Sailkatugabeak

“Gauden zulotik ateratzen nahikoa behar izango dugu”

"Sorpresa". Urduñako alkate izatearen albistea hala laburtzen du Karlos Arranz bilbotarrak (Bilbo, 1981). Leioa, Bilbo, Sondika eta Orozko herriak izan ditu bizitoki, baina Urduñak geratu du haren joan-etorria; edo, abiarazi. Turistentzat atseden hartzeko herria bada ere, Arranzentzat guztiz kontrakoa da; "beste leku batera joan behar dut erlaxatzera".

Foru plazako iturri barruan hasi zuen alkate ibilbidea: "Lau urte daramatzat herrian, eta nire bataioa izan zen, Bilduk alkatetza gehiengo osoz lortu zuela ospatzeko".Udalari eta herriari denbora emateak seme-alabekin egoteko astia kentzen dio: "Duela gutxi izan naiz aita bigarrenez; dena pilatzen ari da".

Esaera zaharrak dioen gisan, herri txikia infernu handia dela pentsatzen du. Ez, ordea, herritarrengandik, langileak egon arren liberatu bakarra denez erabakitzeko zama guztia harengan geratzen delako baizik.

Udala ekonomikoki "egoera latzean" eta estrukturalki "antolatu gabe" aurkitu du. Izan ere, dioenez, aurreko gobernu taldeak sei milioi euroko zorra utzi die herentzian. Haatik, salaketa publikoa egin baino gehiago, herritarrei egoera jakinarazi dietela dio. "Arazoa estrukturala da; ontzia nora zihoan duela hamar urte ere ikusten zen, baina aurreko gobernuek ezkutatu egin dute". Arranzen ustez, gardentasuna ezinbestekoa da; "akatsak ez dira ezkutatu behar, identifikatu, kaleratu eta konponbidea bilatu baizik".

Aitortu duenez, udaletxea lantoki bihurtu arte ez da jakiten kudeatzea zer den. Eguneroko beharrak erakusten du lana zer den eta nola egin behar den.

Lehen urtea barne antolamendua definitzen eta plan estrategikoa egiten pasa du: "Gauzak antolatu, barneko baliabide ekonomikoak finkatu eta plangintza zehaztea da gure erronka". Errealista izan behar dela dio. Eta ez zaiola gustatzen aurrez herriari ideia finko bat proiektatzea, ikuspuntu eta bide berriak baztertzen baititu horrela jokatzeak.

Epe labur eta luzerako helburuak plan estrategiko batean txertatu ditu: "Gauzak norabide batekin egin behar dira. Zer gertatuko den auskalo! Udalera iritsi garen garai hau oso gogorra da".

"Zelako Urduña behar du herriak?" galdera herritarrekin landu beharrekoa da, haren iritziz. Horregatik, hainbat batzorde osatu dituzte. Horien artean daude berdintasun eta jai batzordea, zeini Otxomaio festak antolatzeko dirua eta botere osoa eman dioten. Hala ere, ez du uste jaietan parrandarako aukera askorik izango duenik: "Orain beste era batera gozatu behar ditut".

Lantegiak hilda, kezkak bizirik

Azken urteetan, Urduñako industrialdeko enpresa gehienek porrot egin eta ateak itxi dituzte. "Oso zaila ikusten dugu enpresa handi bat etorri eta 200-300 lanpostu sortzea. Herriko enpresa handiena udala bera eta zaharren egoitza dira, 20 eta 30 langilerekin". Giltza herritarrengan egon litekeela sinesten du: "Nekazaritza eta abeltzaintza oso garrantzitsuak dira. Ezetz ematen du, baina produktu horiek bigarren sektore bilaka daitezke. Haragia bada jatorrizko produktua, saltxitxak salduko dituen industria edo denda ireki daiteke".

Argia ikusteko jarrera pasibotik aktibora pasa behar dela garbi du Arranzek. "Norbaitek lana eskaintzeko zain egoten gara, baina edonork lana egiteko zerbait eman dezakeela ahazten zaigu", erantsi du.

Golf zelaia garestia zela eta, zerbitzua bertan behera utzi du udalak. Ortu ekologikoek, aldiz, aurrera darraite. Izan ere, naturari errespetuz begiratzen dio: "Hirigintzan, gauza berriak egin baino gehiago, dagoena zaindu eta berritu behar da".

