Uribarriko bizilagunek aurkitu dute bide bat Bilboko auzo horretako zerbitzu publikoen eskasiari aurre egiteko. Matiko kalean, utzita dagoen bost solairuko eraikin bat okupatu dute, gizarte eta kultura zentro bihurtzeko asmoz. Patakon izena hartu du a...
Sailkatugabeak
“Proiektua herritarrentzat da; edozein jarduera egin nahi duenak lekua izango du”
Autogestioaren bidetik kudeatutako gizarte etxe bat nahi du Basetxe Gaztetxea elkarteak Trapagaranerako. Irati Aranburu (Trapagaran, 1993) hango kidea da, eta hark azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak. Gaztetxe bat zegoen lehen, eta orain gizarte ...
Bilboko gerrikoa, zulatuta
Maiatzaren bukaeraz geroztik, Bilbo eskura zuten frankistek. Hegazkineriaren aldetik zuten nagusigoa kontuan izanda alferrikakoa suerta zitekeen, 1936ko urritik aurrera Bizkaiko hiriburua babesteko eratu zuten burdinezko gerrikoa, Maginot defentsa ler...
Mungiako trena bideragarria den aztertzeko, ikerketa bat eskatu dute Batzar Nagusiek
Loiuko aireportutik Mungiara arteko trenbide sarearen zerbitzuak zenbat erabiltzaile izan ditzakeen eta zenbateko eskaria izan dezakeen aztertzeko ikerketa eskatzea onartu dute, aho batez, Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hala azaldu du Aitor Torre Bilduko batzarkideak. Ez arauzko proposamena eraman zuen joan den asteazkenean haren koalizioak Garraio eta Hirigintza Batzordera. Bilduk EuskoTrenen linea aireporturaino iritsiko dela aprobetxatuta, trenbidea Mungiara arte luzatzea eskatu zuten. PSE-EE alderdiak, bestalde, zuzenketa aurkeztu zion proposamenari eta ikerketa eskatu. Bilduk eta gainerako alderdiek babesa eman zioten PSE-EEren zuzenketari.
"PSEren zuzenketari babesa eman diogu uste dugulako tren zerbitzu horrek urtean 900.000 bidaiari izango dituela dioen ikerketa ez datorrela bat errealitatearekin", azaldu du Torresek. Eusko Trenbide Sareak egindako ikerketari aipamen egin zion berbon bidez. Azterketa horrek Bilduren ustez garrantzitsuak diren zenbait alor ez dituela jasotzen esan zuen.
"Mungiako igarobide osoko zirkulazio datuei erreparatuz gero, urtean, gutxi gora behera, 11 milioi ibilgailu ibili ohi dira. Ibilgailu kopuru hori trenbide lineara transferituz gero,900.000 erabiltzaile aurreikusten dituen kopuru hori gainditu egingo litzateke", azaldu du.
Azterketa moldatu beharra
Horrez gain, Mungiak eskualde buru gisa jarduteko eta Bizkaibusek trenbide linea horren kolektore lana egiteko aukera ere ez dutela aurreikusi deritzo Bildu Bizkaiak. "Beraz, guri helarazi diguten azterketa moldatzea beharrezko deritzogu eta aireportua eta Mungia lotuko dituen trenbidea bideragarria dela uste dugu", esan du Aitor Torresek.
Hain zuzen, Bilbo eta Mungia lotzen dituen BI-631 errepidetik egunero 31.999 ibilgailu igarotzen direla azaldu zuten batzorde osteko prentsaurrekoan Bilduko ordezkariek. Horietatik %4,7 ibilgailu astunak dira, Bizkaiko errepideetako zirkularioaren garapenari buruzko azterketaren arabera. Beraz, 30.495, ibilgailu pribatuak direla ondorioztatu dute.
Kasurik txarrenean jarrita ere, hau da, ibilgailu bakoitzean bidaiari bakarra doala kalkulatuta, urtean 11.130.675 bidaiariren datua ateratzen dela azaldu dute, ibilgailu pribatuaren erabiltzaileak trenera bideratuta. Horri, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibuseko erabiltzaileei buruz emandako datuak gehituz gero, urtean beste 1.988.172 bidaiari gehiago izango liratekeela diote.
