Sailkatugabeak

Eskuz, neurrira, jostearen sekretuak

Eskuz, norberarentzako propio egindako trajeak sortzeko prozesua eta jostunen ogibidea protagonista dituen erakusketa ikusgai dago Sopuertako Enkarterrien Museoan, Bizkaiko azken maisu jostunak. Jantziak neurrira egitearen lanbidea izenburuagaz. Proiektu handiago baten barruan kokatzen da erakusketa. Enkarturrek kudeatuta, eskualdean modagaz lotutako hainbat jarduera prestatu dituztela azaldu du Javier Barrio museoko zuzendariak.

"Joskintza mundua hartu dugu ardatz. Urteetan jendea jantzi duten sastreekaz berba egin dugu horretarako", esan du. "Lan handia" egin dute erakusketa prestatzeko. "Zazpi jostun inguruk soilik dihardute oraindik beharrean Bizkaian. 1980ko hamarkadan 40 bueltan ziren, eta ehungintza industrialik ez zegoenean, herritar gehienek joskintzara jotzen zuten janzteko arropa bila".

Jantzigintza industrialaren garapenaren ondorioz, ordea, lanbideak behera egin du. Jostunek, informazioaz gain, eurek egindako jantziak ere utzi dizkiote museoari. "Era eta garai askotakoak dira: 1980ko hamarkadakoak eta modernoagoak".

Erakusketan, beraz, batetik, sei jostunen sorkuntzak aurkituko ditu bisitariak. Beste atal batean, tailer bat islatu dute, Juan Antonio Andraderen laguntzagaz: "Mahai bat dago: oihalak zelan mozten dituzten edota erabiltzen dituzten elementuak ikus daitezke gainean". Tailer bateko makinak jarri dituzte beste ataletako batean. "Josteko makinak daude. Pantaila erraldoi batean dokumental bat ere emango dugu. Sastre guztiei egindako elkarrizketak jaso ditugu dokumentalean".

Jostunen historiaz gain, "neurrira egindako jantzien bertuteak" azaldu dituzte dokumentalean. "Euren jantziek, jantzigintza komertzialaren ondoan, gehigarri bat dute: norberaren gorputza ardatz hartuta eginda daude; eskuz josita, gainera. Profesionalek diote artisau lanbidea dela eurena. Javier De Juanaren esanetan —jostuna, bera ere—, artisautzaz baino artetik gertuago daude. Izan ere, jostunak garaian garaiko joera guztiak bildu behar ditu, bezeroaren nahiei erantzuteko. Zer-nolako bezeroa den eta zer gura duen ebatzi behar du, eta neurrira egiten dio trajea".

Jostun gehienek gizonentzat egiten dituzte arropa gehienak. Emakumeentzat ere lan egin izan dute, ordea. "Soinekorik ez zuten egiten andreentzat, trajeak baizik".

Andre sastrerik ez

Bizkaian, ez da emakume jostunik egon. "Bakarren bat soilik". Emakumeek ofizial postuak zituzten: "Gehienak prakaginak ziren. Jostundegietan, antzina, sastreaz gain, tailerrean joste lanetan aritzen ziren beharginak egoten ziren, tartean, andreak".

Javier de Juana sastreak, ordea, argi dauka horren arrazoia: "matxismoaren ondoriotzat" jo du. "Beste lanbide batzuetan gertatu izan den bezala" gertatu da jostunen munduan ere. "Garai haietan —XIX. mende bukaeran— emakume bat probagelan gizon bategaz bakarrik geratu beharrak sortzen zien lotsa" ere izan zitekeen beste arrazoietako bat, zenbaiten aburuz.

Egun gero eta jostun gutxiago daudenez, lan handia dute. "Euretako batek azaldu digu, Anberesen [Belgika] zein Zurichen [Suitza] dituela bezeroak". Euren lana "gogorra" dela diote; "ordu asko eman behar dituzte josten". Horrexegatik, egun arazo nagusi bat dute, "beharginak aurkitzeko zailtasuna". Gonzalo Cardenalen langileak, adibidez, etorkinak dira, "hemen ez dagoelako inor prest lan horretan aritzeko".

