Jon Zamalloa Asua Txistu (1954-2011, Galdakao) txistularia omentzeko eguna prestatu dute iganderako, haren jaioterrian. Musikari lanetan ez ezik, ikertzaile ere ibili zen. Andra Mari dantza taldean egin zituen lehen ikerketak, berak jotzen zuen taldea...
Sailkatugabeak
“Ez gara esplotatzaile batzuk; oiloari daukadan guztia zor diot”
Hegaztizaina da Kepa Larrabe (Gamiz-Fika, 1972). 180.000 oilo errule ditu Fikako bere granjan. Laster, 230.000 izango ditu. Betidanik aritu da lan horretan, eta oiloak ondo zaindu behar direla argi dauka, arrautzen ekoizpena ere ona izan dadin.
Europak ezarritako zuzentarau batek aginduta, hegazti haztegiko instalazioak erabat aldatu behar izan dituzte. Esfortzu handia izan arren, oiloek onurak nabaritzen dituztela dio.
Zeintzuk aldaketa egin behar izan dituzue zuen hegazti haztegian Europako zuzentarauaren aginduz?
Aldaketak animalien ongizatearen ingurukoak izan dira, oinarrian. Zuzentarau hori joan den urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Hala ere, 1999an iragarritakoa da. Beraz, denbora izan dugu apurka prozesua bideratzeko. Azkenean, berandu egin zaigu, eta justu samar ibili gara. Dena den, Bizkaian ekoizle guztiok garaiz bukatu ditugu lanak, zuzentaraua betetzeko.
Zelakoa izan da prozesua?
Goitik behera berregituratu behar izan dugu enpresa. Aurretik genituen kaiolek ez zuten balio. Bota egin behar izan ditugu, eta instalazio berriak egin. Dena aldatu dugu, azken batean.
Zer suposatu du zuentzat ekonomikoki eta azpiegiturei dagokienez?
Inbertsio handia egin behar izan dugu. Lehen genituen instalazioak oso egoera onean zeuden, eta dagoeneko amortizatuta genituen, gainera. Horiek guztiak kendu eta berriak jarri behar izan genituen. Bestalde, oiloen egoerak hobera egin du. Lehenago ere ez zeuden gaizki; izan ere, oiloak ahalik eta hoberen zaintzen saiatzen gara. Kontuan hartu behar da, gainera, eurak hobeto badaude ekoizpena hobea izango dela.
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan duzue, ezta?
Bai. Lagundu egin digute. Laguntza horiek gabe, zenbaitek planteatu egingo genukeen negozioa ixtea, inbertsio handiak izan dira-eta. Laguntza horiek emateko, asko hitz egin dugu aldundiko ordezkariekin; azaldu genien enpresak errentagarriak zirela eta etorkizuna bazutela.
Noiztik ari zara oiloekin lanean?
Betidanik. Nire amak hasi zuen bide hau, gutxi gorabehera 200 oilorekin, eta, ondoren, seme-alabok sartu gara negozioan.
Oiloentzako onurei buruz mintzatu zara. Zeintzuk hobekuntza nabaritu dituzte?
Aldaketa nagusia da mugitzeko espazio handiagoa daukatela. Talde handiagoetan daude. Horrez gain, zalantza genuen kaioletan jarritako sistema guztiak erabiliko ote zituzten, baina bai, erabiltzen dituzte.
Zeintzuk sistema dira horiek?
Oiloen berezko beharrizanei buruzko ikerketak egin dira, eta horiek asetzeko sistemak kaiolan bertan jarri ditugu: arrautzak jartzeko habia, bertara igota atsedena hartzeko makil batzuk, atzaparrentzako limatzailea, hareazko gunea lurra aztakatzeko... Eta sistema horiek guztiak erabiltzen dituzte.
Ekoizpenari dagokionez, hobekuntzarik nabaritu al duzue?
Ez, ekoizpena lehengoaren antzekoa da. Aldaketak egin aurretik espazio txikiagoa zuten oiloek, baina elikadura eta gainerakoak asko zaintzen genituen. Beraz, ekoizpena orduan ere ona zen.
