Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Itsasadarra, arnasgarriago

Bilboaldeko airean dagoen sufre oxidoa (SO2) erdia baino gehiago murriztu da azken berrogei urteetan. Ez da lan erraza izan. Industria eskualde izan ostean hirugarren sektorerako trantsizioak ingurumenari egin dio mesederik handiena. 1970eko hamarkadako Bilbo gris hura, lantegietako keak margotzen zuena, Bilbo garbiago bihurtu da. Gas murrizketa handi horrekin, legeak ezartzen duen parametroen barruan daude igorpenak, egun.

"Betidanik entzunda neukan Bilbo oso hiri kutsatua zela, baina, hona heldu eta egoera ezagutu nuenean, argi ikusi nuen zerbait egin behar genuela. Nire ametsa Bilbo garbiago bat lortzea zen, eta horrek eman zidan lan egiteko indarra", azaldu du Marivi Albizuk. Zientzia Fisikoetan doktorea eta meteorologoa da ikasketaz. Egun, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Airearen Kalitatearen eta Kontrolaren Zaintze Sarearen arduraduna da. Bilboko itsasadarreko airearen kalitateak 1970eko hamarkada bukaeratik hona izan duen bilakaera aztertu du.

1977an, Bilboaldeak metro kuboko 400 mikrogramo SO2 igortzen zituen. Bi urte lehenago, emisioak kontrolatzeko dekretu bat onartu zen, eta, haren arabera, garai hartan, egunero sortzen ziren igorpenak muga onargarriaren azpitik zeuden. Egun, gai hau arautzen duen legea aldatu egin da, eta isurketen kopurua ere murriztu egin da. Ondorioz, igorpenek "nabarmen egin dute behera", eta Bilboaldeak metro kuboko 125 mikrogramo igortzen ditu, gehienez jota. Hala eta guztiz ere, Albizuk azaldu duenaren arabera, "oso arraroa da balio horretaraino heltzea".

Bilboko itsasadarra leku estrategikoa izan da garapen industrialerako eta merkataritzarako. Hori dela eta, etorkinen kopuruak izugarri egin zuen gora XX. mendean. Fenomeno horrek inguruko herriak azkar eta modu desorekatuan haztea ekarri zuen. Albizuren arabera, "aldaketa horiek guztiek eragina izan zuten baldintza meteorologikoetan".

Batez ere, gai biologikoek, gai kimikoek eta partikula esekiek sortzen dute airearen kutsadura atmosferan. Airea kutsatzen duten gasak ikatza eta petrolioa erretzean sortzen dira. Bi energia iturri horiek gehiegi erabiltzeak partikula solido asko eta gas kaltegarriak eguratsean askatzea eragiten du. Horren ostean, hondakin horiek hauts kaltegarriak eta kea sortzen dituzte.

Airearen Kalitatearen eta Kontrolaren Zaintze Sarearen arduradunak azaldu duenez, "1970eko hamarkadako egoerak elementu kutsagarri asko isurtzea ekarri zuen. Itsasadarrean, labe eta lantegi asko zeuden, eta, industriarako gaiak ekoizten zirenez, etengabeko funtzionamendua zuten. Hainbeste ke eta hauts botatzeak asko eragin zion airearen kalitateari". Duela berrogei urte, Bilboko eguratsean SO2aren kontzentrazioa "nahiko larria" zela uste du doktoreak. "Ingurumenarekiko kontzientziazioak pisu handia izan du aldaketa prozesuan. Egungo pentsamoldeak ez du zerikusirik XIX. eta XX. mendeetan zegoenarekin. Lehen, zenbat eta tximinia gehiago egon, orduan eta aberastasun handiagoa zegoela uste zuten", gaineratu du.