Bisita gidatua

Domekan bisita gidatu bat eta tailer praktikoa egingo dituzte museoan, Juan Antonio Andraderen eskutik. "Traje bat zelan ebaki eta zeintzuk diren pauso garrantzitsuenak azalduko du. Bisitariek patroi bat egiten ere ikasiko dute". Saiootan parte hartzeko izena eman behar da. Bihar da horretarako azken eguna. Gehienez, 25 lagunentzako lekua dago.

Eskualdeko gainerako jardueren barruan, gaur eta bihar, esaterako, moda eta tradizio garaikidearen lehen topaketa aurkeztuko dute Balmasedan, Boinas La Encartada museoan.

Gerra osteko sabel zorria

Tripak bete ahal izateko, txartelak erabili behar zituzten herritarrek duela 75 urte. Lehengai ugariren eskasia eragin zuten Francoren politika ekonomikoak, erregimenak zuen nazioarteko bakartzeak, eta 1936ko gerrak eragindako hondamenak. Gabezia horri aurre egiteko asmoz, elikagaien banaketa kontrolatzeari ekin zion gobernuak. Eta oinarrizko produktuen banaketa era kontrolatuan egiteko ezarri zituen errazionamendu txartelak. 11 urtez kupoi bidez eskuratu zituzten herritarrek bizirik irauteko oinarrizko baliabideak.

1939ko maiatzaren 14an eman zuen Francoren gobernuak errazionamendu erregimena ezartzen zuen agindua. Horretaz arduratzeko sortu zen Hornidura eta Garraioen Komisaria Nagusia. Sailaren ardura zen txartelen bidez banatzen ziren produktuen salneurria kontrolatzea eta liburuxken kontrola egitea. Baita Abasto izenarekin ezagutzen ziren lan horietan aritzen zirenak ere. Herritarrek produktuak jasotzeko dendak zeintzuk ziren ere izendatzen zituen sailak.

Bi motatako errazionamendu txartelak zeuden: batean haragia banatzen zuten, eta bestean gainontzeko produktuak —olioa, ogia, arroza eta azukrea banatzen ziren, besteak beste—. Errazionamendu erregimena ezarri zen lehen lau urteetan familia txartelen bidez kudeatu zuten banaketa. Baina elikagaien kontrol zehatzagoa egin nahian, banakakoak jarri zituzten martxan 1943an. Banakako txartel haiek ez ziren berdinak pertsona guztientzat. Gizarte mailak, osasun egoerak eta familia buruak zeukan lanak baldintzatzen zuen txarteletan banatu beharreko janariaren kopurua: herritar xume batek astean 150 gramo ogi jasotzen bazuen, 350 gramo jasotzen zituen guardia batek.

Errazionamenduaren erregimenak kontrolatzen zuen legezko bidetik lor zitezkeen elikagaiak. Hortik kanpo, merkatu beltza zen janaria eskuratzeko geratzen zen aukera bakarra. Estraperlo esaten zaio gerra osteko garaietako merkatu beltzari. Sobera zituzten produktuak saltzen zituzten merkatu hartan herritarrek, ohikoak baino salneurri handiagoetan.

Urre gorririk ez

"Gure etxetik bi kilometrora zegoen kooperatiba batera joaten ginen gu janari bila. Eta gauez ematen ziguten errazioa". Hala azaldu du Libe Asua Zarrabeitiak. 97 urte ditu, eta Larrabetzun bizi da orain, baina Galdakaoko Elexalde auzoko baserri batean pasatu zituen gerra eta ondorengo garaiak. Memoria galdu duela dio, baina arin gogoratzen ditu gertatutakoak.

"Arroza ematen zigutela akordatzen naiz, eta gure etxean nahi beste arroz esne prestatzen zuela amak". Janariaz gain, tabako orriak ere banatzen zituztela adierazi du Asuak irriz: "Guk ez genuen goserik pasatu. Baina asko ziren ezer ez zuten familiak". Oiloak eta baratzea zuten eurek etxean. Eta lurrak emandakoari esker ondo jaten zuten: "Gure aitak baratzean egiten zuen lan, etxerako ezer falta ez zedin". Erantsi du bere senarrak ere esaten ziola fabrikako burdinak ez zuela jaten ematen: "Lurrak beti eman du jatekoa. Eta horregatik bizi ginen gu horretaz". Gaur egun, prozesu bera ikusten dio: "Lanik eta dirurik gabe dauden gazte asko hasi dira orain lurra lantzen. Ezer ez dagoenean, tripak betetzeko era bakarra da".