Zenbat arrautza jasotzen dituzue egunean?
150.000 arrautza hartzen ditugu, batez beste.
Oilo bakoitzak egunean ez du arrautza bana jartzen, beraz.
Ez. Oiloaren ekoizpen zikloan —urtebete eta erdikoa da, gutxi gorabehera— oiloen %80k jartzen dute egunero arrautza bana. Gazteak direnean, oiloen %95 inguruk jartzen dute egunero. Gero, apurka kopuru hori jaisten doa.
Oiloak kaioletan daude beti?
Bai, hala da. Hala ere, oso ondo zainduta daude, eta, elikadura segurtasunari dagokionez, ezin hobeto daude. Ez gara gaiztoak oiloak kaiolan izateagatik, eta animaliak ahalik eta hoberen zaintzen saiatzen gara.
Kaiolan daude, baina mugi daitezke. Legeak ezarritako 750 zentimetro koadrotan daude. Jendeak orri baten neurriarekin konparatzen du leku hori. Hala ere, oiloa ez dago geldi neurri horretako leku batean. Kaiolek bi metrotik gorako luzera daukate, eta 60ko zabalera. Beraz, mugitzeko aukera daukate. Ez gara esplotatzaile batzuk; oiloari daukadan guztia zor diot.
Sekreturik ba al dago arrautza gehiago jartzeko?
Ez, ondo zaintzea besterik ez. Ez dago beste misteriorik. Garrantzitsuena oiloak zer jaten eta edaten duen ondo zaintzea da. Oso esker onekoak dira, eta, ondo zainduz gero, arrautza onak ematen dituzte.
Zer jaten dute zuen oiloek?
Zekaleekin egindako pentsua. Euren pentsuak ez dauka beste ezer. Sarri entzuten da gauza bat edo beste sartzen zaiela elikaduran, baina ez da horrelakorik gertatzen. Beste gezur batzuk ere entzuten dira: Argiari dagokionez, esaterako, 24 orduz argia piztuta edukitzen dugula eta egun osoan arrautzak jartzen ari direla. Horiek guztiak mitoak dira. Oiloak erlaxatuta egon behar du, eta bide horretatik estresatu egiten dituzu.
Bizkaian kontsumitzen diren hamar arrautzatik zazpi bertokoak dira. Datu ona da hori, ezta?
Bai, erabat. Bertoko erosleek aintzat hartzen dute arrautza bertokoa izatea. Izan ere, gero eta gertuago ekoitzi, kalitatea askoz hobea da.
Zenbat egunez iraun dezake arrautza batek?
Oiloak jartzen duenetik 28 eguneko epea jartzen zaio. Gehiago iraun dezakete, baina arauak horixe ezartzen du. Gertutasuna oso garrantzitsua da. Bizkaian saltzen dugu guk. Oiloek gaur jarritako arrautzak bihar edo etzi dendetan daude, salgai.
Bertako produktuak bertan kontsumitzeko prozesu hori gainerako produktuekaz ere jarraitu beharko litzatekeela uste duzu?
Hala uste dut, bai. Haragia eta bestelakoak bertokoak erosten saiatzen naiz ni. Oso ondo kontrolatutako produktuak dira; beraz, berme handikoak.
Zein desberdintasun dago larrean libre ibilitako oilo baten edo kaiola batean dagoen baten arrautzen artean?
Ez dago inongo desberdintasunik. Amari entzunda dakit nik. Nire amak kanpoan izaten zituen oiloak, eta txitak hazten zituen. Ba, beti entzun izan diot orain baino hobeto ez direla egon inoiz oiloak. Eta produktua bera, arrautza, orain baino kontrolatuago ez dela sekula egon esaten digu.
Kaletartasunari eusteko ahalegina
Bizkaiko herri gehienetako iratzargailua izaten ziren txistulariak, sasoi bateko domeka eta jaiegunetan. Alboradek, zortzikoek eta kalejirek esnatzen zituzten herritarrak, kalera erakartzeko. Arratsaldeetan, berriz, erromerian dantzan jartzen zituzten...
