Sailkatugabeak

Auzoz auzo, arazoak identifikatzen

Udal ordezkari eta teknikariek, herritarrekin batera, Ondarroako kaleak bisitatu dituzte, auzoak hobeto ezagutu eta bertako arazoak gertutik ikusteko. Lehenengo aldia da gisa honetako egitasmo bat martxan jartzen dutena, eta herritarren artean izan du...

Lea-Artibairen etorkizuna: garapen teknologikoa

Lea-Artibain garapen ekonomikoa bultzatzeko asmoz sortu zen Azaro fundazioak hamar urte bete ditu. Balantzea egiteaz gain, etorkizunerako erronkak ezarri ditu, eta, horietako bat, Esperanza 2013 proiektu estrategikoa da: Oinarri teknologikoa edota iza...

BECen bost orduko lanuztea egingo dute astelehenean

Makina-erremintaren biurteko azoka inauguratuko dute datorren astelehenean, BEC Bilbao Exhibition Centren. Erakustazoka horren azokarik garrantzitsuena da. Aurten, protesta artean hasiko da. Izan ere, bertako langileek, LAB sindikatuak deituta, bost orduko lanuztea egitea erabaki dute batzarrean. BECeko zuzendaritzak ezarri nahi duen soldata murrizketaren aurka egingo dute protesta.

"Batzarrean eztabaida izan dugu zein motatako mobilizazioak egin erabakitzeko. Argi daukagu azokari ez diogula kalterik egin nahi", adierazi du Imanol Urrutia beharginen ordezkariak.

"Astelehenean hasiko dena gure azokarik garrantzitsuena da", esan du. "Beraz, ez ditugu mobilizazioak proposatu muntatze lanak egiteko orduan. Hala ere, feria hori aprobetxatu nahi dugu gure protesta kalera ateratzeko. Beraz, lehenengo egunean, agintari guztiak datozenean, atarian egongo gara. Bost orduko lanuztea egingo dugu hilaren 28an. Bost orduz egongo gara atarian protestatzen", iragarri du. Horrez gain, azoka bukatu arte —ekainaren 2an— bi orduko lanuzteak egingo dituzte, egunero.

%15 murriztu nahi ditu soldatak zuzendaritzak. Langileak ez daude erabaki hori onartzeko prest. Gogora ekarri dute 2010ean %5 jaitsi zizkietela soldatak, eta bi urte daramatela ordainsariak izoztuta. Hori dela eta, bi hilabete daramate protestan beharginek, zuzendaritzak erabakia hartu zuenetik, hain zuzen ere.

Langileek proposamenak aurkeztu arren, zuzendaritzak ez duela negoziatzeko asmorik salatu du Urrutiak. "Akordio bat lortu nahi dugu. Gure soldataren %5 murriztea proposatzen dugu guk. Horrekin batera, baina, lanaldia neurri berean murriztea eskatzen dugu. Hau da, urtean 80 ordu gutxiago lan egitea".

Imanol Urrutiak gogora ekarri du erakustazokaren egoera "oso txarra" dela. Dena den, adierazi du "dirua sortzeko ohiko enpresa bat ez" dela. "Estatutuetan jasota dago irabazi nahirik gabeko enpresa dela".

Kudeaketa txarra

Bide horretatik, erakustazoka sortu zutenek berau bultzatu egin behar dela jakin badakitela deritzo. Eusko Jaurlaritzari eta, bereziki, Bizkaiko Foru Aldundiari dei egin die proiektu horretan dirua sar dezaten eskatzeko. "Badakite hau bultzatu egin behar dela", esan du, eta, "ezin daiteke utzi uzten ari diren bezala, hemen abandonatuta, pentsatuta guztiz autonomoa dela". Zuzendaritzaren kudeaketa txarra salatu du.

Gogora ekarri du, gainera, badirela beste enpresa publiko asko errentagarriak ez direnak. Haren arabera, "BECen ez, baina beste proiektu batzuetan dirua sartzen dute. Adibidez, AHTean". Horrez gain, Euskalduna jauregia ere bultzatzen ari direla adierazi du, handitzea egiteko egin duten inbertsioari aipamena eginez. "Handitze horrek guri lehia baino ez digu egiten. Euskalduna jauregiarekin, Bilboko erakusketa azokan guk betetzen genuen lekua bete nahi dute", adierazi du. "BEC Bilbotik aterata konturatu dira Barakaldon gauzek ez dutela funtzionatzen Bilbon bezala", ondorioztatu du. "Feria guztiak behera doaz, jendeak feria hiriburuan egotea nahi duelako, eta ez Barakaldon".