Behin baino gehiagotan baratzetik patatak lapurtu zizkietela oroitu du Asuak, barrez: "Patata bila joaten nintzenean, askotan ez nuen lur azpian ezer aurkitzen". Jarrera ulerberaz azaldu du goseagatik normala dela halakoak gertatzea. Garai hartako industrian lan egiten zutenek ere diru sarrera gutxi zuten: "Lau txakur ordaintzen zieten burdingintzan, zer beste aukera duzu?".

Aitak estraperlora produktuak eramaten zituela ere azaldu du Asuak:"Herriko errotara joaten ginen irina egitera, eta gero estraperloan saltzen zen. Arbiak ere saltzen zituen". Adierazi du etxera joaten zitzaizkiela asko, jateko produktu eske. "Baina dena ez zen urre gorria. Askok dirua egiten zuten estraperloarekin, eta bitartean, beste batzuk miseria gorrian bizi ziren. Aberatsak beti izan ziren aberats". Elikagaien banaketan ere "batzuei beste batzuei baino ogi gehiago ematen" zitzaiela du gogoan.

Gosea barik, gerra garaiko giroa oroitzen du gehien. Behin eta berriz errepikatu du bonbardaketa hegazkinen berri ematen zuten sirenen hotsak gogora dakarkiona: "Deabruak ziren alemanak". 20 urte zituela Gernika eta Galdakaoko bonbardaketak memorian iltzatuta ditu: "Ikaragarria izan zen". Urte "oso zailak" pasatu zituela gaineratu du. Garai horietan aita Bilboko Santutxu auzoko Larrinagako kartzelan sartu zuten preso, hurbilekoek salatu ondoren. Handik bidalitako gutunak ondo gordeta ditu etxean.

Gaur egun, Larrabetzuko Mirasol baserrian lasai bizi dela dio: "Ondo bizi naiz orain". Hainbat belaunaldik urteetan sufritutakoaren ahotsa bere barruan darama Asuak.

Trenbideak kentzeko eskatu du Santurtzik

Herria zeharkatzen duten trenbideak kentzeko lanak abiaraztea galdegin dio Santurtziko alkate den Ricardo Ituartek Espainiako Sustapen Ministerioari. Udalaren arabera, ministerioko hainbat arduradunekin bilerak egin dituzte, baina ez dute adostutakoa ...

ELAk akordioa sinatu du Bizkaiko adinekoen egoitzetan

ELAk Bizkaiko adinekoen egoitzetako baldintzak erregulatzen dituen sektoreko hitzarmena sinatu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Gaur egun, Bizkaiko adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan, etxebizitza komunitario eta babestuetako pisuetan 6.500 langil...

Getxoko Punta Begoñako Galeriak konpontzeko hitzarmena sinatu dute

Getxoko portu zaharrera sartzean ikusten den lehen gauzetakoa da Punta Begoñako Galeria. Ia ehun urte dira eraiki zutenetik, eta arrastoa utzi dio denborak. Luxuzko eraikina zena, hondatzeko zorian dago orain. Horiek berreskuratzeko hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Eraikinaren balioa aztertzea da lau erakundeek egin duten akordioaren helburu nagusia. Eta horretarako haren egoeraren diagnostikoa osatzea izango da egingo duten lehen urratsa.

Hainbat esparrutan egingo dituzte ikerketak, lau erakundeek adierazi dutenez. Besteak beste, azterketa historikoa, soziala, arkitektonikoa, kimikoa eta hidrogeologikoa egingo dituzte. Eraikina berriztatzeko asmoa dute, eta, horretarako, esku hartzearen eragin sozioekonomikoak eta estrategikoak aztertu nahi dituzte. Prozesua herritarrekin batera egin nahi dute, eta parte hartzea bermatzeko baliabideak jarriko dituztela azaldu du Josune Ariztondo Bizkaiko Aldundiko kultura diputatuak.

EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren babespean sinatu dute akordioa. PPk ez du bat egin. Arturo Aldekoa alderdiko diputatuaren ustez, "berehalako" esku hartzea behar du eraikinak, eta lau erakundeek egindako proposamena "konplexuegia" izateaz gain, "oso garestia" izango dela azaldu du.

Erakundeek egin duten hitzarmenak ez du iraungitze egunik. Eta zehaztu ahala, konpromisoa eskatuko zaie proiektuari dagozkion beharrezko inbertsio ekonomikoak egiteko. Getxoko Udalaren ekarpena handiagoa litzateke, bera baita eraikinaren jabea. Ariztondok adierazitakoaren arabera, "publikoa" izango da galerien erabilera, eta, berritzen ari diren bitartean, bisitaldi gidatuak antolatuko dituzte. Arañako gatzaga eta Gasteizko Katedrala berritzean egindako prozesua egin nahi dute Getxon ere.

Arlokako ikerketen ondoren egingo dituzten hitzarmen espezifikoetan emango dituzte berreraikitze lanen zehaztapenak. Ariztondok onartu du eraikina oso txarto dagoela, baina nabarmendu du diagnostikoa egin ahala, zurtoinez eusteko neurriak har daitezkeela: "Azkar egin nahi ditugu gauzak, baina ondo". Bizkaiko beste eraikin zaharkitu batzuk berritzeko eredua izango da Getxokoa.

Aberatsen eskuetatik herrira

1918an egin zuten Punta Begoñako galerien eraikuntza, Horacio Etxebarrietak aginduta. Ricardo Bastida arkitekto bilbotarrak eraiki zuen. Diruduna zen Etxebarrieta, eta, urte luzez, jai giroa nagusitu zen eraikinean. Luxuzko bizitza baten testigu izan zen, jabeak etxebizitza eraistea erabaki zuen arte. Ordutik, galeriak besterik ez dira geratzen. Frankismo garaiko lekukotasuna ere gordetzen dute hormetan dauden margolanek.

Urte hauetan hamaika eztabaidaren jomuga izan dira galeriak. Barcelo hotelen kateak egin zuen azken proposamena: luxuzko hotel bihurtu nahi izan zuen eremua. Baina proiektuaren aurka azaldu ziren Getxoko herritarrak. Herriaren ondasun kulturaltzat gorde nahi dute eraikina. Eta horretarakoxe da lau erakundeek sinatu berri duten hitzarmena.

Ibarzabal eta Lazkano ere, udazkeneko txapelketan

Beste bi lehiakide ditu udazkenean jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Eskualdeetako finalak amaitzen ari dira, eta laster jakingo da nortzuk ariko diren udagoieneko lehiaketan kantuan. Joan den asteburuan egin zituzten Lea-Artibaiko eta Durangaldeko bertsolari txapelketetako finalak. Nerea Ibarzabal Salegi nagusitu zen lehenengoan, eta Gorka Lazkano Arrizubieta bigarrenean. Haiegaz batera ariko dira udazkeneko lehiaketan gainerako eskualdeetako ordezkariak.

Zuzenean sailkatzea lortu zuen Ibarzabal markinarrak zapatuan, ariketa guztiak egin ostean. Bederatzi puntu eta erdiko tartea atera zion Gorka Ostolaza lehiakideari. Haren kontra jokatu zuen buruz burukoa, ordura arte puntu kopurua paretsua lortu baitzuten biek. Eta kartzelako saioan atera zion Ibarzabalek zazpi puntu eta erdiren aldea Ostolazari.

Finala egin aurretik, beste bi saio izan dituzte Lea-Artibain. Berriatuko kanporaketan, Ostolaza eta Eneko Arrate sailkatu ziren finalerako, eta Aulestikoan, Joseba Artza, Ibarzabal bera, Xabat Galletebeitia eta Lander Ibarluzea.

