1936ko gerrak eragin zituen sarraskiak ez beste inoiz ez beste inon errepika ez daitezen helburutzat hartuta, Inoiz ere ez! Gerra irudiak 1936-1939 erakusketa zabaldu zuten joan den astelehenean Galdakaoko Torrezabal kultur gunean. Sabino Arana fundaz...
Sailkatugabeak
Bizikidetza lortzeko parte hartze eske
Gazte lokal erraldoi bihurtu zuten Durangoko gazteek udaletxe aurreko plaza joan den zapatuan. Lokalok arautzeko udalak onartu duen ordenantzaren helburua leku horiek ixtea dela iritzita eta aisiadirako kalea besterik ez zaiela geratzen arrazoituta, protesta udaletxe aurrera eramatea erabaki zuten gazteek.
Hainbat sofa, mahai eta aulkiz bete zuten plaza, eta lokaletako gazteak ez ziren falta izan. Ordenantza baten beharrizana ez dutela zalantzan jartzen azaldu dute behin eta berriz gazteek. Ordenantza hori eratzeko prozesuarekin agertu dira kritiko, ordea. Hain zuzen, udaleko ordezkariek ordenantza eurekin harremanetan jarri gabe, eurei iritzia eskatu gabe eta lokalak bisitatu gabe eratu eta onartu dutela salatu dute.
Horrez gain, araudiak ezartzen dituen zenbait betebehar "gehiegizkotzat" jo dituzte, eta eskakizun guztiak betetzea "ezinezkoa" zaiela azaldu dute. Miren Erdoizak gazteen izenean haien mezua plazaratu du: "Aireztatze egokia izatea edo su-itzalgailuak edukitzea ondo ikusten dugu, baina lokalak zaratatik babesteak, adibidez, 6.000 euro balio du". Lokaletan egin beharreko aldaketa guztiak jabeen eta gazteen artean akordioak adostuta ordaindu beharko lituzkete.
Besteak beste, lokalek erantzukizun zibileko asegurua eta suteen prebentziorako sistema izan beharko dituzte. Horrez gain, jabeek lokalen egoera erregularizatzeko sei hilabeteren epean datuak eta agiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean.
Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostegunera 22:30era arte zabalik egoteko baimena daukate. Ostiral, larunbat eta jai bezperatan, 23:30era arte luzatu diete ordutegia. Udan, 23:00ak arte zabalik eduki ahal izango dituzte lokalak eta sanfaustoetan, Aste Santuan, Gabonetan eta inauterietan, 00:30era arte.
Atzera botatzeko eskaera
Ordenantzak ezarritako neurri, betebehar eta baldintzei erreparatuta, arau horiek "lokalak ixteko tresna baino ez" direla iritzi diote gazteek. Hortaz, udalari ordenantza "atzera botatzeko" eskatu diote. Gainera, era horretako araudiak egiterakoan euren iritzia kontuan har dezaten galdegin diote. "Guk, lokalen erabiltzaile izanda, zer esanik badugula uste dugu", adierazi dute.
Horren haritik, "neurri koherenteak" aldarrikatu dituzte. Miren Erdoizak Gernika-Lumoko eta Elorrioko ereduak ekarri ditu gogora.
Gernika-Lumon Lonjakidetza prozesuaren bitartez eratu zuten gazte lokalak erregulatzeko araudia. Iaz onartu zuen bertako udalak gazteen lonjen erabilera arautzen duen legedia. Prozesu hartan gazteek, auzokideek, gurasoek, lokalen jabeek, teknikariek eta udaleko zinegotziek hartu zuten parte Lonjakidetzak deitu zituen batzarretan.
Gernika-Lumoko kasuan zarata zen arazorik larriena. Irtenbidea ordutegiak zehaztuta bilatu zuten: ostiraletan 06:00etatik 00:30era arte egon daitezke zabalik, eta 01:30era arte jai bezperatan; adingabeen lokalen kasuan, 23:30era arte ostiraletan zein jai bezperatan.
Zaratarekin lotuta, lokal horietan ezin dituzte erabili potentzia handiko musika ekipoak —75 dezibelean dute muga lokal barruan—. Bestalde, lokal berri bat irekitzeko kontratua sinatu behar dute jabearekin. Azpiegiturari dagokionez, argia, ura eta komuna izan behar dituzte lonjek, derrigor, baldintza onetan instalatuta, gainera.
