Sailkatugabeak

Urduñako Udalak ohartarazi du urtea bukatzeko ez duela dirurik izango

Karlos Arranz Urduñako alkateak udalak 6 milioi euroko zorra duela ohartarazi du. Aurten 4,5 milioi jasoko ditu, eta horietatik 1,5 zorrak ordaintzeko izango dira. Hala, Arranzen esanetan, Urduñak ez du dirurik izango urtea bukatzeko eta ezingo die hainbat gasturi aurre egin.

Urduñako alkateak gogora ekarri duenez, 2008an foru aldundiak Urduñederraren akzioak erosi zituen, milioi bat euroren truke. Koalizioaren esanetan, diru horrekin urte horretako kontuak konpondu ziren, baina ez, ordea, arazo orokorra.

Hori horrela, Bilduk konponbidea eskatu dio foru administrazioari. Bizkaiko udal guztietan mozio bat aurkeztuko du, udalekin mahai bat osa dezatela eskatzeko. Mahaian Udalkutxaren kudeaketa aldatzea aztertuko lukete. Era berean, udalei Ondare Higiezinen Zergaren eta Ekintza Ekonomikoen Zergen gaineko tresna gehiago ematea jasoko du mozioak, horien bidez haien diru sarrerak handitu ahal izateko.

Mola txikituta

Emilio Mola ez zen oso zaharra hil zenean, 1937ko ekainaren 3 hartan 50 urte baino ez baitzituen. Hala ere, ordurako ibilbide militar luzea egina zuen. Afrikako kanpainetan hazia, eta sariz ongi hornitua. 1930eko hamarkadan Espainiako DGS delakoaren burua izan zen bitartean aski erabili zituen bere bitarteko errepresiboak ikasleak eta ezkertiarrak zanpatzeko. 1935az geroztik, armadan berronartua izan ondoren, Errepublikaren aurkako konspiratzaile garrantzitsuenetakotzat jo izan dute lekukoek zein historialariek. Izan ere berak gogokoa zuen Zuzendari goitizena peto-peto zihoakion, 1936ko gerra prestatze lanen karira.

Gerra hasita, Yagüe, Franco eta Millan Astray hegoaldeko armada faxistaz arduratzen ziren bitartean, Iparraldeko frontea delakoan berau izan zen matxino eskuindar guztien buru nagusia. Gipuzkoako konkista amaiturik, indar guztiekin, Bizkaiaren aurkako erasoaldian erabat sarturik zegoen 1937ko martxoaren 31z geroztik. Egoera bitxi samarra zen, Madril hartzea ezinezkoa zuten frankistek eta lehentasuna osoa zuten Bilbo eskuratzea. Horren ondorioz, Bizkaiko hiriburua hartuko zuenaren ospea ere ez zen makala izanen. Izan ere, Francoren agintea gero eta handiagoa zela eta, gainontzeko general matxinoak bigarren mailan gelditzen ari ziren egunetan, Bilbo irabazteak indartuko zuen Molaren ahalmena eta agintea.

Zuzendari gisa ezagunak Gasteiztik bertatik zuzentzen zuen Bizkaiaren aurkako oldarraldia, behin eta berriro mehatxuak bidaliz, eta baita frontera gerturatuz ere. Ezagunak ditugu mehatxuz beteriko oktabilak "Bizkaia osoa deuseztuko dot" eta antzekoak ziotenak, baita berak egindako hurbiltze txangoak ere. Ekainaren 2an, esate baterako, bere heriotzaren bezperan, Zornotzaraino joan zen, fronte lerroa gertu-gertutik ikusteko.

Egun hartako gauean, Gasteizko Fronton hotelean afaldu zuen, jatetxean zeukaten erreserbatuan, bere gertukoenekin; Felix Maizekin eta Garcilaso El Tebib Arrumi-rekin. Horien testigantzei esker dakigu bere kezka ez zegoela frontean. Nahi izanez gero, ahalmen suntsitzaile nahikoa zuen bere mehatxu ahobero oro gauzatzeko. Ardura Salamancan zeukan. Hori dela eta, hurrengo egunean, ekainaren 3an, Burgosen bilkura garrantzitsua zuen gerra estrategiaz mintzatzeko, baita gerra frontez eraldatzeko egin omen zioten proposamena edo aginduaz eztabaidatzeko ere.