Durangaldean ere, antzeko tartea atera dio garaileak bigarrenari; hamar puntu eta erdikoa, hain zuzen ere. Aitor Bizkarra Ruizegaz aritu zen Lazkano buruz burukoan. Kasu horretan, bakarkakoan nagusitu zitzaien guztiei Lazkano, zortzi puntugaz, eta garaile bihurtzeko bidea zabaldu zuen. Izan ere, buruz burukoan nahikoa parekatuta aritu ziren Bizkarra eta bera.

Izurtzako bigarren kanporaketan sailkatu zen Lazkano eskualdeko finalerako, Bizkarra, bera, Ander Salaberria eta Garikoitz Sarriugartegaz batera. Lehenago, Zornotzan Beñat Romero eta Ander Gerrikaetxebarria sailkatu ziren eskualdeko finalerako.

Bi finalek ikusmina sortu zuten bertsozaleen artean. Ziortza-Bolibarko frontoian 110 lagun inguru elkartu ziren Lea-Artibaiko txapelketako finala ikusteko, joan den zapatuan. Domekan, 85 bertsozale batu ziren Berrizko Kultur Etxeko aretoan, Durangaldeko finalean.

Bestalde, Eskolarteko Bertsolari Txapelketen kanporaketa saioak gaur bukatuko dira. Ekainaren 7an jokatuko da finala, Gernika-Lumon.

Miribillan mugitzeko oinarrizko gida

Bilbo Basketek bihar bukatuko du sasoia. Obradoiro hartuko du ACB ligako azken jardunaldian, eta harmailetako txaloak lau hilabetez isilduko dira. Txaloak bai, baina zalaparta ez. Taldeak azken unean eragotzi du kaos instituzionala, eta administrazio kontseilu berria Bilbo Basket bideragarri nola bihurtu aztertzen ari da. Ondo bidean, aurki agertuko beharko luke babesleren batek, baina zama handia da: sei milioi eurotik gorako zorra. Bideragarri ez izateak taldea desagertzea ekarriko luke, 1991n Caja Bilbaorekin gertatu bezala.

Zertan da orain taldea?

Diru iturri bila

Iragan maiatzaren 6az geroztik, Bilbo Basketek administrazio kontseilu berria du. Hautatua izan, eta buru-belarri hasi zen lanean. Taldearen babesle eta babesle izan daitezkeenekin biltzen ari da, "konfiantza" helarazteko. Bilbo Basketek azken hilabeteetan ezegonkortasun itxura nabarmena eman du. IMQ osasun asegururako etxea taldea babesteko prest agertu zen, baina, kontuak ikusi ondoren, atzera egin zuen, eta aurrekari horrek ez dio mesederik egin taldearen sinesgarritasunari. Dena den, litekeena da administrazio kontseilu berriak babesleren bat lortzea, babes politiko handia baitu. Liga amaiera mugarri izan daiteke.

Zeintzuk dira kudeatzaile berriak?

Denak aurpegi ezagunak

Bilbo Basketen administrazio kontseilu berria aurpegi ezagunez beteta dago: Xabier Jon Davalillo presidentea aurretik ere karguan egon zen, 2010ean dimisioa eman aurretik; Iñaki Calvo izango da presidenteorde, aurretik ere karguan zegoena. Davalillo presidente izan zen aurreko garaian taldeak harreman oso ona izan zuen Bizkaiko erakundeekin.

Presa handia al da?

Hasieran, bai

Bilbo Basketeko jokalariek ez dute soldatarik kobratu urte osoan, eta ligak duen zorren babes funtsera jo zuten apiril bukaeran —hiru hilabete baino gehiago zor badizkiete, jo dezakete—. Bide horren bitartez, hilabete bateko soldata kobratu zuten, 300.000 euro inguru, eta taldeak maiatzaren 31ra arteko epea du itzultzeko. Hala izan ezean, maila galtzera behartu dezakete. Dena den, ligarekin negoziatu ahalko luke, bideragarritasun plana egiten ari dela argudiatuz.

Zeinekin du zorra?

