Sailkatugabeak

KAIKU NAGUSITU DA SESTAOKO URETAN

Batelen Bizkaiko Txapelketa jokatu dute asteburuan Bilboko itsasadarrean. Sestaoko Kaiku batela —irudian— gailendu zitzaien gainerako taldeei. Bigarren lekuan Bermeoko Urdaibai geratu zen, eta hirugarren, azkenik, Elantxobe. Kaiku eta Urdaibai lehia estuan ibili ziren txapelketak izan zituen lau luzeetan. Joaneko luzeetan azkarrago ibili ziren Bermeokoak; bueltakoetan, Jose Luis Kortak gidatutako batelak denbora hobeak egin zituen. Emakumeei dagokienez, Lutxana nagusitu zen, eta Ondarroakoak iritsi ziren bigarren. Azkenik, gazteen kategorian Mundakako batelak eskuratu zuen lehenengo lekua.

Gobelan lixibiatuak agertu direla salatu dute

Auzokideok elkarteak salatu duenez, Ura Eusko Jaurlaritzaren ur agentzia obrak egiten ari da Getxon, Gobela ibaian, uholdeak berriro gertatzea eragozteko, eta lan horiek lixibiatuak azaleratu dituzte. Neguri Langile inguruko ibaiertzean agertu dira hondakin horiek; bereziki, Neguriko futbol zelaia izandakoan.

Elkarteak laborategi batera bidaliko ditu aurkitutako hondakin horien laginak, han azter ditzaten. Hala ere, dagoeneko aurreratu dute metal astunak daudela lixibiatu horietan —besteak beste, beruna, kadmioa eta artsenikoa—. Nitratoak ere aurkitu dituzte. Hondakin horiek legeak ezarritako mugak gainditzen dituztela ohartarazi nahi dute.

Aurkikuntza hori eginda, elkarteak kontrola exijitu die administrazio publikoei, argi dezaten ea hondakin horiek kaltegarriak diren osasunerako. Jolaseta zubiaren inguruan agertu dira lixibiatuen hondakinak, baita Lexarreta pasagunearen eta Errota-Zaharra errekaren artean ere.

Auzokideok elkarteko kideek azaldu dute hondakin toxiko horiek lehenago ere hor zeudela. Orain, berriz, agerian utzi dituzte Ur Agentziaren lanek. Haien ustez, inguruan egon diren zabortegien egoeraren ondorio dira hondakinok. Bereziki, Artea merkataritza zentroa eraiki zuten lekuan zegoena gogorarazi dute; salatu dute etxebizitzetatik gertu lixibiatu toxikoak ateratzen direla oraindik ere, nahiz eta zabortegi hura aspaldi itxi zuten. Bizilagunek argitu egin gura dute zein ondorio izan ditzaketen hondakinek, eta, behar izanez gero, neurriak hartzea nahi dute .

Desanexioa negoziatzeko pausoak hasi dituzte

BILBO. Usansolo Herria taldeak eskaera bat erregistratu zuen joan den ostiralean Bizkaiko Foru Aldundian, Galdakaotik bereizteko batzorde bat era dadin. Hogei urte daramatzate borrokan, Usansolo herria izan dadin. Orain, aldundiak erabaki egin beharko...

Jaurlaritzak ez du Erralde zabaltzeko baimenik eman

Itxaropen handirik gabe joan ziren Erraldeko ordezkariak Osasun Sailagaz eguaztenean zuten bilerara, baina han jasotako erantzuna espero baino hotzagoa izan zela azaldu du Mikel Ansotegi bertako presidenteak: Jaurlaritzak ezezko borobila eman dio hiltegia berriz zabaltzeko eskaerari.