‘Guernica’… Gernikara!
Gerra hizkeraz Hiri irekia deritzona zen Gernika; hau da, setio edo defentsa militarretik kanpo dagoen herria. Are gehiago, ez zeukan helburu militar sendorik erasotua izateko. Hala ere, ezaguna denez, bortizki erasotu zuten, bonbardaketa ikaragarrien bitartez, ia-ia suntsitu arte.
Aldez aurretik izan ziren beste hainbat bonbardaketa: Gerra hazi bezain laster, Otxandiokoa, segidan, Irungoa, eta hainbat aldiz Bilboren kontra egindakoak, Gernikatik gertu, denboran zein frontean, Eibarren kontrakoak edo Durangokoak. Guztietan, frankisten hegazkinek harrokeriaz eta inpunitatez erakutsi zuten nagusitasuna eta ankerkeria. Baina Juntetxea dagoen hiriaren aurkakoan, muga guztiak hautsi zituzten. Hor egiaztatu zuten Emilio Molaren esanak ez zirela ahoberokeri hutsak, baizik eta frankistek gerra egiteko erabil zitzaketen erabateko desmasiak. General matxino horren leloa, "Bizkaia osoa deuseztatuko dut", burura eramateko prest zeudela.
Ohiko azoka eguna zuten Gernika aldekoek 1937ko apirilaren 26an. Fronte lerrotik at zeudelakoan, gerrak dakarren ezohikotasunaren barruan, normaltasunez bildu ziren astelehenero egiten zuten legez. Baina arratsalde partean, betirako puskatu zen bake berezi hori. Frankisten aginduetara zegoen Kondor Legioaren hegazkinek, hiru ordu luzez, behin eta berriro bonbardatu zuten hiri bizkaitarra.
Tarte luze horretan, ez Lamiakotik, ez Bilbotik, ez Santanderretik. ezta Madrildik ere, ez zen abiatu hegazkin errepublikarrik, nazi-frankistak egiten ari ziren aire eraso itzel horri itzala egiteko. Askatasun osoz aritu ziren Junker 52 eta Heinkel 111 hegazkinak, Burgosetik eta Gasteiztik egindako joan-etorri erosoetan, milaka tona lehergailuz, metrailaz botatzeko, inolako defentsarik gabeko herri horren gainean. Herriaren hiru laurden desegina zegoen erasoak bukatu eta ordu batzutara. Hildakoak eta zaurituak aunitz izan ziren, kopuruak oraindik ezezagunak diren arren.
Gizateriaren historian, Gernika zen horrelako triskantza pairatu zuen aurreneko; urte batzuk geroxeago, II Mundu Gerran, Coventryren, Dresderen, Rotterdamen egindakoen tankerakoa. Baina horietan gertatu zena erantzukizunak argi eta garbi azaldu ziren. Gernikakoan ezberdina izan zen oso, desitxuratze informatibo eta sasihistorikoa nagusitu zelako. Izan ere, suntsipenaren eta sarraskiaren ostean, gezurrak eta irainak aireratu zituzten Salamankatik nahiz Burgosetik; hau da, frankistek zituzten aginte gunetatik. Hedabide eta bozeramaile frankisten arabera "gorri-separatistek" sua eman zioten Gernikari. Jakina, frankistek, hamarkadetan, aldaketak aldaketa, temati heldu zioten gezurrezko kontaketari.
