Ibilaldia ospatuko dute domekan Trapagarango Itxaropena ikastolaren alde. Datozen urteetan bigarren lerroa zabaltzeko helburua du Itxaropenak, Meatzaldean eta Enkarterrin erreferente bihurtu den ikastolak, Jose Mari Andres (Portugalete, 1955) bertako zuzendariak eta Ibilaldiaren koordinatzaileak azaldu duenez. Ibipuntuzero dute aurten leloa.
Zergatik Ibipuntuzero?
Ibilaldia antolatzerakoan planteatu genuen teknologia berriak eta sare sozialak txertatu behar genituela. Hortik, 2.0ren ideia atera zitzaigun. Leloa osatzeko "I" bat jarri genuen aurretik, Ibilaldia adierazteko, eta "bi" horrekin adierazi nahi genuen Itxaropena ikastolak bigarren aldiz antolatzen duela jaialdia.
Euskara teknologia berrietan sustatzen aritu direnak omentzea duzue helburu. Ezinbestekoa da teknologia berrietan murgiltzea. Itxaropena ikastolak lan hori eginda al dauka?
Ez asko. Hastapenetan gaude. Gure helburu nagusia da ondorengo urteetan horretan trebatzea. Abiapuntua hau izatea nahi genuen, irakasleengan ere kontzientziazio apur bat sortzeko. Eta etorkizunera begira egin behar dugun lanetako bat da.
Ibilaldiaren antolakuntzan ere sare sozialak erabili nahi izan dituzue. Zelakoa izan da esperientzia? Zuen asmoak funtzionatu du?
Bai, oro har nahiko ondo funtzionatu du. Abestia aukeratzeko orduan bost talderen kanten artean bozkatzeko aukera egon zen sarean. Boto kopurua esanguratsua izan zen: 20.000 inguru. Beraz, arrakastatsua izan da.
Bestalde, sarea erabili dugu gure ikasle ohiekin harremanetan jartzeko eta informazioa zabaltzeko. Gustura gaude. Ondorengo Ibilaldiak antolatzeko orduan ere oso kontuan hartu beharreko tresna dira.
1996an Ibilaldia antolatu zenutenetik, zer aldatu da ikastolan bertan eta antolakuntzari dagokionez?
Ikastolan bertan, asko aldatu da. Horregatik egingo dugu bigarren Ibilaldi hau. Gure hazkundea nabarmena da. Lerro bat izan beharrean bi lerro izateko bidean gara. Hamabost urtean gure ikasle kopurua bikoiztea jarri dugu helburu. Duela zazpi urte, 350 genituen, eta, gaur egun, 500 ditugu. Datorren ikasturterako 30 gehiago izango ditugu. Beraz, helburu nagusia 700 ikasle inguru izatera iristea da. Horretarako, Ibilaldia behar dugu. Batez ere, beharko diren azpiegiturak eraikitzeko.
Antolakuntzari dagokionez, errazagoa dela esango nuke. Aurreko urteetan beste ikastoletan egindako lanari esker, Ibilaldia sistematizatuago dago. Gauza batzuk derrigor egin behar dira, eta horrek ematen du lan gehien: urte osoa azokaz azoka ibiltzea, esaterako.
Zer da zailena?
Ibilaldi egunean 600-700 pertsona inguru ibiliko dira lanean. Egunkaria eta aldizkaria bukatu ditugu; egunean bertan banatuko ditugu. Kontzertuak lotuta daude, noski; garbiketa zerbitzuak ere kontratatuta... Boluntario kopuruari dagokionez, oso pozik gaude. Oso erantzun positiboa izan dugu. Gure ikastolan %90 inguru inplikatuta daude, ez bakarrik familia moduan: lagunak eta senideak ere ekarri dituzte lanerako prest. Muntatzea da guretzat lanik handiena, agian. Eguraldiari begira egon behar duzu, gainera.
