Behin eta berriro irekitzen da atea. Bizilagunak dira gehienbat, eta denetarik dakarte: kexak Petronorrek ateratako keagatik, kezka Oiolako urtegian agertutako lindanoagatik, elkarretaratze bat egiteko proposamena, edota hitzaldi bat antolatzeko ekimena. Abenduan martxan jarri zenetik, Barakaldoko eta Ezkerraldeko ekologistentzako egoitza berria da Ekobaraka, baina gainerako gizarte mugimenduei ere espazio bat eskaini nahi die. "Beharrezkoa zen", esan dute Nerea Gonzalez eta Diego Jauregi Ekologistak Martxaneko kideek.
Beharrezkoa zen, batetik, jardunak eskatzen zuelako. Ezkerraldearen iragan industrialak utzitako arrastoa agerikoa da borroka ekologistan. "Fabrikak, zentral termikoak, lindanoa, ur arazoak... dena hemen erori da", azaldu du Jauregik. Barakaldon mugimendu ekologista "oso aktiboa" izan dela gogoratu du, Barakaldo Naturala edota Ezpitsua taldeak aipatuta. "Ezkerraldean, berealdikoak izan dira hainbat borroka", jarraitu du, eta Megaparken eraikuntzari buruzko epaiaz jardun da. "Baina belaunaldi berriekin pixka bat galdu da". "Horrelako lokal bat edukitzeak jendea gerturatzea bultzatzen du", erantsi du Gonzalezek.
Ingurumenarekin lotutako arazoak "kalean" berriro jartzeaz mintzatu da. Hala, gai orokorrak ez ezik, tokian tokikoak ere landu nahi dituzte. Horren seinale, Ekobarakaren lehen hiru hilabeteotako jardunaren denbora gehiena hartu duen gaia: Oiolako urtegiaren itxiera. Lindanoa agertu dela-eta, herritarrak eta talde ekologistak informazio eske dabiltza, herrian Oiolako ura edaten ibili baitira otsailera arte. Herenegun bertan idatzia aurkeztu zuten udaletxean, eta atzo elkarretaratzea egin zuten.
Baina natura zaintzeko mezuaz gain, ekologismo soziala sustatzeko asmoz jaio zen Ekobaraka. Gonzalezek dioenez, "gizartea eta ingurumena oso lotuta daude", eta, hala, borroka ekologista langabeziarekin, osasunarekin, garraioarekin edota kontsumoarekin lotu nahi dute. "Feminismoa edota gizarte justizia ere bada gure ekologismoa", ondorioztatu du Jauregik.
Eta horretarako ere beharrezkoa zen Ekobaraka, bien iritziz, "beste hainbat gizarte mugimenduk ere hemen parte har dezaten". Barakaldoko eta Ezkerraldeko eragileei euren azpiegitura eskaini diete: "Gizarte sarea josi nahi dugu".
Hala, abendutik Ekozinemaldia, fracking-ari buruzko hitzaldiak edota Oiolako urtegiaren itxierari buruzko bilerak hartu ditu Ekobarakak, baina dagoeneko herriko beste eragile batzuk ere agertu dira: "Adibidez, Barakaldoko gazte asanbladakoak etortzen dira, bilerak eta hitzaldiak antolatzera".
Egoitza txikia
San Juan kaleko hamargarren zenbakian dago lokala, astelehenetik ostiralera zabalik. Sarreran bertan daukate bulegoa, eta ondoan, denda: han salgai dituzte Ekologistak Martxanen zein beste taldeen elastikoak, irakurketarako materiala —Bizkaiko Hondakinen Plana ulertzeko gidatik hasi eta TAV: Las razones del no liburura arte—, edota ingurumen gaiei buruzko DVDak.
Dendaren atzean dago bilerak, topaketak edota prentsaurrekoak egiteko gunea, bi ordenagailurekin, "herriko elkarteetakoek erabil ditzaten". Beste gela batean dago sukaldea. "Garoñaren aurkako manifestazioaren egunean, adibidez, hemen bazkaldu genuen, eta Bilbora joan ginen. Horrelako planak eginez, elkar ezagutzeko aukera ematen diogu jendeari", azaldu du Gonzalezek.
Txikia izanik ere, askorako ematen du lokalak. "Lan ikusezin handia egiten dugu: dokumentazioa prestatu, legediak aztertu...", dio Jauregik. Eta Gonzalezek beste abantailak atera dizkio: "Gauza batzuetan aditu bihurtzen ari gara; ikasi ere egiten dugu".