Sekula ez da argitu azken auzi hori. Izan ere, Burgosera iritsi zelarik, hilik zegoen Mola. Aire istripuz hil baitzen egun horretako 10:00ak jota zeudela. Lainoa omen zegoen Brujula mendi aldean eta Mola zeraman hegazkinak, atzera egin nahian, Castil de Peonesen eta Alcoceroren arteko muino baten aurka jo zuen. Berarekin batera zihoazen Chamorro pilotoa, Gabriel Pozas laguntzailea eta gainontzekoak ere hil egin ziren. Guztiak txikituta gelditu ziren mendixka horretako maldetan. Molak zeraman jeneralaren gerriko gorriari esker ezagutu ahal izan zuten bere gorpua hara bertaratu zirenak.

Laudorioak laudorio, Quid Prodest galderak Francorengana bideratzen zituen istripu horren susmoak. Alemaniako enbaxadoreak erran zuen gisan: "General gorena [Franco] ezbairik gabe Molaren heriotzarekin arindua sentitzen da". Altxaldiaren antolatzaile nagusia desagerturik, Francoren agintearen inguruan izan zitezken mehatxuak ere ahuldurik zeuden. Ez da harritzekoa, beraz, heriotza horren inguruan susmoak indartzea. Lainoaren ondorioz izandako istripua ala eragindako matxurak betiko eraman zuen suz eta burdinez heriotza barreiatu zuen hiltzailea. Berarekin, behingoz, bete egin zen burdinez hil duena burdinez hiltzen da leloa. Egun, lotsak lotsa, Iruñean dagoen mausoleo faxista erraldoian dago Zuzendariaren gorpua.

Birziklatzeko beste modu bat Mungia aldean

Bizkaiko etxeetan aisialdirako, janaria prestatzeko eta janzteko balio duten gauza erabilgarri asko daude. Jendeak aspertu edo modaz pasatutakoan horietako asko zakarretara botatzeko joera handia dauka. Ohitura horri aurre egiteko eta birziklatzea sus...

40 gazte, kameragaz goitik behera

Bost eguneko epean hiru eta zortzi minutu arteko euskarazko ikus-entzunezko bat ekoiztea. Hori da urtero-urtero Topaguneak, Kameratoiaren bitartez, Euskal Herriko gazteei egiten dien proposamena. Aurten Gernika-Lumon egin dute ikus-entzunezkoen rallya...

Pausoz pauso kontzientzia hartu

Ga

Lurraldean zehar barreiatuta dauden enpresa eta Garbigune ugaritatik iristen dira hondakinak Ortuellara. Kamioietatik jaistean langileek egiten duten aurreneko gauza horiek jaso eta modu egokian sailkatzea da. Horretarako, hainbat irizpide dituzte; produktua egurrez, metalez edo beste osagai batez eginda dagoen erreparatzea da garrantzitsuenetako bat. "Lehenik, hondakinak multzo bitan banatzeko ardura dugu. Hau da, berriz erabil daitezkeenak alde batera doaz, eta ezin direnak, beste txoko batera", azaldu du Begoña Egiraun Berziklatu plantako arduradunak.

Erabil daitezkeenak, beraz, lantegian propio prestatuta daukaten gunera doaz. Besteak, berriz, birziklatzera. "Horiek hainbat makinatatik pasatu, eta lehengaiak banatzen ditugu. Metalak, birziklatu ondoren, torlojuak egiteko balio du. Olioa lantzea zailagoa da: espezializatuta dagoen enpresa batera eramaten dugu, ondo landu dezaten". Prozedura hori, baina, berrerabili ezin diren elementuentzat da soilik.

Berrerabil daitezkeen etxeko tresna elektrikoak eta elektronikoak ez dituzte lantzen Ortuellan. Izan ere, Ekorrepara kooperatibaren lantegietara eramaten dituzte. Hango beharginek modu egokian konponduko dituzte. "Ekorreparako lantegian behar bezala egokitu eta txukuntzen dituzte. Hori egin ostean, hasieran baino merkeago eta urte bateko bermearekin jartzen dituzte salgai", zehaztu du Egiraunek.

Kontzientzia pizteko lana

Etxeko tresnak berriz erabiltzea, gizakiak ez ezik, ingurumenak ere eskertuko du. Alde batetik, naturak emandako baliabideak hobeto erabiltzea dakar, hondakin gehiago sortzea saihestuz. Bestalde, atmosfera eta ingurunea gutxiago kutsatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko ere balio du.