Wandelen gezurrak

Joachim Hans Wandel Condor Legioko hegazkin gidaria maiatzaren 14an lurreratu zuten, Larrabetzu aldean. Atxilotu ostean, 11 egun beranduago, epaiketa izan zuen Bilboko Herri Epaitegian. Gezurti handia omen zen; saiatu zen bere benetako izaera eta gerran izan zuen partaidetza desitxuratzen. Alemaniako militarra zela aitortu ordez, arkitektoa zela zioen, eta mertzenario edo boluntario gisa etorri zela Espainiara. Bere agendan izkiriatuta azaltzen zen Gernika apirilaren 26a, neska batekin hitzorduren bat zela zioen. Azkenean aitortu egin zuen, Berlinetik Erroman barrena Sevillara etorri zela, beste Condor Legiokide batzuk bezala. Era berean, onartu egin behar izan zuen Gernikatik apirilaren 26an igaro zela, bere Heinkel ehiza hegazkinarekin, baina, gezurrari eutsiz, inolako bonbardaketarik ikusi gabe, "herria zutik baitzegoen".

Logika guztiarekin heriotza zigorra ezarri zioten, gaurko egunez. Hala eta guztiz, berehala indultatu zuen Euzko Jaurlaritzak honako hau esanez: "Gobernuak zigorrak betearaztea atzeratu egin du, nazioartean indar faxistek Espainiako gerra zibilean parte hartzeko izan ditzaketen arrazoiak indargabetzeko. Aldi berean, gerra presoak trukatzeko aukera lantzen ari dira".

Inozokeria handia zen azken hori sinistea. Izan ere, egun horietan, Frantzia aldean, Parte Ez Hartzearen Batzordeak, Bilbo laguntzeko Espainiako gobernu errepublikanoak bidali zituen hegazkinak Paueko zein Tolosako (Okzitania) aireportuetan bahitu zituen, egun batzuk beranduago, indarrez, Bartzelona aldera itzularazteko. Bitartean, hegazkin nazifrankistak, inpunitate osoz, jaun eta jabe ari ziren Euskal Herriko zeruan. Egun horretan bertan, maiatzaren 25ean, hiru aldiz —06:00etan, 08:00etan eta 10:15ean— Bilboratu ziren hegazkin frankistak, Arrigorriagan, Sestaon, Portugaleten eta Bilbon bertan ere euren heriotza zamak jaurtikiz. Madriletik gertu zegoen Algeteko aireportutik hegazkin errepublikano hainbat bidali zituzten Bizkaiara, baina, maiatzaren 27an eta 29an frankistek egindako aire erasoen bitartez txikitu zituzten Lamiakon bertan. Hori dela eta, euskal armadaren hegazkineria hutsetik gertu gelditu zen. Nagusitasun horrekin, frankistak Lemoa aldean egiten ari ziren erasoaldiak aurrera egin zuen, Igorre, Artea eta Lemoan zegoen lerro frontea, maiatz bukaeran puskatuz, eraso eta kontraeraso asko izan ziren arren.

Eskualde horretatik oso gertu zuten Burdinazko Gerrikoa, Bilboratzeko gelditzen zitzaien oztopo bakarra. Baina horretarako ere, gerra horretan erabakigarriena suertatu zen hegazkineria, Joachim Hans Wandelen antzekoei esker eta nazioarteko begiraleek sustatutako sasi neutralitateari esker, beraien alde izanen zuten. Bilboren patua, idatzita zegoen. Ez Bilboko erabaki militarretan, ezta epaitegietan emandakoetan ere, baizik eta Londresen hitzartutako parte ez hartzeko politika maltzurrean. Berlini, Erromari eta Burgosi fabore handia egin zien. Joachim Hans Wendelek, indultuak eta bonbardaketak lagun, oso lasai jarrai zezakeen gezurrak kontatzen.

Duintasuna gogoan

Zenbat jendek egin zuen ahalegina bere herria eta bere familia babesteko, bere ideak eta orduko demokraziaren haziak defendatzeko". Hala azaldu du Josi Sierra Orrantia Galdako Gogora oroimen historikoa berreskuratzeko koordinakundeko kideak bihar zer ...