Gernika-Lumon 70 lonja baino gehiago daude, eta 1.000 gazte inguru elkartzen dira lokal horietan. Durangon, bestalde, 50 gazte lokaletik gora daude gaur egun. Bertako PSE-EEko ordezkariek azaldu dutenez, azken bi urteetan lokalen erabilerarekin lotuta 230 salaketa jaso dituzte udalean. Hortik abiatuta, talde politiko horrek aurkeztu zuen Hirigintza Batzordean gerora udalak onartu duen ordenantzaren zirriborroa. EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoak eman zituzten; Bilduk eta Aralarrek, aldiz, kontrakoak eman ziotuzten.
Gazteen parte hartzea
Urtxintxa Astialdirako Hezkuntza Eskolak lagunduta eratu zuten Gernika-Lumon Lonjakidetza proiekturako arautegia. Bertako teknikarien ustez, era horretako prozesuetan oso garrantzitsua da gazteen parte hartzea: "Auzokideek, udal agintariek eta jabeek parte hartzea garrantzitsua da, baina lonjen erabiltzaileak gazteak dira, eta haiek daukate irabazteko eta galtzeko gehien".
Gazteek lokaletan elkartzeari ekin ziotenetik sarri zalantzan jarri izan da gazteek aisialdia antolatzeko duten modu hori egokia ote den. "Gazteen aukera bat da, udaletatik ez dagoelako eskaintzarik, dagoena ez dutelako gustukoa edo ez delako nahikoa", azaldu du Urtxintxa Eskolako teknikariak. Sarri, gazteen kezka nagusia euren parte hartze eza izaten dela ekarri du gogora.
Lokal edo lonja horietan, dena den, euren artean antolatu egiten direla azaldu dute. Horrez gain, hainbat jarduera prestatzen dituztela eta beste gazteekin ere harremanak izaten dituztela gehitu dute.
Elkarteetako kide diren gazte askok lokaletan edo lonjetan egoten direnen jarrera ez dutela ondo ikusten ekarri dute gogora Urtxintxakoek: "Haien aisialdiaz bakarrik kezkatzen direla diote, uste dutelako ez dutela herrian edo auzoan proposamenik egiten". Gaztetxeetako kideek, esaterako, aisialdi eredu hori zalantzan jarri izan dutela azaldu dute.
Hala ere, Gernika-Lumon, adibidez, gaztetxeko gazte asanblada lonjakidetza prozesuan modu aktiboan aritu zela adierazi dute. Are gehiago, bertan egindako lanaz baliatuta lonja batzuen arteko koordinazioa martxan jarri zuten. Azken finean, "gazteek antolatzeko eskubidea eta aukerak izan behar dituzte, aisialdian eta beste esparru batzuetan", ondorioztatu dute Urtxintxa Eskolakoek.
BIMEP proiektua gelditzeko eskatu dute ekologistek
Lemoizko Armintza auzoan olatuen energia lortzeko ikerketa eta esperimentazio zentroa ezarriko duen BIMEP proiektua gelditzeko eskatu diote Euskal Energiaren Erakundeari (EEE) Eguzki, Talaia eta Txipio Bai talde ekologistek. Euren ustez, egitasmoak in...
Ekologistentzako lokala baino gehiago
Behin eta berriro irekitzen da atea. Bizilagunak dira gehienbat, eta denetarik dakarte: kexak Petronorrek ateratako keagatik, kezka Oiolako urtegian agertutako lindanoagatik, elkarretaratze bat egiteko proposamena, edota hitzaldi bat antolatzeko ekimena. Abenduan martxan jarri zenetik, Barakaldoko eta Ezkerraldeko ekologistentzako egoitza berria da Ekobaraka, baina gainerako gizarte mugimenduei ere espazio bat eskaini nahi die. "Beharrezkoa zen", esan dute Nerea Gonzalez eta Diego Jauregi Ekologistak Martxaneko kideek.
Beharrezkoa zen, batetik, jardunak eskatzen zuelako. Ezkerraldearen iragan industrialak utzitako arrastoa agerikoa da borroka ekologistan. "Fabrikak, zentral termikoak, lindanoa, ur arazoak... dena hemen erori da", azaldu du Jauregik. Barakaldon mugimendu ekologista "oso aktiboa" izan dela gogoratu du, Barakaldo Naturala edota Ezpitsua taldeak aipatuta. "Ezkerraldean, berealdikoak izan dira hainbat borroka", jarraitu du, eta Megaparken eraikuntzari buruzko epaiaz jardun da. "Baina belaunaldi berriekin pixka bat galdu da". "Horrelako lokal bat edukitzeak jendea gerturatzea bultzatzen du", erantsi du Gonzalezek.
