten duen galdetzen dute gehienetan. Mutilek, ordea, ez dute horren inguruko galderarik egiten”. Jarrera horiek adierazgarriak direla uste du. “Horren zergatia ere lantzen dugu beraiekin”.
Adierazi du, pelikula pornografikoetan jasotzen dituzten irudiak benetakoak direla sinesten dutela gazte askok: “Super Man hegaz ikusten denean, denek ulertzen dugu benetan ez dela hegaz egiten ari. Baina pelikula pornografikoekin ez da gauza bera gertatzen. Eta mutil askok horretatik ikasten dute”. Behin eta berriz nabarmendu du Urtxintxa eskolako kideak hau: dituzten duda horietatik abiatzen dira gazteak, eta, beraiekin batera, oinarriak aztertzen ahalegintzen dira. Haren irudiko, hori da heziketarako modurik zuzenena
Gurasoak borondatez joaten dira eskoletan eskaintzen diren saioetara. “Orain arte tabu gisa hartu izan da gaia. Eta seme-alabekin berritu egiten da hori”. Adierazi du saioetan parte hartzen duten gurasoak jarrera onarekin parte hartzen dutela. “Baina ez da erraza, eta uzkurtasunak daude beti”.