Sailkatugabeak

Hamalau urteren ostean zahar etxea egitea hitzartu dute Trapagaranen

Populazioa zahartzen ari da, eta Bizkaiko herri asko ere ez dira horren salbuespena. Horren lekuko da, esterako, Trapagarango populazioaren ia erdia 50 urtetik gorakoa dela, Xabier Cuellar alkateak azaldu duenez. Beraz, zahar etxe bat "beharrezko azpiegitura" gisa hartzen dute herrian. 2000. urtean abiatu zuten proiektua gauzatzeko data jarri berri dute: Batzar Nagusiek 2017. urterako egoitza eraiki dezan eskatu diote diputazioari.

Pozik hartu dute albistea herrian. Izan ere, hamalau urte dira proiektua abiatu zutenetik. Hala ere, jakin badakite " gaur egungo egoera ekonomikoa eta garai hartakoa ez direla berdinak". Hori dela eta, "egokiena erraztasun ekonomiko handiagoa zegoen garaietan eraiki izana" litzatekeela uste du Cuellarrek. Gogora ekarri du, gainera, "garai haietan edonon" egiten zituztela zaharren egoitzak. "Gu atzean geratu ginen, baina azpiegitura hori aurrera atera behar da". Eta hala agindu die. "2017an inaugurazioa egin ahal izatea espero dut".

PPk Batzar Nagusietan aurkeztutako ez arauzko proposamen batek atera du argira, berriz ere, Trapagarango egoitzaren afera. 2011n Meatzaldeko udal horrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen bat ekarri zuten gogora hala. Aho batez onartu zuten talde guztiek gehienez hiru urteren buruan egoitzaren proiektua gauzatzeko konpromisoa. Baina beharbada ez da hartan espero bezalako egoitza egingo. 88 egoiliarrentzako zentroa aurreikusita zegoen, baina Cuellarren ustez egun ezin dute zehaztu zelako ezaugarriak izango dituen. Eguneko zentroa ere hartzen zuen hasiera batean pentsatutako proiektuak, eta bi zerbitzuak bateratzea alternatiba ona izango litzatekeela ebatzi du.

Zehaztuta eta bermatuta dutena lekua da. Juan Sebastian Elcano kalean kokatuko dela badaki alkateak. "Granada errekaren ondoan dago, kiroldegitik gertu", zehaztu du, "leku polita eta lasaia da". Errealitatea urte guzti hauetan asko aldatu dela badaki: "Egoera asko aldatu da mendekotasun lege onartu zenez geroztik". Egun leku libreak daude Bizkaiko hainbat egoitzatan, eta horrek guztiak egoitzak eraikitzeko proiektua baldintzatu egin duela ere badaki. Inguruko herrietan, esaterako, badaude egoiliarrak hartzeko lekua duten zenbait egoitza.

Sodupen ere gura dute

Ez da arazo hori duen herri bakarra, Gueñesko Udalak azterketa bat eskatu baitu Sodupen zaharren egoitza bat jartzea bideragarria izango ote litzatekeen ebazteko. "Herritarren aldarrikapenei" erantzunez eskatu du udalak proiektua, Koldo Artaraz alkateak jakinarazi duenez, eta egingarria dela dio azterketak. 88 egoiliarrentzako lekua izan beharko luke, gutxienez, bideragarria izateko. "45 lanpostu zuzen" ere sortuko lituzkeela aurreikusi dute. 7,2 milioi euroko inbertsioa beharko lukete azpiegitura horretarako. "Dirurik ez dugu horretarako, ordea, eta bilatu egin beharko genuke", adierazi dute udaletik. Une honetan bide berriak bilatzen ari dira.

Arrutia bertsolaria ere udagoieneko Bizkaiko txapelketara doa

Udagoieneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketara zuzenean sailkatzea lortu du Aitor Arrutia bertsolariak. Zallan jokatu zen Enkarterri eta Ezkerraldea eskualdeko bertsolari txapelketa, eta hark irabazi zuen. Eskualdez eskualde jokatu diren txapelketen azken finala izan zen.

Arrutia, azkenean, Aitziber Bengoetxeagaz aritu zen buruz burukoan. Hasieratik, nabarmena izan zen bataren eta bestearen arteko puntu tartea. Zortziko handian, hasi berritan jada, hamar puntu eta erdiren aldea atera zion txapeldunak bigarrenari; zortziko txikian, ia bost punturena; puntu erantzunetan, beste hamarrena, eta bakarkakoan, zortzi eta erdirena. Hamarreko txikian, buruz burukoa jokatzen ari zirela, hamar puntugaz irabazi zion Artzentalesko bertsolariak, eta kartzelako saioan, azkenik, hamalau puntu eta erdiren aldea atera zion. Amaieran, beraz, tarte handia lortu zuen Arrutik, 346,5 puntu eskuratu baitzituen, eta 289 Bengoetxeak.