Berziklatuz plantak beste modulu bat jarri du martxan orain egun gutxi. 300 metro koadro ditu, eta han, berrerabil daitezkeen produktuak daude ikusgai. Horrekin, hondatuta edo behar ez dituzten elementuak birziklatu eta berriz erabiltzera bultzatu nahi dute gizartea. Baina, batez ere, jendeak kontzientzia hartzea nahi dute. "Hondakinak berrerabili eta birziklatzea sustatu nahi da, etorkizuna bide horretan dagoela uste dugulako", azaldu du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Era berean, gizartea ohartaraztea ere garrantzitsua dela dio.

Jendeak etxetresna elektriko eta gainerako apaingarriak ikustea eta kontzientzia lana egitea ez da pabiloi horretarako duten helburu bakarra. Bilbaoren ustez, gizarteak arduraz kontsumitzeko helburua ere badu. Horretarako, ikusgai daude eta salgai tapizak, mahaiak, aulkiak, kutxak eta bestelako tresneria. "Hemen dagoena ez da salduko, erakutsi bakarrik", zehaztu du. Ikustera joango dira herritarrak, Bizkaiko eskolak zein ikastolak eta bigarren eskuko produktuak saltzen dituzten dendak.

Industria eraikin berria egiteko, 150.000 euroko inbertsioa egin dute guztira. 113.000 euro ordaindu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Gainerakoa Berziklatuk eta BBK-k jarri dute. Pabiloi berri honetan, gainera, gizarte bazterketa sufritzeko arriskuan dauden gizon eta emakumeek behar egiteko aukera izango dute aurrerantzean.

Aldundiak Bizkaiaren irudi okerra eman duela diote

Urtebete igaro da foru hauteskundeetan Bildu koalizioak Bizkaiko Batzar Nagusietan hamabi ordezkari lortu zituenetik. Urteurrena aprobetxatu dute balantzea egin eta herrialdearen egoera zein den aztertzeko. Taldearen orain arteko bozeramaileak, Zuriñe Gaintzak, argi dauka: "EAJk, batez ere foru aldundiaren bitartez, oso irudi ona saldu nahi du, baina Bizkaia ez dago orain dela urte batzuk bezain ondo. Krisia hona ere iritsi da, eta langabezia tasek hori erakusten dute".

Batzarkideek diotenez, gaur egungo Bizkaia ez da Bilduk nahi lukeena. Horregatik, "hainbat borrokarekin bat" egin dute urtebete honetan. Hauek izendatu ditu Gaintzak: metroko lan gatazka, Gueñeseko Konectako behargin kaleratuak, Muxikako Inama enpresaren itxiera, etxe husteak eta Mungiarako trena berreskuratzeko aldarrikapena, besteak beste. Gainera, Batzar Nagusiak erakunde "ezezagunak" direla diote. "Saiatu gara herritarrak guregana hurbiltzen, eta alor askotan herrietan hasitako borroken jarraipena egin dugu. Kontua da beste alderdiek ez dutela gure moduan bizi Batzar Nagusiak irekitzeko asmoa".

Gaintzak dio "fronte asko" daudela irekita. "Gu, batez ere, hirutan zentratu gara: azpiegitura handiek ekarri diguten egoera negargarria salatu dugu; gizarte laguntzen eskasiak zer ekar lezakeen jakinarazi dugu, eta iruzur fiskalaren gezurrak agerian uzten dihardugu oraindik ere".

Gaintzak berak eta Idoye Erraztik bozeramaile lanak utziko dituzte, eta Irune Sotok eta Aitor Torrek ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren.

Enkarterriko herritarrek 6,3ko puntuazioa eman diote eskualdeari

Enkarterriko bizilagunek 6,3ko puntuazioa eman diote euren eskualdeari, Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta batean. Batez besteko puntuazioa da hori. Izan ere, batetik, bikaintzat jo dituzte bertako basoak eta monumentuak; bestetik, gutxiegi nota jarri diote harrobien eta zabortegien inpaktuari.

Inkesta hori landa eta hiriko inguruneari buruzko katalogo bat osatzeko baliatuko du Eusko Jaurlaritzak. Internet bidez, galdetegi bati erantzun diote hamar herritako ehun pertsonak, elkarteek eta turismo, ekonomia, kultur eta kirol arloko agenteek. Gainera, hainbat foro antolatu dituzte Zallan, horien guztien ekarpenak biltzeko.