Euri azidoa

Albizuk adierazi duenez, Bizkaiko hiriburuan "pentsaezina" da euri azidoa egitea. Euri mota hori gizakiak berak sortzen du, atmosferara sufre eta nitrogeno kopuru handiak isurtzen dituelako. Eguratsean bi elementu horiek nahastu, eta azidoa sortzen da. Kontuan hartzekoa da euri azidoa ez dela soilik kutsadura aireratzen den tokietan izaten. Gasak atmosferan ibiltzen dira, batetik bestera, eta jarduera kutsagarriak egiten ez dituztenen baliabide naturalak ere suntsitu ditzakete. Hortaz, Albizuk ohartarazi du euri azidoa bertan sortu ez baina "beste toki batzuetatik heldu daitekeela".

Hamarkada gutxitan, Bilboko itsasadarrak aurpegia garbitu du. "Industriak eta etxebizitzak elkarrekin nahasten ziren. Zorrotzan, adibidez, sulfurikoen eta ongarrien lantegiak zeuden; Santurtzin eta Burtzeñan, bi bero indarretxe; labe garaiak ere baziren Sestaon, eta lantegi horiekin zerikusia zuten beste hainbat industria existitzen ziren. Egoera horrek itsasoaren eta lurraren aldaketa termikoari eragiten zion", dio Albizuk.

Denborarekin, hainbat erreminta eta makina sortuz joan ziren, airearen kalitatea neurtzeko. 1982 eta 1986 artean, inguruan, ikerketa meteorologiko bat egin zen eredu desberdinak ezartzeko eta hauts kutsagarriak nola mugitzen ziren ulertzeko. Albizuk gogora ekarri duenez, ondorio ugari atera zituzten. "Esate baterako, ikusi genuen nola egoera meteorologikoaren arabera tximinia bateko keak norabide bat edo bestea jarraitzen zuen, eta hura izan genuen tarte batez aztergai".

1977an, Bilboko Metropoliko Eguratsa Garbitzeko Plana prestatu zen, eta, neurri handi batean, "geroztik, kutsaduraren arazoa zuzendu ahal izan da", gogorarazi du doktoreak. "Instituzioek bazekiten Bilbok eta inguruko herriek erauzi beharreko arazo larria zutela, eta konponbidea bilatzeari ekin zioten", gaineratu du. Modu horretan, Bilbo Handiko Korporazio Administratiboak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak eta Espainiako Meteorologia Institutu Nazionalak martxan ipini zuten lehenengo Airearen Kalitatearen eta Kontrolaren Zainketarako Sare Automatikoa. "Ingurumen lan bikaina egin da. Hala eta guztiz ere, erne egon behar dugu, eta gizarte jasangarri baten alde egin, nahiz eta gas kutsagarrien erauzketek Bilbo eta bere inguruak toki hobeak bihurtu dituzten", dio.

Albizuren aburuz, gaur egun autoen zirkulazioa da airea kutsatzen duen arazo larrienetarikoa. Hain zuzen, AP-8 eta A-8 autobideek bat egiten duten ingurua da, gaur egun, herrialde historikoan eskualde kutsatuena. "Gizarteak hor hartu behar du kontzientzia handiena. Azkenaldian, garraio publikoaren alde egiten ari da. Hala ere, ohitura asko aldatu behar ditugu", dio.

Zohikatza eta gehiago

Bizkaiaren eta Espainiako Gaztela eta Leon eta Kantabria autonomia erkidegoen artean dago Ordunte mendilerroa, Armañongo parke naturalean. Hamahiru mendik osatzen dute. Tontorrik altuena Zalama da (1.336 metro), hiru lurraldeen arteko mugarria. Oro har, nahiko ezezaguna da, nahiz eta ingurumen aberastasunari dagokionez eremu bitxia izan. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak mendilerroak ematen dituen baliabideak modu iraunkorrean aprobetxatzeko eta habitatak berrezartzeko plana abiatu du: Ordunte iraunkorra. Osotara, 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du; erdia Europako Life+ programak finantzatuko du. Bost urte iraungo du.