Frontean atzera, agintean aurrera

Epainiako alde errepublikanoan politika ere sutan genuen, 1937ko maiatzaren bigarren hamabostaldian, Bizkai aldean gerra gori-gori zegoela, Es. Gaur bezalako egun batean, maiatzaren 18an, esate baterako, Errepublikaren Gazeta-n, gobernu errepublikano berria zetorren. Bukatzen ari omen zen Bartzelonako borrokek ireki zuten krisialdia. Ezaguna denez, hilabete hartako 3tik 7ra bitartean, CNTkoek eta POUMekoek aurre egin zieten PSUCeko eta Generalitateko indarrei. Horren ondorioz, anarkistek kontrolpean izan zuten Bartzelonako Telefonicaren Gune nagusia —liskarren txinparta izan zena— uzteaz gain, gobernuan izan zuten aginte politikoa ere galdu zuten. Era berean, lau egunetako barne borroka horiek Largo Caballeroren gobernuaren bukaera ekarri zuten, eta Juan Negrinena agintera eraman.

Baina aldaketa ez zen presidenteen txandakatze soil bat izan. Katalunia aldean zegoen indar ezkertiar nagusia, hots, anarkistena, gobernutik kanpo suertatu zen. Aldiz, komunisten indarra, ministroen bitartez eta, batez ere, bigarren mailako agintariei esker, nabarmen sendotu zen. Negrinek gidatzen zuen gobernu berri horretan, bi komunista zeuden: Vicente Uribe eta Jesus Hernandez, bilbotarrak biak, eta Pasionaria bezala aitzindarietakoak. Horiekin batera, beste pare bat botxotar zeuden: Indalecio Prieto —1911z geroztik, sozialista bizkaitarren buru nagusia— eta Julian Zugazagoitia, Bilboko La Lucha de Clases astekariaren zuzendari ohia. Bazegoen beste euskaldun bat ere, bosgarrena: Manuel Irujo, Lizarrako semea, EAJko parlamentaria, eta, 1936ko irailaz geroztik, ministro gisa Largo Caballeroren gobernuan zegoena.

Beraz, gobernua osatzen zuten bederatzi ministroetatik bost euskal herritarrak ziren. Sekula berriro lortu ez den marka! Gainera, ardura garrantzitsuak zituzten eskura. Prieto Defentsaz arduratzen zen; Zugazagoitia, berriz, Gobernazio arduraduna zen, eta Irujo, Justizia ministroa. PCEkoek, gerra garaian, bigarren mailako aginte postuak zituzten arren —Nekazaritza Ministerioa Uribek eta Hezkuntza Ministerioa Hernandezek—, zeresana izan zuten Negrinen gobernuan, euren alderdiak gero eta eragin handiagoa izan zuelako gobernu hartan, baita gerraren gidaritzan ere.

Dena den, Iparraldeko frontean, hau da, Bizkaian gertatzen ari zen frankisten erasoaldi etengabeari dagokionez, ez zen batere nabaritu gobernuan gehiengoa euskal herritarra izatea. Izan ere, Negrinen gobernua, "garaipenarena" izan behar zuena, porrotarena izan zen. Barne krisia izan zuen jaiotze egunetik bertatik. Euskal ministroei dagokienez, bistan zegoen. Zugazagoitia eta Irujo ,alde batetik eta Uribe eta Hernandez, bestetik, mokoka ibili ziren hurrengo hilabeteetan, maiatzeko gertaeren ondorioz suertatu zen POUMen aurkako jazarpen aldiagatik. Zugazagoitiak eta Irujok justiziari eta zuzenbideari eutsi nahi zieten, baina beste biek ez ikusiarena egin zuten PSUC delakoak eta NKVD sobietarrak egindako desmasia errepresibo guztiekin, eta bereziki Andreu Ninen erailketarekin. Indalecio Prietori dagokionez, bistan gelditu zen Defentsa ministro gisa kale egin zuela Bizkaiko defentsa bermatzen eta laguntzen. Bilbotik bertatik, berari bereziki, Agirre eta enparauak erreguka ibili baziren ere, ez zen gai izan Bizkaiko zeruetan frankistei aurre egiteko ezinbestekoa zen hegazkineria bideratzeko. Bost euskal herritar gobernuan sartu zirenetik, hilabete eskas bat igarota, ez bakarrik airean, baita lurrean ere, frankistak ziren nagusi.