Gehienen ustez, lehentasuna paisaiak gehiago ez aldatzea da. Horrez gain, "industrializazioaren eta garapen teknologikoaren ondorio negatiboak gutxitu" beharra ere aipatu dute.

Horretaz gainera, naturguneak babestu beharra azpimarratu dute. Armañon, Galdames eta Sopuertako meatzeak eta Zalama parke natural edo biotopo babestu izendatzeko ere eskatu dute. Neurri horrek lehen sektorean eraginik izan ez dezala eskatu dute, bide batez. Hain zuzen, turismoa bultzatu beharraz egin dute berba, betiere nekazaritza eta abeltzaintzari oztoporik jarri gabe. "Espazio babestuak handitu beharrik ez dago: lehendik daudenak zaindu egin behar dira", zehaztu dute Enkarterriko biztanleek.

“Hamabost urtean ikasle kopurua bikoiztea jarri dugu helburu”

Ibilaldia ospatuko dute domekan Trapagarango Itxaropena ikastolaren alde. Datozen urteetan bigarren lerroa zabaltzeko helburua du Itxaropenak, Meatzaldean eta Enkarterrin erreferente bihurtu den ikastolak, Jose Mari Andres (Portugalete, 1955) bertako zuzendariak eta Ibilaldiaren koordinatzaileak azaldu duenez. Ibipuntuzero dute aurten leloa.

Zergatik Ibipuntuzero?

Ibilaldia antolatzerakoan planteatu genuen teknologia berriak eta sare sozialak txertatu behar genituela. Hortik, 2.0ren ideia atera zitzaigun. Leloa osatzeko "I" bat jarri genuen aurretik, Ibilaldia adierazteko, eta "bi" horrekin adierazi nahi genuen Itxaropena ikastolak bigarren aldiz antolatzen duela jaialdia.

Euskara teknologia berrietan sustatzen aritu direnak omentzea duzue helburu. Ezinbestekoa da teknologia berrietan murgiltzea. Itxaropena ikastolak lan hori eginda al dauka?

Ez asko. Hastapenetan gaude. Gure helburu nagusia da ondorengo urteetan horretan trebatzea. Abiapuntua hau izatea nahi genuen, irakasleengan ere kontzientziazio apur bat sortzeko. Eta etorkizunera begira egin behar dugun lanetako bat da.

Ibilaldiaren antolakuntzan ere sare sozialak erabili nahi izan dituzue. Zelakoa izan da esperientzia? Zuen asmoak funtzionatu du?

Bai, oro har nahiko ondo funtzionatu du. Abestia aukeratzeko orduan bost talderen kanten artean bozkatzeko aukera egon zen sarean. Boto kopurua esanguratsua izan zen: 20.000 inguru. Beraz, arrakastatsua izan da.

Bestalde, sarea erabili dugu gure ikasle ohiekin harremanetan jartzeko eta informazioa zabaltzeko. Gustura gaude. Ondorengo Ibilaldiak antolatzeko orduan ere oso kontuan hartu beharreko tresna dira.

1996an Ibilaldia antolatu zenutenetik, zer aldatu da ikastolan bertan eta antolakuntzari dagokionez?

Ikastolan bertan, asko aldatu da. Horregatik egingo dugu bigarren Ibilaldi hau. Gure hazkundea nabarmena da. Lerro bat izan beharrean bi lerro izateko bidean gara. Hamabost urtean gure ikasle kopurua bikoiztea jarri dugu helburu. Duela zazpi urte, 350 genituen, eta, gaur egun, 500 ditugu. Datorren ikasturterako 30 gehiago izango ditugu. Beraz, helburu nagusia 700 ikasle inguru izatera iristea da. Horretarako, Ibilaldia behar dugu. Batez ere, beharko diren azpiegiturak eraikitzeko.

Antolakuntzari dagokionez, errazagoa dela esango nuke. Aurreko urteetan beste ikastoletan egindako lanari esker, Ibilaldia sistematizatuago dago. Gauza batzuk derrigor egin behar dira, eta horrek ematen du lan gehien: urte osoa azokaz azoka ibiltzea, esaterako.

Zer da zailena?