Bestalde, Sangroniz, Asua, Arriaga eta Lutxanako geralekuak erabiliko balira —gaur egun geraleku horiek ez daudela funtzionamenduan ekarri dute gogora— linea banatu egin ahalko litzateke eta Lutxanan intermodalitatea ahalbidetuko luke. Horrek erabiltzaile gehiago erakarriko lituzke.
Gogora ekarri dute, gainera, beste ikerketa bat lortzeko lana ez dagokiela soilik Batzar Nagusiei: Mungialdea osoaren eta Butroi Bizirik taldearen aldarrikapen historikoa izan dela azaldu dute.
“Oso berezia izan zen lurra zapaltzea, hamalau egunez ikusi barik egon ostean”
Edurne Arrasatek eta Asier Kristobalek Geure Ametsa belaontzian ozeano Atlantikoa zeharkatu dute. Odei eta Haizea ere abentura honetako partaide izan dira eta Karibea, Cabo Verdeko kostaldea, Galizia, Kanariar uharteak... ezagutu dituzte sei hilabete...
Menpekotasuna duten adindun guztiei zabaldu zaie zentroetara joateko aukera
Hemezortzi urtetik gora izanik mendekotasun bat daukan edonork izango du eskubidea osasun eta gizarte zerbitzuen laguntza eskatzeko. Hala iragarri zuen joan den martitzenean Juan Mari Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak. Orain arte, 60 urteti...
Lanestosa, Fenestrosa bihurtuta
Lanestosa hiribilduak urteak bete berri ditu: 725, hain zuzen ere. 1287ko ekainaren 6an Lope Diaz III.a Harokoa Bizkaiko jaunak hiri gutuna eman zien lanestosarrei. Bizkaian sortutako lehenengo hiribilduetako bat izan arren, ezezagunena da; ziurrenik, duen kokalekuagatik. Enkarterrin dago, mendebalderen kokatuta, eta 1,25 kilometro koadroko eremua du. Ehun etxe inguru dauzka, eta 263 biztanle. Karrantza eta Soba (Kantabria, Espainia) ditu mugako herriak.
Malda handiak igaro ostean zabaltzen den haranaren gainean dago Lanestosa; hura eta haren historia bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango da bihar eta etzi. Hiribildu zelan izendatu zuten antzeztuko dute bertako herritarrek. Lanestosako Udalak, Piñaburu elkarteak, Zallako Antifaz antzerki taldeak eta Trueba Enkarterriko ondarearen dibulgazio eta dokumentazio guneak antolatutako jarduerak dira asteburukoak. Herria ezagutarazteko aprobetxatu gura dute antolatzaileek. Egun nagusia bihar izango da. Hala ere, igandean ere antzezpenak egingo dituzte.
Txikia izan arren, Iberiar goi lautadatik Kantauri itsasora igarotzeko gune estrategikoa izanik, historia aberasgarria duen herria da Lanestosa. Lope Diaz Harokoak hiribildu izendapena eman zion Gaztela eta iparraldeko portuen arteko igarobidea kontrolatzeko kokaleku egonkor bat ezarri ahal izateko bertan. Izan ere, Laredoko (Kantabria, Espainia) portutik Iberiar goi lautadara Tornoetatik doan bidean dago herria. "Merkataritza bide oso garrantzitsua izan zen. Bestalde, besteak beste, Karlos V. a enperadoreak ere erabiltzen zuen Yusteko monasteriora (Caceres, Espainia) joateko", azaldu du Ricardo Santamaria Trueba guneko zuzendariak.
Haren esanetan, "sasoi hartan Gaztelako Koroak, titulu horien bitartez, merkataritza bideetan kokatuta zeuden baldintza geografiko oneko herriak bereizten zituen". Eta Lanestosari titulu hark "aitorpen handia" egin zion. Horrez gain, "populazioaren finkatzea eta mendeetan luzatu zen merkataritza garapen handia" ere ekarri zio herriari.
Paleolito garaira arteko gizakiaren aztarnak ere aurkitu dituzte bertan. Hala ere, askorentzat ezezaguna den herri horretan Erdi Aroko hiribilduen izpiritua gordetzen dute, gaur egun, oraindik. Eta agertoki horretan izango da historia gogorarazteko aukera.