Antzinako leinuen oinorde bila

Paleolitoan Euskal Herria populatuta zegoela diote hainbat ikerketak, eta horren inguruko teoriak badaude. Gainera, ikertzaileek ondorioztatu izan dute Euskal Herritik joandakoak izan zirela Europa mendebaldera zabalduriko populazioak. Orain, Busturialdeko bizilagunen DNA laginak hartu dituzte, Santimamiñeko koban aurkitutako aztarnetatik ateratako DNArekin alderatzeko. "Emigrazioaren inguruan egin izan diren ikerketek teoria horiek berresten dituzte, eta bat datoz", dio proiektuaren arduradun Marian Martinez de Pancorbok. Hala ere, teoria horiek egiaztatuko dituen froga behar dela dio. "Santimamiñeko gorpuzkietatik ateratako DNA hartatik, lauzpabost familia leinu identifikatu ditugu. Gaur egungo biztanleen DNAn leinu horietako bat aurkituz gero, teoria horiek berretsi egingo lirateke". Behin betiko froga izango litzateke: "Gaur egun Busturialdean bizi direnak Santimamiñen bizi izan zirenen oinordekoak direla ondorioztatuko genuke; beraz, inguru hau populatuta egon dela orain 4.000 urtetik hona". Are gehiago: Europako mendebaldea inguru honetan bizi zirenek populatu zutela erakutsiko luke horrek, Marian Martinez de Pancorboren esanetan.

DNA aztertu ondoren lehengo eta oraingo biztanleak familia leinu berekoak direla ondorioztatuz gero, datu garrantzitsua izango litzatekeela dio, "baina baita leinuen artean parekotasunak aurkituz gero ere". Emaitzak irailaren bukaerarako izan gura dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko Lascaray ikerketa zentroan lan egiten duten genetistek.

Gerta liteke orain batutako laginetan Santimamiñen bizi izan zirenen leinurik ez aurkitzea ere. "Horrek esan nahiko luke garai hartan oso gutxi zirela bertan bizi zirenak, eta leinu horiek desagertu egin zirela", Martinez de Pancorboren esanetan. Era berean, leinu berberak ez, baina antzekotasunak aurki ditzakete, "denborak aurrera egin ahala leinu horiek eraldatuz joan izan direlako".

Migrazioak aztertzeko

Amaldeko leinua da, hain zuzen, genetistek behar izan dutena, horixe baita Santimamiñeko aztarnetatik berreskuratu dutena. Hala, gutxienez euren ama, amona eta birramona Santimamiñe inguruan jaiotakoak eta bizi izandakoak dituztenen DNA izan da, hain zuzen, Lascaray ikerketa zentroko adituek eskatu izan dutena.

Maiatzaren 6an hartu zituzten laginak Busturialdeko lau herritan: Kortezubin, Gautegiz Arteagan, Ereñon eta Nabarnizen. Gutxi gorabehera, ehun lagunen DNA behar zuten, inguru horretako familia nukleo gehienen informazio genetikoa biltzeko asmoz.

Proiektuaren helburua lortu asmoz, Santimamiñe inguruko bizilagunen DNA batzea eta aztertzea ezinbestekoa zela deritzo Martinez de Pancorbok. "Europan hainbat azterketa genetiko egin dira, horietako batzuk oso garrantzitsuak, gainera; Genographic izenekoa, esaterako. Proiektu horretan hainbat lagunek parte hartu dute, eta informazio asko batu ahal izan da azterketa horri esker. Dena den, ezinbestekoa zen inguruan bertan lan egitea, eta Santimamiñe inguruko bizilagunen DNA batzea". Euskal Herriaren orografiak are beharrezkoago egin du bertoko populazioa aztertzea. "Ez da gauza bera bailara bakarra daukan eskualde batean bizi den populazioa aztertzea, edo hainbat bailara dituen eskualdekoa aztertzea", Martinez de Pancorbok dioenez.

Emaitzak, gero, beste ikerketa batzuetatik ateratako ondorioekin parekatu ahal izango dituzte adituek, historian izan diren migrazioak aztertzen jarraitzeko. Era berean, etorkizunean egin daitezkeen beste azterketa batzuetan ere erabili ahal izango dituzte orain hartutako laginak, behar izanez gero.