Alabaina, ez du baztertzen inbertsio berriak egitea. Horren adibide da udal jantokia. Aurreratu duenez, Urduñan aktiboki dauden jantoki kolektiboak zerbitzatzeko izango da: nagusien etxea, eskola... Hala ere, proiektu handiena herrian antolakuntza eta oreka bilatzea izango dela azpimarratu du: "Proiektu asko dauzkat buruan, baina ez dira errealak. Zulotik ateratzearekin nahikoa lan dugu".

Elkarlana gidari

Herriak ala alkateak nork agindu behar duen galdetzean, "agindu" hitza ez zaiola gustatzen dio. Bakoitzak bere zeregina duela iruditzen zaio. "Herritarren iritzia kontuan hartu behar da, baina politikariona da ardura edo erantzukizuna", gehitu du.

EITBko Vaya Semanita programan ez bezala, herri galdeketak ezin direla etengabe egin esaten du: "Azken erabakia eguneroko gauzetan politikari edo alkatearena da, ez herriarena. Herriak hauteskundeetan erabaki du udalean zein agintari nahi duen eta lau urteetan zein programa garatzea nahi duen". Udala bideratzeko irizpidea politikari eta herritarrek elkarlanean jardutea da Urduñako alkatearentzat. "Ez bakarrik hauteskundeetan", dio.

Durangoko trenbidearen eremua zerk beteko duen ez dute erabaki oraindik

Durangoko trenbidea lurperatzeko lanak aurrera doaz. 2012. urtea bukatu aurretik trena lur azpitik ibiliko da, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren iragarpenak betetzen badira. Hala ere, oraingoz argitu gabe dago gaur egun trenbidea dagoen eremuan zer egongo den errailak handik kentzen dituztenean.

2004an Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Durango Operazioa zeritzon proiektua abian jartzeko asmoa iragarri zuten: Zaha Hadid arkitektoak diseinatutako Euskotrenen egoitza eta luxuzko bost etxebizitza dorre egiteko asmoaren berri eman zuten orduan. 2010ean, ostera, Garraio Sailak esan zuen Euskotrenen egoitza berria ez zutela han egingo. Gainerako guztia airean geratu da.

Alderdien proposamenak

EAJk du alkatetza Durangon; Trenbide Zumardia eratzeko proposamena egin du. "Zumardi hau durangarren bizi-kalitatea hobetzeko espazio berri bat izango da. Bertan espaloi handi bat egin gura dugu, bizikletaz zein oinez ibiltzeko", azaldu dute alkatetzatik. Autoak garajeetara edo euren etxeetara joateko soilik pasatu ahal izango dira bertatik.

Edozein obra proposamen egin aurretik "Durangok azterketa soziodemografiko bat" behar duela deritzo, bestalde, Jon Bingen Landabidea Bilduko zinegotziak. "Gaur egun Durangon eraikitzen den guztia beharrizan errealak ezagutu gabe egiten da. Ez dira kontuan hartzen etorkizunean herrian eraiki nahi diren etxebizitzetan biziko diren auzolagunen beharrizanak, ez dira gizarte zerbitzuak aurreikusten... Proiektuak bata bestearen atzean onartzen dira", salatu du Landabideak.

Durangoko PSEk, aldiz, "aisialdi eremu handi bat" eratu nahi du inguru horretan. Horrez gain, "jaietako jardueretarako espazio bat" gorde nahi du, Idoia Agorria alderdi horretako zinegotziak adierazi duenez: "Hasierako proiektuaren amets irudiak ez dira lehentasunezkoak, ez herri-gunerako aurreikusitako luxuzko eraikina, ez Euskotrenen egoitza nagusia".

Horrez gain, "erakundeak batzeko proiektu" baten aldeko apustua egin dute. "Eraikin berean erakunde guztien bulego guztiak bildu nahi ditugu: udala, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Lanbide, Espainiako Enplegu Institutua, Ogasuna, Eusko Jaurlaritza... Bide horretatik, kostuak murriztuko lirateke, eta herritarrek administrazioarekiko harremanak errazago bideratuko lituzkete", azaldu du Agorriak. Bestalde, helduentzako hezkuntza zentro bat —UNED, besteak beste— jartzeko proposamena ere egin dute. Horrez gain, toki berean Euskotren, Bizkaibus eta taxi zerbitzuak jarri nahi ditu PSEk.