Ondarroako ikastolaren lekukoa hartu zenuten iaz. Zailagoa da Meatzaldean ikastola bat aurrera ateratzea, Lea-Artibain baino, adibidez?
Ez dut uste. Duela zazpi urte, Meatzaldeko ikastola erreferentea izateko helburua ezarri genuen —Portugaleten Asti-Leku dago, eta Santurtzin, Bihotz Gaztea—. Bigarren lerroa ezartzeko ikasleak behar genituela ikusi genuen, eta urtero matrikula beteta daukagu. Beraz, ezin dezaket esan zailagoa denik. Agian,eskaintza ere txikiagoa da. Horrenbeste jende bizi den inguru honetan ikastolen eskaintza txikia da, eta horrek ere eragina du.
Azpiegiturak hobetzeko erabiliko duzue lortzen duzuen dirua. Zein lan egin behar duzue?
Bigarren lerro hori osatzen denerako —zortzi urte falta dira—, beste hamar bat gela beharko ditugu. Orain arte, ikasturte bakoitzeko gela bat izan dugu. Gaur egun, Lehen Hezkuntzako bigarren mailatik behera bi gela ditugu. Urtez urte gela bat gehiago zabaltzeko asmoa dugu. Gelez gain, zerbitzuak ere handitu eta egokitu beharko ditugu. Izan ere, ikasle kopurua bikoiztu egingo dugu.
Betagarri, Mikel Markez eta Erramun Martikorena izango dira domekan, besteak beste. Familian gozatzeko ekitaldiak ere izango dira, ezta?
Bai. Lehenengo gunean, dantzak, bertsolariak, txarangak egongo dira. Lasai egoteko gunea izan daiteke hori. Beste batean, Irrien Lagunak klubekoak egongo dira. Balsa Txikia ere lasaia izango da, eta Balsa Handian, kontzertu guztiak egingo dira. Hortik Durañenara, hiru kilometroko ibilbide oso polita dago. Duela gutxi inauguratu zuten bide berde bat da. Duela mende bete, hortik minerala meatzeetatik lantegietara zeraman trena zebilen. Eguraldia lagun bada, Ezkerralde eta Eskuin ibar osoa ikus daiteke. Baita itsasoa ere. Oso ibilbide polita da.
Bestalde, Durañena gunean Betagarri egongo da, esaterako. Hortik berriz ere hasierako lekura jaits daiteke. Guztira, zortzi kilometroko ibilbidea da.
Aldapa handiak al daude?
Ez, laua da. Metro bete inguruko aldapa txiki bat baino ez dago.
Jateko zein aukera dago?
Balmasedako Zubi Zaharra ikastolako gurasoek eltzekoak prestatuko dituzte ikastolan bertan. Eusko Label fundazioak txosna jarriko du, eta taloak eta bokadiloak ere egongo dira. Zirkuituan zehar, Ibilaldian parte hartuko duten bi jatetxe ere badaude.
Garraio publikoan joateko zein aukera dago?
Bilbotik etortzeko, zuzenena, trena da. Ezkerraldetik: Santurtzi-Trapagaran, Sestao-Trapagaran eta Barakaldo-Trapagaran autobusak daude, ohikoak. Portugaletera metroz joatea da beste aukera bat, trena beteta baldin badoa. Bertako metro geltokitik zirkuitura ordu laurdeneko ibilbidea dago bide gorri batetik.
Datorren urtean, Asti-Leku ikastolak hartuko dizue lekukoa. Zein gomendio emango zenieke?
Lasaitasunez hartzeko esango nieke. Garai honetan oso urduri hartzen duzu ardura hori; badirudi presaka egin behar duzula guztia... Lasai aritzea da garrantzitsua. Urduri jartzeko unea iritsiko da Aste Santutik aurrera.
Eta zuek urduri zaudete?
Bai, urduri gaude: "Zer egin behar dut? Non jarri behar dut?", galdetzen dute askok. Guztiok ikaratu ez gaitezen saiatzen gara, baina urduri gaude.