Ingurumenarekin lotutako arazoak "kalean" berriro jartzeaz mintzatu da. Hala, gai orokorrak ez ezik, tokian tokikoak ere landu nahi dituzte. Horren seinale, Ekobarakaren lehen hiru hilabeteotako jardunaren denbora gehiena hartu duen gaia: Oiolako urtegiaren itxiera. Lindanoa agertu dela-eta, herritarrak eta talde ekologistak informazio eske dabiltza, herrian Oiolako ura edaten ibili baitira otsailera arte. Herenegun bertan idatzia aurkeztu zuten udaletxean, eta atzo elkarretaratzea egin zuten.
Baina natura zaintzeko mezuaz gain, ekologismo soziala sustatzeko asmoz jaio zen Ekobaraka. Gonzalezek dioenez, "gizartea eta ingurumena oso lotuta daude", eta, hala, borroka ekologista langabeziarekin, osasunarekin, garraioarekin edota kontsumoarekin lotu nahi dute. "Feminismoa edota gizarte justizia ere bada gure ekologismoa", ondorioztatu du Jauregik.
Eta horretarako ere beharrezkoa zen Ekobaraka, bien iritziz, "beste hainbat gizarte mugimenduk ere hemen parte har dezaten". Barakaldoko eta Ezkerraldeko eragileei euren azpiegitura eskaini diete: "Gizarte sarea josi nahi dugu".
Hala, abendutik Ekozinemaldia, fracking-ari buruzko hitzaldiak edota Oiolako urtegiaren itxierari buruzko bilerak hartu ditu Ekobarakak, baina dagoeneko herriko beste eragile batzuk ere agertu dira: "Adibidez, Barakaldoko gazte asanbladakoak etortzen dira, bilerak eta hitzaldiak antolatzera".
Egoitza txikia
San Juan kaleko hamargarren zenbakian dago lokala, astelehenetik ostiralera zabalik. Sarreran bertan daukate bulegoa, eta ondoan, denda: han salgai dituzte Ekologistak Martxanen zein beste taldeen elastikoak, irakurketarako materiala —Bizkaiko Hondakinen Plana ulertzeko gidatik hasi eta TAV: Las razones del no liburura arte—, edota ingurumen gaiei buruzko DVDak.
Dendaren atzean dago bilerak, topaketak edota prentsaurrekoak egiteko gunea, bi ordenagailurekin, "herriko elkarteetakoek erabil ditzaten". Beste gela batean dago sukaldea. "Garoñaren aurkako manifestazioaren egunean, adibidez, hemen bazkaldu genuen, eta Bilbora joan ginen. Horrelako planak eginez, elkar ezagutzeko aukera ematen diogu jendeari", azaldu du Gonzalezek.
Txikia izanik ere, askorako ematen du lokalak. "Lan ikusezin handia egiten dugu: dokumentazioa prestatu, legediak aztertu...", dio Jauregik. Eta Gonzalezek beste abantailak atera dizkio: "Gauza batzuetan aditu bihurtzen ari gara; ikasi ere egiten dugu".
“Umeen gaitasunera egokitutako egia gezurra baino hobea da”
Tratu txarrak jasanda Santurtziko Udaleko Emakumeen Zerbitzura laguntza bila doazen lau andretik hiruk seme-alabak dauzkate, eta %75 inguru adingabeak dira. Beraz, nola azaldu umeei aitak tratu txarrak ematen dizkiola amari? Udalak eskatuta, auzia azt...
Andreen lorpenak Ondarroako mapan
Emakumeen aztarnak azaleratzeko ikerketa lana egin dute Ondarroan. Andreek parte hartze aktiboa izandako espazioak berreskuratzea eta ikusaraztea du helburu Emakumearen eta mugimendu feministaren oroimena Ondarroan, euren aztarnen bitartez proiektuak. Aldi berean, herria emakumeen esku hartzerik gabe eraikitzea ezinezkoa dela erakusten du.
Rosa Baltar Berdintasun teknikariak azaldu duenez, leku askotan hiri debekatuaren mapak eratu dituzte, "segurtasunik ezarekin, indarkeriarekin, erasoekin lotuta". Aztarnen mapa "kontrakoa" dela deritzo: "Alde positiboagoa erakusten du. Lorpenei buruz egiten du berba, baita andreen presentziari buruz ere". Egitasmo aitzindaria da: Bizkaian, Basaurin baino ez dute landu.