Langileekin, oro har

Langileekin du zorrik handiena, erakunde publikoek ogasunarekin zuena kentzen lagundu ziotelako: taldeko langileekin, jokalariekin, teknikariekin, jokalari ohiekin, entrenatzaile ohiekin... Jokalari eta teknikari ohiek hitz egin dute argien: Kostas Vasileiadis jokalari ohiak jendaurrean esan zuen 240.000 euro zor dizkiotela, eta Fotis Katsikaris entrenatzaile ohiak salaketa jarria du. Egun taldean dauden jokalariekin zorra handiagoa izango da, eta, bidez batez, haien ordezkariekin —portzentaje bat kobratzen dute—, tartean Gorka Arrinda.

Nor da Gorka Arrinda?

Ugazaba ohia

Gorka Arrinda izan da azken urtean bili-bolo ibili den izena. Hura da taldeko lorpenen eta komerien arduradun nagusia. Arrinda aita-semeek taldea sortzeko kapitala jarri zuten, eta hamalau urtez haiek izan dira taldearen akziodun nagusiak (%43). Ogibidez, gainera, jokalari ordezkariak dira, eta euren jokalari asko sartu dituzte Bilbo Basketen. Administrazio kontseilu berriak bere akzioak behar zituen agintea hartzeko. Arrindak, baina, saldu egin nahi zituen, 800.000 euroan —hainbat hedabidetan argitaratu denez—, eta horregatik trabatu zen prozesua.

Porrot eginiko enpresa baten akzioek ez dute baliorik merkatuan. Kirolean, baina, zaleen atxikimendua erabil daiteke presio egiteko. Azkenean dohainik eman ditu, bere jarrerak bideragarritasun plana oztopatzen zuela jakitun, eta hari ere ez zitzaion komeni Bilbo Basket desagertzea. Arrindak lehia galdu duen irudia zabaldu da zaleen artean.

Zergatik kendu Arrinda?

Kirol kudeaketa ona, baina ekonomikoa txarra

Gorka Arrindak kirol arrakasta lortu du Bilbo Basketen buruan egon den urteetan. Taldea ondo sustraitu da, eta etxeko partidetan batez beste ikusle gehien biltzen duen ACBko taldea da (9.000 abonatu inguru). Non da arazoa? Kudeaketa ekonomikoa. Bilbo Basketek sei milioi euroko zorra du egun, eta iaz 5,2ko aurrerapen bat eskatu behar izan zion Bizkaiko Aldundiari.

Bizkaiko Aldundiak nola tratatu izan du taldea?

Orain arte, oso ondo

Bizkaiko Aldundiak oso ondo tratatu izan du Bilbo Basket. Azpiegiturak lortzea erraztu izan dio: Casilla, BEC, Miribilla... Eta ez da falta izan diru laguntza zuzenik. Bizkaia Bilbo Basket izan zen bi sasoietan, bina milioi euro eman zizkion babesle nagusi gisa, eta, beste sasoietan, aldundiarekin harreman estua zuten enpresak izan dira babesle: Iurbentia, Gescrap... Azken mesedea apirilean iritsi zen. Aldundiak 5,2 milioiko publizitate kontratua zuen taldearekin hiru denboralditarako, eta kopuru guztia kolpetik aurreratu zion. Aurreratu baino gehiago, barkatu egin zion: 3,7 milioi euro ogasunarekin zituen zorrak baitziren. Krisi ekonomiko garaian, keinu hark asko higatu zuen aldundiaren irudia, eta iturria itxi zuen. Era berean, eta Arrindak zeharka adierazi duenez, azken urteetan aldundiak ez du askorik erraztu babesle bat lortzea.

Eta orain?

Hasteko, gerrikoa estutu

Etorkizuneko erronka zorra ordaintzea da: aurrekontua txikitu —9 milioi eurokoa izatera iritsi zen— eta babeslea bilatu; jokalari merkeagoak fitxatu eta zale kopurua mantendu. Zor handia duten taldeek, ustez, eta legalki, ezin dute ACB ligan jokatu; beraz, litekeena da taldeak hartzekodunen zerrendara joan behar izatea zorraren ordainketa zatikatu eta bideragarri bihurtu ahal izateko.