"Jakinarazi diegu hiltegia egoera onean jarri dugula eta funtzionatzeko moduan dagoela. Beharginak behar bezala kokatuta gurutzatzerik ez dela gertatuko deritzogu", azaldu du Ansotegik hiltegiak duen U itxurari aipamen eginez. Baina "oso jarrera itxia" izan dutela iruditzen zaio. "Bisita bat egiteko proposamena egin diegu, instalazioak zelan dauden ikus dezaten, baina bisitarik ez dute onartu, eta egin ditugun aldaketak ikusi ere egin gabe esan digute ez dutela berriz zabalduko hiltegia", adierazi du.

Irtenbide bakarra hilketa linea aldatzea izango litzateke: U linea kendu eta linea zuzena jarri. "Irtenbide hori, ordea, oso zaila da", adierazi du Ansotegik. Hala ere, iragarri du alternatibak aztertuko dituztela.

Erraldeko administrazio kontseiluko hiru kide, teknikari bi eta beharginen ordezkari bat joan ziren Gasteizko batzarrera. Jaurlaritzaren aldetik, Osasun Publikoko zuzendari Mertxe Estebanez eta hiru teknikari egon ziren.

Ansotegik salatu du Osasun Sailak, Erralde itxita, beste alternatibarik ez duela planteatu sektoreko ganaduzaleei zerbitzu hori eskaintzeko. "Sektorea oso larri uzten du horrek. Ganaduzaleak astean ehun euro gehiago ordaintzen ari dira euren ganadua hiltzeko, Oñatira edo Zestoara eraman behar dutelako".

Beraz, Berrizko hiltegi berriaren proiektuari bultzada bat emateak berebiziko garrantzia daukala deritzo. Bazkide berriak ere behar dituzte. Lurrak erosita daude, lizentziak eta baimenak badauzkate, eta zein ente klase eratu behar duten aztertzen ari dira. "Premiazkoa da hau. Udalei, Jaurlaritzari eta aldundiari dei egiten diegu arazo honi irtenbidea emateko", esan du, eta erantzukizuna argitzeko eskatu. Gainera, gogorarazi du hamabost langile kalean geratu direla.

Bizkaiko EHNE sindikatuaren babesa izan du Erraldek denbora guztian. Asteazkenean, zuzendaritza eta Osasun Saileko ordezkariak batzartuta egon ziren bitartean, kanpoaldean elkarretaratzea egin zuten sindikatuko kideek. Zuzendaritzak bezala, hiltegi horren ereduaren kontrako erasotzat jo du EHNE Bizkaiak instalazioak ixteko erabakia. Elikadura subiranotasunaren aurkako jarrera egotzi dio Osasun Sailari. Horrez gain, larri deritzote Bizkaiko ganaduzaleek lurraldetik kanpora joan behar izateari animaliak hiltzera.

Urtarrilaren 14an itxi zituen Eusko Jaurlaritzak Durangoko instalazioak, eta gaur egun ere itxita daude.

Elkartasunak lotu dituen bi herri

Euskaldun askok dute begiko Mendebaldeko Sahara. Eta horren adibide da Elorrioko Lajwad elkartea. Sahararren berba horrek dioen bezala, Durangaldeko herria jende eskuzabalen lurraldea da. Izan ere, Amgala herrixkan (Mendebaldeko Sahara) hainbat egita...

Sevillarako eta Kanaria Handirako hegaldiak

LOIU. Ryanairrek hegaldiak eskainiko ditu Loiuko aireportutik Sevillara (Andaluzia, Espainia) eta Kanaria Handira (Kanariak, Espainia). Ekainaren 22tik aurrera, astean birritan egongo dira hegaldiak Kanarietara, eta lautan Sevillara. Madrilerako, Bar...

‘Begitu’ aldizkariaren 10. urteurreneko jaia gaur

IGORRE. Begitu hamaboskariak —Arratiako, Ubideko eta Zeberioko berriak zabaltzen ditu— 10 urte bete ditu aurten, eta gaur ospatuko dute. Igorreko kultur etxean izango da jaia, 20:00etan. Webgune berria aurkeztuko dute, eta eskualdeko hainbat lagunek ikuskizunak egingo dituzte. Gero, lunch bat izango dute.