Herriko hainbat leku fisiko sartu dituzte mapa horretan. Izan ere, Baltarrek argi du: "Herri baten historia kaleetan, monumentuetan, plazetan dago, eta, kasurik gehienetan, emakumeak horietatik desagertuta egoten dira". Identifikatutako aztarna horien bitartez, emakumeentzat eta feministentzat garrantzitsuak izan diren tokiak eta uneak berreskuratzen dira, "andreek herriaren historian eta hirigintzan eragile aktibo gisa izan duten zeregina ikusarazteko".
Mapak jasotzen duen leku bakar bat aipatzea zaila iruditu arren, portua bururatu zaio lehenbizi Baltarri: "Leku esanguratsua da portua. Lan munduarekin bakarrik dauka zerikusia: emakumeak langile moduan jartzen ditu —prekarietatearen arazoarekin, besteak beste—".
Hondartza ere aipatu beharrekoa iruditzen zaio. "Batetik, Saturrarango kartzela han egonik, errepresioaren adierazle izan da. Bestetik, aisialdiarekin eta zaintzarekin ere zerikusi handia dauka", adierazi du. Izan ere, gogora ekarri duenez, gainerako herrietan parkeetan egiten den zaintza lan hori hondartzetan egiten dute askok Ondarroan. Gaineratu duenez, hondartzek eta parkeek erakusten dute gizonek eta emakumeek ez dutela ardura maila bera umeekin.
Azkenik, feminismoaren aztarna garbitzat Ondarroako Familia Plangintza zentroa aipatu du. "1970eko eta 1980ko hamarkadetan mugimendu feministaren borrokaren ondorioz lortu zen zentroa. Aztarna hori gaur egun osasun zentroan kokatu dugu, plangintza zentroa desagertuta dagoelako. Mugimendu eta borroka feministaren erakuslea da".
Hiri plangintza aztergai
Mapa eratzeaz gain, erabilgarritasun praktikoa emate aldera, ibilbide gidatuak antolatuko dituzte ikastetxeetan. Horrez gain, egindako lanak jarraipena izango duela iragarri du Rosa Baltarrek. Hain zuzen, hiri plangintzari buruzko hausnarketa egin nahi dute ikuspegi feminista batetik. Izan ere, azaldu duenez, "hainbat ikerketak diote emakumeak eta gizonak desberdin mugitzen direla herri barruan".
Bestalde, andreek herrian topalekuak izateari beharrezko deritzo Rakel Elu Berdintasun zinegotziak. Horretarako, Gazte Lekuko gela batzuk prestatzen ari dira, "hainbat taldetako emakume guztiak leku berean elkartu ahal izateko". Izan ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna gauzatzeko, garrantzitsua da emakume guztiek elkarrekin lan egitea, haren ustez: "Horretarako, erreferentzia gune batean batzea oso garrantzitsua da. Banatuta bagabiltza, indarrak banatu eta ahuldu egiten dira".
Apirilean, berriz, emakume guztiak bilduko dituen egoitza horretan zein zerbitzu ezarri erabakitzeko jardunaldiak egingo dituzte. "Ondarroako emakumeek erabaki dezaten zeintzuk zerbitzu nahi dituzten edota zeintzuk beharrizan dauden", esan du Eluk.
Elkartasunez beteriko erakusketa
Joan den azaroaren 25ean Igorren inauguratu zen Arratia-Palenque. Elkartasun zubiak eraikitzen erakusketa ibiltaria, eta bere ibilbidean aurrera egiten jarraitzen du; orain arte Igorren, Zeanurin, Artean eta Bilboko Begoñazpi ikastolan egin ditu geldialdiak, eta martxoaren 24tik apirilaren 1era bitartean Diman izango da ikusgai. Ondoren, Arratiako beste herrietan zehar ibiliko da.
Arratiako Elizak antolatzen duen erakusketa honen helburu nagusia zera da: Arratia eta Ekuadorko Los Rios probintziaren artean duela 64 urte eraiki zen elkartasun zubia sendotzea. Kontuan hartu behar da 1948. urtean Los Riosko misioa zabaldu zuen espedizioko 8 misiolarietatik 3 arratiarrak zirela: Zeanuriko Maximo Gisasola eta Eusebio Ozerinjauregi, eta Lemoako Frantzisko Arraibi, hain zuzen ere.