Hor bildutako bonba apurrek, eta, batez ere, hiri hondakinek, kontrakoa zioten: goitik behera, lehergailuz eta suz suntsitutako herria zen Gernika. Bonba suegileek burutu zuten, beraiekin batera botatako lehergailu txikitzaileek egindako deuseztapena. Eta batez ere, lekukoen testigantzek zabaldu zuten gertaturikoa. Gernikarren lekukotasunek eta George L Steer, Mathieu Corman eta Noel Monks kazetariek bidalitako berriek berehala zabaldu zuten errauts eta heriotza artean frankistek lurperatu nahi zuten egia. Era berean, Gernikako alkate Jose Labauriak honakoa zioen: "Gernika ez eben suagatu gudari bulartsu eta bioztudunak… zin dagit, erbestatar egazkiñak izan zirala Gernika sutu ta austu ebenak". Eta Agirre lehendakariak berak, apirilaren 27an zabaldutako mezuan: "Matxinatu espainiarraren mesederako hegazkilari alemanek Gernika bonbardatu dute, euskaldun guztiek gurtzen duten hiri historikoa errez".
Testuinguru horretan, Espainia frankistatik kanpo, gezur eta zalantzen gainean gertatutakoaren berri izan zuten. Hori dela eta, Parisetik heldu zion auzi honi Pablo Picassok Guernica koadroaren bitartez. Izan ere, maiatzaren 1ean, Frantziako manifestariak herri espainiarrarekiko elkartasuna adierazten zuten bitartean, margolari ospetsuak lehen zertzeladak eman zizkion Guernica-ri. Margo horrek 1937ko Nazioarteko Erakusketarako zuen eginkizuna gainditu eta gerraren, basakeriaren eta Gernikak pairaturiko suntsipenaren aurkako bozgorailurik handiena bihurtu zen. Orain dela 75 urte, egindakoa salatzeko margoturikoa, egun Reina Sofia deitzen den museo batetan erakusgai dugu. Ez al da ordua, ez al da justiziazkoa, garai bateko leloa, betiko aldarria, Guernica Gernikara! dioena, berrindartzeko?
“Udan datozenei zerbitzuak eskaintzeak desoreka sortzen du”
Plaza, eskola eta herria zeharkatzen duen errepidea ikusten ditu Aitor Apraizek (Bakio, 1969) Bakioko udaletxeko balkoitik begiratuz gero. Alkate begiradarekin, ordea, "momentu latza bizi duen herri eder, erakargarri eta freskoa" dauka parez-pare. Iz...
Bizkaibuseko bidaietako prezioak bost zentimo garestituko dira
Maiatzaren 2tik aurrera, bataz beste, %2,4 gehiago ordainduko dute Bizkaibusen erabiltzaileek. Hain zuzen, bost zentimo gehiago ordainduko dituzte bidaiariek bidaia bakoitzeko. Bidaiak lotuko dituen guneen araberako datuak eman ditu Bizkaiko Foru Aldu...
Administrazioei irtenbidea eskatu die Erralde hiltegiak
Erralde hiltegia itxita dago eta hala jarraituko du aurrerantzean ere, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. 3.000 ganaduzalek pairatzen dituzte itxiera horren ondorioak, Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak gogorarazi duenez. Hori dela eta, irtenbide bat bi...
Lan itunak baztertu egiten dituela diote soldatapeko farmazialariek
Bizkaiko soldatapeko botikariak biltzen dituen Afrassebi sindikatuak salatu du 2010-2012rako lan itunetik kanpo geratu direla. Itun horrek soldatapean botiketan lanean ari diren beharginak baztertu egiten dituela deritzote.
Prentsa ohar baten bidez azaldu dutenez, joan den martxoaren 28an sinatu zuten lan ituna Profabi elkarteak —Bizkaiko farmazietako bulegoetako profesionalen elkartea— eta Aaefv elkarteak —farmazietako laguntzaileen elkartea—. "Aurretik adostutako data eta edukia" zituen sinatutako itun horrek, eta "isilpean, negoziazio mahaia osatzen zuten gainerako kideek jakin gabe" egin zutela diote. Bizkaiko farmazialarien alboko arduradunak, ordezkoak eta jardunean ari ez diren farmazialariak biltzen dituen Afrassebi elkarteak berak eta CCOO eta UGT sindikatuek, "negoziazio batzordeko kide izanik eta negoziazio horretan modu aktiboan parte hartu arren", ituna ez dutela sinatu salatu dute.