Aralarrek zerbitzuetarako leku bat eskatzen du. Horrez gain, besteak beste, Kirolene ikastegirako egoitza berria bertan egitea nahiko luke. Dani Maeztu zinegotziak gogora ekarri du hasierako proiektuaren aurka agertu zirela eurak. "Estrategikoa den trenbide baten lurperatzea ezin zen higiezinen operazio baten menpe egon", esan du.

Durangoko PPk, azkenik, espazio horretan etxebizitzak egitea begi onez ikusiko luke. Halere, alderdi hori ez dago hemezortzi solairuko dorreak eraikitzearen alde.

Trenbidea lurperatzeko obrek hiru urteko atzerapena dute, eta Jaurlaritzak sei aldiz iragarri du lanok bukatzeko data desberdin bat. Alderdi gehienek gogora ekarri dute Arriolaren iragarpenaren berri komunikabideen bitartez izan dutela. "Oraingoz, dakigun bakarra komunikabideetan agertutakoa da. Era ofizialean ez digute ezer esan", adierazi dute alkatetzatik.

Pasaguneetan arazoak

Trena lur azpitik ibiltzen hasten denean herrian dauden sei pasaguneak ere desagertu egingo dira. Zirkulazioa ordubetean lau aldiz etenarazten dute pasaguneok. Hori ez da oztopo bakarra, ordea: azken urteetan gaizki funtzionatu dute hainbat aldiz. Arazo tekniko horiek azpiegitura zahartzen ari delako gertatzen direla diote EAJk eta Bilduk. Aralarrek, berriz, esan du trenaren lurperatzea iragarri zutenetik mantentze lanak ez direla egokienak izan.

1936ko sarraskiak gogora ekarri dituzte Galdakaon

1936ko gerrak eragin zituen sarraskiak ez beste inoiz ez beste inon errepika ez daitezen helburutzat hartuta, Inoiz ere ez! Gerra irudiak 1936-1939 erakusketa zabaldu zuten joan den astelehenean Galdakaoko Torrezabal kultur gunean. Sabino Arana fundaz...

Egoera ekonomiko “larria” salatzeko martxa egin dute Enkarterrin

Enkarterriko egoera sozioekonomikoa "gero eta larriagoa" da. Baieztapen hori abiapuntutzat hartuta, Zallatik Gueñesera salaketa martxa egin zuten eskualdeko dozenaka lagunek igaro igande eguerdian, Enkarterrin bizi eta lan lelopean.

Hala, LABek, Bizkaiko EHNEk, Alternatibak, Aralarrek, EAk, ezker abertzaleak eta Gazte Independentistek deitutako mobilizazioan salatu zuten Enkarterriko jarduera ekonomikoak hiru sektoreetan izandako bilakaeraren ondorioz langabezia tasa "handitu" egin dela.

Lehen sektoreari dagokionez, eragileek ohartarazi dute eskualdeak dituen aukerak "zapuztuta" gelditu direla azken hamarkadetako nekazaritza politika "okerren" ondorioz. Horrez gain, Enkarterrik pairatzen duen "desindustrializazioa" gogora ekarri dute, eta horrek eragindako "domino efektua" aipatu. Izan ere, Enkarterriko lehen eta bigarren sektoreen egoerak merkatari txiki, tabernari zein enpresa txikiei kalte egin die, eragileen ustez. Erakundeei egotzi diete egoera sozioekonomikoaren erantzukizuna.

Horrenbestez, eskualdeko udal "gehienek" adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Enkarterri "hiltzen" uzten ari direla: "Hainbat alditan egin dizkigute promesa hutsalak, baina guk egunetik egunera gero eta langabezia handiagoa besterik ez dugu, eta dagoen lana ere gero eta prekarioagoa da". Hori saiheste aldera, beharrezkotzat jo dute pertsona, elkarte eta erakundeen lana.

Bestalde, ohartarazi dute Enkarterrin Konecta BTO dela 250 langiletik gora dituen lantegi bakarra. Azken asteotan, enpresa horretan izandako kaleratzeak direla eta, gatazka entzutetsua sortu da zuzendaritzaren eta langileen artean. Martxoaren 1ean 11 langile kaleratu zituen Konectak, eta beste seiri Bartzelonara lekualdatzea proposatu die. Kataluniara joatea onartu ezean horiek ere kaleratuko dituela iragarri du enpresak.