Lehen misioa
64 urte beteko dira Arratiak eta arratiarrek Los Rios probintziarekin harreman estu eta berezia hasi zutenetik. 1948. urtean Pio XII.a aita santuak baimena eman zion Gasteizko elizbarrutiari —sasoi hartan Donostia eta Bilbo ere bere parte ziren— misioa zabaltzeko Los Riosen.
Ordura arte misiolari bakarrak orden erlijiosoetako fraideak ziren. Aita Santuaren aginduak jarraituz, Carmelo Ballester Gasteizko gotzainak honako apaiz zortzikotea bidali zuen Los Riosera misiolari: Elias Zuloaga, Leandro Zaloña, Gregorio Alonso, Luis Alberdi, Bitor Garaigordobil, Frantzisko Arraibi, Eusebio Ozerinjauregi eta Maximo Gisasola. Zortzi horien artean lau bizkaitarrak ziren, eta hiru arratiarrak: Bitor Garaigordobil (Abadiño), Frantzisko Arraibi (Lemoa), Eusebio Ozerinjauregi (Zeanuri) eta Maximo Gisasola (Zeanuri).
Orduan idatzi zuten Arratia eskualdeko historiaren orrialde solidario ederra arratiar prestu hauek, fedearen eta abenturaren tintaz idatzia ere. Orrialde hori batu, balioa eman eta zabaldu nahi du Arratiako Elizak Arratia-Palenque. Elkartasun zubiak eraikitzen erakusketarekin, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Arratiako mankomunitate eta udalen laguntza izan ditu.
Erakusketa
Argazki, mapa eta testuen bitartez, misioaren historia eta baita gaur egun lurralde haietan egiten ari diren lana ere biltzen da erakusketan. Javier Lacalle Laka zornotzar artistak erakusketa iragartzeko diseinatu duen kartelean islatzen den bezala, Gorbeiako gurutzea eta Los Riosko mapa elkar besarkatzen dira elkartasun zubiak eraikiz, hirurogei urtetik gora Arratiako herriaren eta Ekuadorreko kostaldeko herri montubioaren arteko bizia, ametsak eta fedea komunikatuz. Nazioarteko elkartasunak irribarrea sortzen du Palenqueko umeen aurpegietan, eta kartelaren behealdean beren agurra eskaintzen dute Bizkaiko lau apaiz misiolariek.
Erakusketaren beste sail batean, gaur egun lankidetzan, garapenean eta askapenean egiten ari diren lana erakusten da, adibide moduan, sasoi hartan Vinceseko parte eta gaur egun udal edo kantoi den Palenqueko errealitatea aurkeztuz: nekazaritza kooperatiba, emakumearen alorrean egindako lana, osasuna, herri kultura, heziketa…
Ez dira ahazten munduko hainbat txokotako misioetan lanean diharduten arratiarrak ere: Juanita Agirre eta Maribel Egiluz Igorreko mojak, bata Perun, Kongon bestea; Bediako Conchita Basaguren, Venezuelan; Zeanuriko Joan Etxebarria Bogotan (Kolonbia); Dimako Maria Luisa Artabe eta Felipe Bustinza, Kolonbian eta Madagaskarren; Javi Pertika Txilen, eta Blas Esparta Argentinan…
Hainbat ekintza
Erakusketako azkeneko atalean gaur egun Arratian misioen alde egiten diren hainbat ekintza azaltzen dira: Igorreko tonbola solidarioa Gabonetan, Santa Ageda eguneko diru batzeak, Caritas Arratiak jairik jai, herririk herri antolatzen dituen Bidezko Merkataritzako postuak, edo etxerik etxe hiru hilabetean behin Arratian zabaltzen diren Los Rios izeneko aldizkariaren 400 aletik gora.
Erakusketaren inguruan beste ekintza batzuk antolatu dira, adibidez kiniela misiolaria, aurkezten den edukiari buruzko galdera errazez osatua, parte hartzaileari Bidezko Merkataritzako produktuz osaturiko otzarak irabazteko aukera emango diona, hau guzti hau Arratiako Caritasek lagunduta.
Gaian sakondu nahi izanez gero, eskura izango da Palenque bertatik liburutxoa eta www.arratia.tk webgunean ere erakusketaren informazio eguneratua eskuratu ahal izango da.