Final hori jokatu aurretik, kanporaketa bi jokatu dira. Trapagaranen jokatutakoan, Nuria Cortada eta Aitor Arrutia pasatu ziren finalera. Santurtziko kanporaketatik, bestalde, Aitziber Bengoetxea, Ander Uzelai, Idoia Anzorandia eta Ion Berrocal atera ziren. Ikusmin handia sortu zuen finalak; Zallako zinema antzokian ehun lagun inguru elkartu ziren, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.

Finalistetako zortzi

Enkarterri-Ezkerraldeko finalagaz, amaitu dira eskualdeetako txapelketak. Bizkaiko txapelketarako, zortzi bertsolarik zuzenean sailkatzea lortu dute: Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Malen Amenabar, Xabier Enbeita, Igor Meñika, Imanol Uria, Gorka Lazkano eta Aitor Arrutia dira bertsolariok.

Gainontzekoak puntuen arabera sailkatuko dira lehiaketarako. Bestalde, orain arte Bizkaiko txapelketaren batean finalista izan direnek ere aukera izango dute zuzenean udazkenean hasteko.

Antisorgailurik gabe

Oraindik antisorgailurik saltzen ez duten farmaziak daude. Eta ez dira gutxi, itxuraz. Bere ingurukoak kontatu ditu Uribe Kostako Koordinadora Feministak, eta horien aukako kanpaina abiatu. Areetako Molina farmaziaren aurrean jakinarazi zituzten antisorgailurik saltzen ez duten salmenta postuak, eta eranskailu bat jarri bertan. "Han kondoirik eta biharamuneko pilularik saltzen ez dutela erakusteko", adierazi du Itxaso Fernandez koordinakundeko kideak. Horrela hasi dute Osasunik ez, ondasunik bez kanpaina, eta emakumeen osasunik bermatzen ez duten farmazietan ez kontsumitzeko deia egin dute.

Eskualdean, guztira, antisorgailurik saltzen ez duten sei farmazia aurkitu dituzte: Areetan, hiru —horietako batean kondoiak saltzen dituzte—; Algortan, bat —kondoiak saltzen dituzte—; Plentzian, dagoen bakarra; eta Erandion, beste bat. Hala ere, herri batzuk oraindik ikertu gabe dituztela azaldu dute taldekoek, eta, horretarako, herritarren laguntza eskatu dute, saltokiak identifikatzeko. "Zerrenda osatua eratzea" da haien helburua.

Kanpaina aurkeztearekin batera, emakumeen bizitza, gorputza eta osasuna eurenak direla nabarmendu dute. "Gure gorputzak gurea behar du, ez estatuarena, ezta merkatuarena ere". Abortuaren lege berriari buruzko bilera batean sortu zen azterketa hori egiteko ideia. "Norbaitek esan zuen zenbait farmaziatan kondoiak ere ez dituztela saltzen, eta zeintzuk ziren begiratzen hasi ginen. Egia esan, guztiok ezagutzen genuen bateren bat, baina azterketa egiteari ekin genion", azaldu du Fernandezek.

Saltoki horiek emakumeen kontrako jarrera daukatela salatu dute: "Argi dugu guk geuk erabaki behar dugula nor eta zer izan, zelan bizi, nor, noiz, non maitatu, nor zaindu, ama izan ala ez, eta ezin dugula onartu guri dagokigun ezer beste norbait gure izenean, gure ordez, erabakitzen tematzea. Azken finean, ez digute uzten gure gorputzaren gainean erabakitzen".

Taldekoek uste dute aukera bat dela jarrera horren atzean sektorerik atzerakoienak indarra hartu izana, baina Fernandezek argi utzi du ikertutako farmazia horietan lehendik ez zutela antisorgailurik saltzen. "Betidanik; ez da oraingo kontua. Esaterako, Molina Areeta erdian dauden farmaziarik zaharrenetariko bat da, eta esango nuke betidanik izan duela jarrera hori", esan du.

Azken boladan ahoz aho dabilen abortatzeko eskubideak sektore horiek "are gehiago harrotu"dituela uste du. "Horren aurka, erantzutea, antolatzea eta aurre egitea beste biderik ez zaigu geratzen guri. Egunero erantzungo dugu, borroka modu berriak asmatuz, irudimena, umorea, sareak, elkarlana zein ekintza zuzena sustatuz", dio koordinakundeak. Emakumeen kontrako erasorik erantzun gabe ez geratzeko erronka defendatu zuten. Beraz, "kontzientzia eragozpenaren aitzakiari kontsumo arduratsuagaz" erantzuteko deia egin zuten.

DESINDUSTRIALIZAZIOAREN KONTRA

Arratiako eskualdearen desindustrializazioaren kontrako protesta egin du LAB sindikatuak. Negarra tailerren aurrean hasi zuten kontzentrazioa, astelehenean, Igorren (argazkian). 30 behargin kaleratu zituzten han martxoan. Auto karabanan, ostean, Arrat...