Martxoaren 23an LABek mobilizazioak antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan Iberdrolak dituen egoitzetan, langileen egoera salatzeko. Izan ere, Iberdrolaren telefono bidezko arreta egiten du Konecta BTOk. Ertzaintzak arrastaka atera zituen Bilboko Iberdrolaren dorrean eserialdia egin zuten lagunak.

Gose grebaren bukaera

Konectako lankideen egoera salatzeko gose greba amaitutzat eman zuten igandean bertan LABeko delegatu Irantzu Llasmosasek eta Leire Sainz-Ezkerrak. Hamasei egunez egin dute protesta, baina bertan behera uztea erabaki dute, "agorturik eta indarrik gabe" sentitzen direla adieraziz.

Bi asteetan jaso dituzten elkartasun adierazpenak eskertu, eta euren protesta "langileen borroka pizteko baliagarria" izan dela nabarmendu dute. Bide batez. Iberdrolaren "jarrera" salatzeko baliagarritzat jo dute gose greba. Telefono arreta egiteko enpresak azpikontratatzea egotzi diote enpresa honi, "langileak esplotatzen dituzten kontuan hartu barik". Azkenik, "borrokan jarraitzeko" eta greba orokorrean parte hartzeko deia egin zieten Enkarterriko beharginei.

Hirugarrenez garaile

Durangaldeak hirugarrenez irabazi du Bertsolari Gazteen BBK sariketako finala. Gaur zortzi jokatu zen, Bilboko Kafe Antzokian. Garaipen honek erakusten du Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Miren Amurizaren eskualdean ez dela falta bertso sena eta gogoa. 2005. urtean, Arratia eskualdeari hartu zion aurre, eta, 2006. urtean, Ipar Uribe eskualdeari. Aurten, sariketaren XX. urtean, Lea-Artibai utzi dute bigarren. Garaileek 421 puntu bildu dituzte, eta garaituek, 382. Bizkaiera egokienaren saria Lea-Artibaiko Naroa Loiolak jaso zuen. Bertsolari gazteenarena, berriz, Txaber Altube Durangaldeko mutilarentzat izan zen.

Bertsolari gazteok entzuteko asmoz bete zen Kafe Antzokia. Saioa hasi baino hamar minutu lehenago ia eserleku guztiak senitarteko eta lagunek hartuta zeuzkaten. Hori dela eta, parte hartzaileek ez zuten faltan sumatu inguratutakoen txalo eta animo oihurik. Ohikoa den bezala, bakoitzak bere eskualdearen alde egin zuen.

Aurrena, 18 urte artekoek abestu zuten. Durangaldearen ordezkariak Txaber Altube, Igor Uruburu eta Ane Alegria izan ziren. Lea-Artibaikoak, berriz, Josune Aramendi, Naroa Loiola eta Elene Lejarzegi. Hasierako agurretan urduritasuna antzeman arren, dotore egin zuten bertsotan gazteenek.

Bernardo Mandalunizek eduki zuen gaiak jartzeko ardura. Eta, nola ez, azkenaldian Bizkai osoa aztoratu duen taldea, hau da, Athletic izan zuten hizpide Altubek eta Aramendik. Altubek finala ikusi nahi zuela esan zion arreba zuen Aramendiri: "Mestallara be joan zinen zu / orain hiru urte bueltan / eta zurekin joango nintzela / ibili nintzen pentsetan / aurten banoa eta sinistu / ze gaur ez nabil brometan / niretzako be egongo da ta / lekua hotel horretan".

Futbolak barrea eragiteko balio izan zuen arren, gai serioagoak ere landu zituzten. Aipagarria Alegriak kartzelakoan emandako mezua eta bildutakoen aldetik jasotako txalo zaparrada. Gurasoen logelan zarata entzuten duela adierazi zion Mandalunizek. Alegriak genero indarkeriari buruz mintzatzeko baliatu zuen.

Gazteenek lana bukatu ostean, 19 urtetik 24 urtera artekoen txanda iritsi zen. Durangaldetik, Aitor Bizkarrak, Julen Sololuzek eta Eñaut Uruburuk kantatu zuten. Lea-Artibaitik, Nerea Ibarzabalek, Eneko Arratek eta Xabier Iturraspek.