Sarrikoko zentral termikoari buruz informazioa eskatuko du Bilduk udalean
Bilduk erantzuteko eskatu dio Iñaki Azkunaren taldeari, Zorrotzaurre planaren barruan Bilboko Udalak Sarrikon egin nahi duen zentral termikoaren inguruan bizilagunek kezka agertu dutela eta. Joan den ostiralean gaiari buruzko informazio bilera bat antolatu zuen koalizio horrek San Inazioko udaltegian, eta han, Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak berretsi zuen Deustua, San Inazio, Sarriko eta inguruko auzotarrek "zalantza eta kezka ugari" dauzkatela: "Erabat zabalduta dago udala informazioa ezkutatzen ari delako irudipena". Hala, mozio bat aurkeztuko du datorren asteazkeneko udalbatzarrean, udal gobernuari informazioa eta "gardentasuna" eskatzeko.
Egitasmoari begira, orain arte urrats bakarra egin du udalak: Zorrotzaurre planaren barruan zentralerako lursail bat gorde. "Etorkizunean termikoa eraiki ahal izateko, orain lurzorua erreserbatu egin behar dute. Gero, eraikiko dute edo ez, baina badakigu udalak apustu argia egin duela sistema horren alde", azaldu du Ibaibarriagak.
District heating izeneko zentral termiko bat egiteko asmoa du udalak; hau da, auzorako zentral bat. Baina, horrez gain, oso informazio gutxi dago proiektuaren inguruan. Hartara, Bilduk eskatu dio argi dezala zein instalazio mota izango den, zenbat tximinia edukiko dituen eta zein altueratakoak, zein kalte eragin ditzakeen eta zergatik aukeratu duen sistema hori, "kutsadura eta eragozpen gutxiago sortzen duten beste batzuen ordez".
Bizkaia pilotalekuak 43.000 ikusle hartu ditu lehen urtean
Urtebete da Bilboko Bizkaia pilotalekua ireki zutela, eta 42.859 ikusle hartu ditu tarte horretan jokatu diren pilota profesionaleko 53 jaialdietan. Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Saileko zuzendariak eman du datu hori, eta...
Zazpi milioi euro jasoko ditu Zabala, San Frantzisko eta Bilbo Zaharreko planak
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako berritze obren ostean, Bilboko Udala prest da Komunitate Plana abian jartzeko. 2012 eta 2016 artean, zazpi milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du bizikidetza bultzatzeko egitasmo horrek, eta gizarte gaiak landuko ditu batik bat, nahiz eta Sabin Anuzita Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotziak asmoa agertu duen azpiegiturak hobetzen jarraitzeko ere.
Bizi-kalitatea, herritarren arteko harremanak, azpiegiturak eta hedapen ekonomikoa hartu dituzte ardatz, eta, hala, zazpi jarduera ildo nagusi ezarri dituzte: plan komunitarioa, aniztasunean esku hartzeko plana, adinekoei arreta emateko plana, familiei laguntzeko plana, komunitatean gizarteratzeko plana, hezkuntza laguntzeko plana eta ekonomia suspertzeko plana. "Ekintza batzuk zenbatu egin ahal izango dira, baina zailagoa izango da beste neurri sozialago batzuk neurtzea", azaldu du Anuzitak.
Gizagune zentroko arduradun Yolanda Muñozek zehaztu du neurri sozial horietako asko lehen azpiplanean egongo direla; plan komunitarioan, hain zuzen. "Auzokoen eskaera nagusietako bat da pertsonen arteko harremanekin lotuta egotea". Hartara, eskura jarri diete bitartekaritza zerbitzua, baita gatazkak kudeatzeko lantaldea ere: "Oso emaitza onak izan ditu Otxarkoagan, alarma soziala sor zezaketen arazoak saihesteko".
Prebentzioa ere landuko dutela erantsi du: "Gure eguneroko portaerek ez dezaten eragozpenik sor". "Funtsean, komunitate horri tresna batzuk emango dizkiogu bizikidetza hobe dezaten, baina inor estigmatizatu gabe", laburtu du Anuzitak.
Udalak 7.439.617 euro erabiliko ditu Komunitate Plana garatzeko. Horietako sei, hain zuzen, udalak berak jarriko ditu, eta gainerakoa Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Europako zenbait erakundek jarriko dute.
Parte hartzeak legitimatuta
Hiru auzootako bizilagunekin, elkarteekin eta beste administrazioekin prestatu du plana udalak. Anuzitak zehaztu du herritarren %7k parte hartu dutela: "Kopuru txikia dirudi, baina handia da, %5 izaten delako". Hori dela eta, zinegotziak uste du parte hartzeak legitimatzen duela egitasmoa: "Elkarteek eta herritarrek amets egin zuten zelako auzoa nahi zuten, eta guk paperean jarri ditugu amets haiek".