Frankisten erasoaren alde iluna dela esan daiteke, estrategian hanka sartze bat". Hala iruditzen zaio Patxi Vargas historialariari Sollubeko gudua. Apiril bukaeran, behin Gipuzkoako frontea apurtuta, frankistak Gernika inguruan kokatu ziren. Italiarren batailoi batek Bermeorako bidea hartu zuen, baina hara heldutakoan bakartuta geratu ziren. "Bermeo inguruko hesi euskaldun-errepublikano hori apurtu behar dute zeozelan. Horrek behartzen ditu Sollube hartzera". Vargasen esanetan, hobe zuten Gernikatik zuzenean Mungiara abiatu. Oker hartutako erabaki horren ondorioz, Burdinazko Gerrikoa deitutakoa eta Bilbo bera hartzea hamabost egunez atzeratu zitzaien frankistei. "Gudua bukatu zenean frankisten hainbat buru militarrek kargua galdu zuten", gogoratu du. 1937ko maiatzeko egun haietan Solluben gertatutakoa kontatuko du Vargasek gaur iluntzean, Arrietan.
Gutxi gorabehera bi bandoetako bakoitzak 20.000 kide zituen Sollube inguruetan. Batzuen eta besteen arteko alde materiala, ordea, izugarria zen, frankisten alde. "Aire armadan erabateko nagusitasuna zuten. Kondor Legioa, italiarrak eta frankistak batuta, 150 hegazkin baino gehiago zituzten. Errepublikanoen bandoan, aldiz, ia ez zegoen hegazkinik. Euzko Gudarosteko infanteria eta Asturias eta Kantabriatik etorritako babes taldeek baino ez zuten osatzen Solluberen defentsa".
Apirilaren 30ean iritsi ziren italiarrak Bermeora. Biharamunean Sollubetik Mungiara joaten ahalegindu ziren, baina mendian gora euskal batailoiak aurkitu zituzten: pare bat abertzale eta UGT-Euskadiren bat. Maiatzaren 3ra arte, bada, horrela ibili zirela dio Vargasek: "Euzko Gudarostea Bermeon sartu guran eta frankistak gaina hartu guran. Egun hartan, baina, frankisten aireko erasoak hesia apurtu zuen, eta Solluben gora igo ahal izan ziren".
Hurrengo egunetan, hala ere, Euzko Gudarosteak frankisten hainbat eraso oztopatu zituen. Baina Marokoko erregular batzuek gauez gora egitea lortu zuten, Bermeo hegoaldetik. Asturiarren batailoia harrapatu zuten, eta ia Sollube gainera iritsi ziren. Ez zuten, dena den, jabe egitea lortu. "Errepublikanoek hainbat egunez mendebaldeko aldetik frankistek Mungia alderantz aurrera egitea ekidin zuten. Makina bat borroka egon ziren. Maiatzaren 12an, Nafarroako V. brigada frankistak eraso bortitza egin zuen Sollubeko tontorrera".
Vargasen esanetan, mugarria izan zen egun hura. Hurrengoetan aireko eraso andana izan ziren eta errepublikanoek Mungiarantz eta Butroi bailararantz jaitsi behar izan zuten, Solluben behera. Maiatzaren 14an frankistak ia Mungiako ateetan zeuden.
Ondorio negargarriak
Vargasek egindako kalkuluen arabera, 5.000 zauritu inguru egon ziren bi bandoetan, eta 1.000 hildako inguru. "Unitate asko txiki-txiki eginda geratu ziren. Asturiastik etorritako babes batailoia, Euzko Gudarosteko Otxandio, eta UGT-Euskadirena izan ziren kaltetuenak errepublikanoen artean. Frankistetan, berriz, falangearen A Coruñako talde bat". Frogatu gabe dagoen arren, frankistek hainbat gerra krimen egin zituzten zantzuak daudela ere badio. "Marokoko erregularrek Solluben hartutako asturiar eta euskaldunak hil zituztela uste da". Hain zuzen ere, Arrietan omenaldia egingo diete herrian dauden hobi komunetako hildakoei, bihar zortzi.
Zibilei dagokienez, Euzko Jaurlaritzak Euzkadi egunkariaren bidez herriak husteko agindua emana zuenez, asko eta asko hiriburuan babestuta zeuden. "Hala ere, inguruotan baserri eta lur sailekiko lotura handia dute, eta badira etxean geratu zirenak". Hala, Arrietan, Mungian eta inguruetan izandako bonbardaketetan zibil andana hil zen. Bonbardaketarik larriena maiatzaren 3koa izan zen, Larrauri gainean egindakoa. Gerra ostean, gainera, Arrietan, Solluben, hainbat istripu izan zirela gogoratu du, han aurkitutako bonben ondorioz. "Ume asko elbarri geratu ziren". Gainera, Arrietak hainbat gudari galdu zituen. "Herria abertzalea zen, eta izan zituen gudari guztiak EAJren batailoietan ibili ziren. Dena den, ez dago zenbaketa zehatzik hildako kopuruaren inguruan".
Galera ekonomikoak ere ez ziren makalak izan. Aireko bonbardaketek eta lurreko erasoek herriak, etxebizitzak eta ondarea ez ezik, Sollubeko baso sail itzelak ere erre zituzten. 1940ko hamarkadara arte ez ziren arboladiok suteek utzitako egoeratik lehengoratzen hasi. Mungia bera ere behin eta berriz bonbardatu zuten, dena suntsitu arte. "Gernikarekin edo Durangorekin egin zuten bezala, frankistek errepublikanoei leporatu zieten erantzukizuna". Ekainean, Mungia, Jata mendia eta eskualde guztia frankisten esku geratu ziren.