Botiketan lanean ari diren farmazialari gehienen ordezkariak, beraz, hitzarmenetik kanpo geratu direla ekarri dute gogora. Langileen baldintzei begira atzerapausoa ekarriko duen hitzarmenari baietza eman diotela deritzo Afrassebik. Hain zuzen, lan erreformak aurreikusitako neurriez gain kalte egingo dieten beste alderdi batzuk ere jasotzen dituela salatu dute.
Besteak beste, azaldu dute atzerakinak ordaintzean ez dituztela jasoko berandutze interesak. Bestalde, 2010 eta 2011ko soldaten eguneratzean urte horietako KPIaren erdia baino gutxiago ordainduko diete. Krisiaren ondorioz Bizkaian botika bat bera ere ez dutela itxi ekarri du gogora Afrassebik neurri horiek beharrezkoak ez direla argudiatzeko. Horrez gain, urtean 1.760ko lanorduei guardiako orduak ere gehitzen zaizkiela azaldu dute. "Eta lanorduak farmaziaren jabeak nahi duen bezala antolatuko ditu", gogorarazi dute.
Hitzarmenaren kontra dagoela berretsi du Afrassebik, eta sinatu dutenenei erantzukizunik eza leporatu die, hasieratik itun hori gustukoa ez dela izan azalduta.
Lea eta Artibai ibaiak babesteko programa bat abiaraziko dute
Lea eta Artibai ibaiak Kontserbazioko Gune Berezi izendatzeko eskaria egin du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Izendapen hori eskuratuz gero, Lea eta Artibai ibaien zaintza bermatuko duten neurriak martxan jarriko dituzte. Ingurumenaren babesa be...
Erabakitzeko eskubidearen aldeko bozgorailu izango da Gernika-Lumo
Gernika-Lumo eta Bizkaiko beste zenbait herri bonbardatu zituztenetik 75 urte beteko dira aurten. Hala, hainbat dira urteurren borobila gogoratzeko hango eta hemengo erakundeek antolatu dituzten ekitaldiak. Alabaina, ekitaldi ofizialetatik harantzago joanda eta "memoria, transmisioa eta etorkizun libreari bideak zabaltzea" helburu hartuta, parte hartzean oinarritutako egitarau zabala prestatu du Gernika 2012 elkarteak. Gernika-Lumo "Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko hiriburua eta bozgorailua" izatea nahi dute atzo hasitako jardueren bitartez.
Euskal Herrian hasi den "ziklo politiko berria" aintzat hartuta, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena "une historiko honi bultzada emateko" baliatu nahi izan du Gernika 2012 elkarteak. Askatasuna, bakea… Autodeterminazioa lelopean, bada, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak, antzezlanak, kontzertuak, omenaldiak, eta bestelakoak izango dira egunotan Euskal Herriko herririk sinbolikoenean, "kultur egitarau indartsua" antolatu baitute, Sabin Ibazeta Gernika 2012 elkarteko kideak azaldu duenez.
Errautsetatik "berpiztu"
Bihar bertan egingo dute ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat, historiari begiratu bat ematen dion Hemen gaude antzezlanaren bitartez. Ibazetaren esanetan, "urteurren hau Nafarroako konkistaren V. mendeurrenarekin lotzen dugu, gertaera biek helburu bera izan baitzuten: biak izan ziren herri baten izateko eskubidearen kontrako sarraskiak". Oztopo guztien gainetik, baina, "errautsetatik berpiztu" direla adieraziko eta aldarrikatuko dute bihar 18:00etan Jai Alai frontoian egingo duten ekitaldi horretan.
Hari beretik, Estaturik gabeko nazioak eta erabakitze eskubidea izeneko mahai ingurua egingo dute apirilaren 25ean, Eskoziako, Flandriako, Kataluniako eta Euskal Herriko ordezkarien parte hartzearekin. Horretaz guztiaz gain, urtero bezala, hilaren 26an, herriko kaleak zeharkatuko dituzte manifestazio isil bat eginez, kandelak eskuetan, biktimak gogoratuz.