Esperientzia gehiago izanik, lasaiago egin zuten bertsotan. Iturraspek atzoko greba orokorrean parte hartzeko deia egin zien bildutako bertsozaleei: "Aste Santu aurretik greba orokorra / ekonomia dago benetan hauskorra / parte hartu daigun danok piztuta motorra / egoera guztiontzat da eta gogorra". Puntuka abestuz bukatu zuten saioa. Oraindik garailea zein eskualde izango zen jakin ez arren, Arratek, Lea-Artibaik galduko zuela esan, eta bete-betean asmatu zuen.

Bonbardaketen lekuko isilak protagonista egingo ditu bihar Zilar Asteak, Durangon

Durangon, urtero antolatzen dute Zilar Astea, eta aurtengoa bukaera aldera iristen ari da. Aurten, aste tematiko hori Durangoko bonbardaketaren 75. urteurrenari eskaini diote. Ildo horretatik, biharko ibilaldi kulturala antolatu dute. Hain zuzen ere, bonbardaketaren kekuko isil izan ziren tokiak bisitatuko dituzte: zenbait kale eta eraikin esanguratsu.

18:15ean aterako dira ibilaldi horretan parte hartuko dutenak. Kurutziaga kalean hasiko dute ibilbidea, toki horretan jauzi ziren-eta 1937ko bonba haiek. Handik Santa Susanara abiatuko dira, eta bertatik Etxezarreta jauregira. Martxoaren 31ko erasoaren ondorioz, jauregi hori erietxe moduan erabili zuten. Ondoren, Karrika antzerki taldearen ikuskizuna egongo da.

Ostean, Nevers ikastetxera joango dira: gizonezkoentzako kartzela gisa erabili zuen Francisco Franco diktadoreak lehenbizi, eta, ondoren, emakumeentzat. Kriskitin dantza taldearen emanaldia izango da gero.

Ezkurdi plazan egingo dute hurrengo etenaldia. 1936ko irailaren 25ean pairatu zuen lehenengo bonbardaketa Durangok. Lehergailuetako batek hamabi lagun hil zituen plaza horretan zegoen frontoira erori zenean.

Andra Mari elizan, bestalde, gogora ekarriko dute meza ematen ari zirela bonbardaketaren egunean; elizpean, gainera, azoka zegoen. Eguneko azken ekitaldia bertan egingo dute, musika, aurresku eta lore eskaintzen bidez.

'Zerutik sua dator'

Gaur, Zerutik sua dator! Lau belaunaldi suaren inguruan ikuskizuna eskainiko dute Andra Mariko elizpean, 20:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko antolatutako jardueretako bat da hori. Durangon hasi, eta Bizkaiko hainbat herri zeharkatuko dituzte ekitaldiok, eta, Gernika-Lumora iritsi, eta bertan bukatuko dira. Bonbardaketa haiek pairatu zituzten herrietan hartuko dituzte, hain zuzen, ekitaldi horiek eta beste batzuk.

Zerutik eroritako suaren ondorioak ez ahazteko, Sua eskurik esku, lekurik leku ekitaldiari ekingo diote Durangon, duela urtebete Otxandion egin zuten oroitzapen ekitaldiaren lekukoa hartuta. Ez da kasualitatea ekitaldi horretarako eliza aukeratzea. Izan ere, altxamendu militarra zein gerra munduaren aurrean justifikatzeko erlijio katolikoa babestu beharra arrazoitu zuten faxistek. Euskal Herrian, ordea, bonbardaketak nora bideratu erabakitzeko erreferentzia gisa erabili zituzten elizetako kanpandorreak. Durangon, esaterako, San Jose, Andra Mari eta Santa Susana elizak bonbardatu zituzten, eta eraso horietan ehun pertsona inguru hil zituzten.

Martxoak 31 musika taldearen Aspaldiko negu baten abestiak bideratuko du saioa. Bonbardaketaren nondik norakoak kontatuko dituzte. Gaurko ekitaldiaren bitartez, Durangaldeko herriei ahotsa emango diete; besteak beste, Otxandio, Elorrio, Abadiño, Galdakao, Zornotza eta Berrizi.

22:00etan, b estalde, Karrika antzerki taldeak Lurra astinduz ikuskizuna tauleratuko du San Agustin kultur gunean. Altxamenduaren osteko egunak kontatzen dituzte lan horretan.