Ibilaldi egunean 600-700 pertsona inguru ibiliko dira lanean. Egunkaria eta aldizkaria bukatu ditugu; egunean bertan banatuko ditugu. Kontzertuak lotuta daude, noski; garbiketa zerbitzuak ere kontratatuta... Boluntario kopuruari dagokionez, oso pozik gaude. Oso erantzun positiboa izan dugu. Gure ikastolan %90 inguru inplikatuta daude, ez bakarrik familia moduan: lagunak eta senideak ere ekarri dituzte lanerako prest. Muntatzea da guretzat lanik handiena, agian. Eguraldiari begira egon behar duzu, gainera.

Ondarroako ikastolaren lekukoa hartu zenuten iaz. Zailagoa da Meatzaldean ikastola bat aurrera ateratzea, Lea-Artibain baino, adibidez?

Ez dut uste. Duela zazpi urte, Meatzaldeko ikastola erreferentea izateko helburua ezarri genuen —Portugaleten Asti-Leku dago, eta Santurtzin, Bihotz Gaztea—. Bigarren lerroa ezartzeko ikasleak behar genituela ikusi genuen, eta urtero matrikula beteta daukagu. Beraz, ezin dezaket esan zailagoa denik. Agian,eskaintza ere txikiagoa da. Horrenbeste jende bizi den inguru honetan ikastolen eskaintza txikia da, eta horrek ere eragina du.

Azpiegiturak hobetzeko erabiliko duzue lortzen duzuen dirua. Zein lan egin behar duzue?

Bigarren lerro hori osatzen denerako —zortzi urte falta dira—, beste hamar bat gela beharko ditugu. Orain arte, ikasturte bakoitzeko gela bat izan dugu. Gaur egun, Lehen Hezkuntzako bigarren mailatik behera bi gela ditugu. Urtez urte gela bat gehiago zabaltzeko asmoa dugu. Gelez gain, zerbitzuak ere handitu eta egokitu beharko ditugu. Izan ere, ikasle kopurua bikoiztu egingo dugu.

Betagarri, Mikel Markez eta Erramun Martikorena izango dira domekan, besteak beste. Familian gozatzeko ekitaldiak ere izango dira, ezta?

Bai. Lehenengo gunean, dantzak, bertsolariak, txarangak egongo dira. Lasai egoteko gunea izan daiteke hori. Beste batean, Irrien Lagunak klubekoak egongo dira. Balsa Txikia ere lasaia izango da, eta Balsa Handian, kontzertu guztiak egingo dira. Hortik Durañenara, hiru kilometroko ibilbide oso polita dago. Duela gutxi inauguratu zuten bide berde bat da. Duela mende bete, hortik minerala meatzeetatik lantegietara zeraman trena zebilen. Eguraldia lagun bada, Ezkerralde eta Eskuin ibar osoa ikus daiteke. Baita itsasoa ere. Oso ibilbide polita da.

Bestalde, Durañena gunean Betagarri egongo da, esaterako. Hortik berriz ere hasierako lekura jaits daiteke. Guztira, zortzi kilometroko ibilbidea da.

Aldapa handiak al daude?

Ez, laua da. Metro bete inguruko aldapa txiki bat baino ez dago.

Jateko zein aukera dago?

Balmasedako Zubi Zaharra ikastolako gurasoek eltzekoak prestatuko dituzte ikastolan bertan. Eusko Label fundazioak txosna jarriko du, eta taloak eta bokadiloak ere egongo dira. Zirkuituan zehar, Ibilaldian parte hartuko duten bi jatetxe ere badaude.

Garraio publikoan joateko zein aukera dago?

Bilbotik etortzeko, zuzenena, trena da. Ezkerraldetik: Santurtzi-Trapagaran, Sestao-Trapagaran eta Barakaldo-Trapagaran autobusak daude, ohikoak. Portugaletera metroz joatea da beste aukera bat, trena beteta baldin badoa. Bertako metro geltokitik zirkuitura ordu laurdeneko ibilbidea dago bide gorri batetik.

Datorren urtean, Asti-Leku ikastolak hartuko dizue lekukoa. Zein gomendio emango zenieke?

Lasaitasunez hartzeko esango nieke. Garai honetan oso urduri hartzen duzu ardura hori; badirudi presaka egin behar duzula guztia... Lasai aritzea da garrantzitsua. Urduri jartzeko unea iritsiko da Aste Santutik aurrera.

Eta zuek urduri zaudete?

Bai, urduri gaude: "Zer egin behar dut? Non jarri behar dut?", galdetzen dute askok. Guztiok ikaratu ez gaitezen saiatzen gara, baina urduri gaude.