Iosu Madariaga Ingurumen diputatuak azaldu duenez, helburu nagusia inguru berezi horrek sufritzen duen presioa gutxitzea eta aberastasuna mantentzea edo berreskuratzea da. "Ez dugu Ordunte gotortu nahi", ohartarazi du. Esan du biodibertsitatea mantendu gura dutela, giza jarduerekin bateragarri eginez. Adibidez, baserritarrek larreak sortzeko pizten dituzten suteak eta animalia astunak kaltegarri zaizkio. Sua pizteak dakarren kalteaz kontzientziatuko dituzte nekazariak; debekatuta dagoela gogorarazi du, gainera. Eta artzaintza eta abeltzaintza eredu iraunkorrak sustatuko dituzte. Izan ere, Madariagak adierazi du betidanik ibili izan direla ardi, behi eta zaldiak inguru hartan.

"Abeltzainen elkarlanik barik alferrik izango da hau guztia", aitortu du Ingurumen diputatuak. Besteak beste, inguru hartan sortzen diren landare batzuek garrantzi itzela dute uraren zikloan. Madariagak uste du ezinbestekoa dela baserritarrak hori jakitea; hartara, hobeto zainduko dute mendilerroa. Dena den, argi utzi du inguruari ez diotela presioa asmo txarrez egiten, ezjakintasunagatik baizik.

Ordunten nahiko ezohikoak diren zenbait habitat garatu dira. Hona hemen horren arrazoiak: "Eskualdea geografikoki nolabait bakartuta dago, lurrak izaera silizeo nabarmena du, euri asko egiten du eta tontorretan etengabe dago lainoa". Zalamako zohikaztegia da inguruko harribitxia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan estalki motako bakarra. "Europa ipar eta mendebaldeko eskualdeetan oso ohikoa eta berezkoa da, baina oso arraroa Iberiar penintsulan", azaldu du Madariagak.

Hala, neurri gehienak zohikaztegi horri begira hartuko dira. "Zientziari dagokionez, leku interesgarria da". Zohikatza ikatz minerala da, arina eta harroa, eta % 45-60 karbono dauka. Urez estalitako belardietan eratzen da. Kalitate txikiko erregaia bada ere, oso preziatua da xurgatzaile eta ongarri moduan. Madariagak dio zohikaztegietan beste inon sortzen ez diren lore bitxiak aurki daitezkeela. Adibidez, potentilak eta primulak. "Aberastasun hori erakutsi eta irakatsi gura dugu". Zohikatza sortzen den hezegune hori lurrez estaliko dute, eta zurezko hormak jarriko dizkiote, zohikatza babesteko. Landare turbofiloak ereingo dituzte, gainera.

Abeltzaintzari dagokionez, azpiegiturak eraikitzeko asmoa dauka foru aldundiak. Besteak beste, askak eta aterpeak jarriko dituzte. Abeltzainen ibilgailuak nondik ibili ahalko diren eta nondik ez zehaztuko dute. Azkenik, pinudi eta eukalipto basoetan, pagoak landatuko dituzte. Era berean, neurriak hartuko dira oraindik mantentzen diren tokiko arbola espezieen basoak zaintzeko eta mantentzeko.

“EUROPAKO MODERNOENA”

Artikako hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako planta martxoan hasiko da lanean. "Europako modernoena" da, Jose Luis Bilbaoren esanetan. 43 milioi euroko kostua izan du. Bizkaiko edukiontzi berdeetan bildutako 180.000 tona zabor nahasi jasoko ditu urtean. %52 organikoa izango da —94.000 tona—; lehortu ostean, ia erdira murriztuko da, eta Zabalgarbin erreko dute. Hondakin ez-organikoen artean, ia 58.000 tona erregai gisa erabiliko dira, porlan fabriketan. 13.000 tona birziklatu egingo dira, eta 15.000 Artikako zabortegira joango dira.

9.100

Foru aldundiko etxaldeek emandako haragia, kilotan. Bizkaiko Foru Aldundiak dituen etxaldeek 9.100 kilo txahal eta zaldi haragi eman zizkion iaz Bizkaiko Elikagai Bankuari. Baita 4.100 kilo fruta ere 16 ongintza elkarteri.