Garai hartako arropak soinean dituztela antzeztuko dute lanestosarrek eurentzako historiako pasarte oso garrantzitsua izan zena. Pegasus konpainiaren laguntza izango dute bertako herritarrek, Erdi Aroan Lanestosa barik Fenestrosa izena zuen herrira salto egitea lortzeko. Hiribilduan urteetan egin diren lanbideak irudikatuko dituzte: besteak beste, meatzaritza, hargintza edota nekazaritza. Horretarako, artisauen saltokiak jarriko dituzte. Hiribildu forua emateko ekitaldia, zehatz zelan gertatu zen ez dakite; ezta Lope Diaz Harokoa bera titulu hori ematera Lanestosara joan zen ere. Dena den, ezagutzen dituzten datuetatik abiatuta antolatu dituzte ekitaldiak.
Bizkaiaren sorrera
Bestalde, Enkarterriren integrazioa Bizkaia eratzeko "atal garrantzitsua" izan zela ekarri du gogora Santamariak. "Gernikakoa baino foru zaharragoa daukagula gogoratu behar da. Bizkaia zeritzon proiektu hartan sartzeko erabakia eskualde honetako bizilagunen erabakia izan zen, gainera; ez bizkaitar guztiena". Horren harira, azaldu duenez, "Lanestosa izan zen Gernikako Batzar Nagusietan parte hartzen hasi ziren Enkarterriko lehen herrietako bat". Bizkaiko dantzarik zaharrena da arku loredunarena, eta hura ere gorde dute bertakoek.
Herriaren aberastasuna ezagutarazteko modua ere izan daitezke, antolatzaileen ustez, asteburuko ospakizunak. "Erdi Aroko egiturari eusten dion herri txiki bat da Lanestosa", ekarri du gogora, haren berezitasun eta ezaugarriei aipamen eginez: "Harrizko kaleak ditu, eta oso ondo zaindutako etxe handiak. Herriaren ondarea areagotzen duten hainbat eta hainbat xehetasun ditu", Santamariaren ustez. Haraneko paisaia ere aipatu du; baita inguruan nagusi den lasaitasuna ere.
Egunerokotasunari aurre egiteko dituzten arazoak ere ez ditu ahaztu nahi izan, ordea. Batetik, karrantzatik aise iristea ahalbidetuko duen sarbide baten beharra aipatu du. Bestetik, jende gehiago erakarriko duen eta lanpostuak sortuko dituen jarduera ekonomiko baten beharraz egin du berba. "Ezer baino gehiago, ordea, bidegabe pairatzen duen ahanzturatik ateratzea behar du herriak. Lanestosak eskaintzen diotena baino adeitasun handiagoa merezi du". Asteburuko ekitaldiek hiribildua sustatzeko duten garrantzia azpimarratu du bide batez.
IFZ kendu diete, lehenengoz, iruzur fiskalean nahastutako enpresei
Zergak ordaintzeko orduan iruzur egiteko jardueretan parte hartu duten zantzua daukaten enpresei IFZ Identifikazio Fiskaleko Zenbakia kendu die Bizkaiko Foru Aldundiak. Lehenengoz hartu du neurri hori. IFZ kendu dieten enpresek ezin izango dute egin i...
Durangaldeko dantzariak batuko ditu Dantzaroak
Gerediaga elkarteak ospakizun bat antolatu du biharko, Durangaldeko dantzak erakusteko, eskualde horretako dantzariak elkartzeko eta jai giroan gozatzeko helburuarekin: Dantzaroa da ekitaldi hori.
2009an ekin zion elkarteak jaialdi hori antolatzeari. Aurten, beraz, laugarren aldia izango dute. Ekitaldiak 19:00etan hasiko dituzte bihar. Kalejiran abiatuko dira dantzariak, udaletxe aurretik Ezkurdira bidean.
Dantza saioei 19:30ean ekingo diete. Erakustaldia Ezkurdin bertan egiteko asmoa daukate. Eguraldia lagun ez bada, ordea, Andra Mariko elizpean egingo dute.
Mutilen dantzek hasiko dute ikuskizuna: banangoa, makilajokoa eta txotxongiloa dantzatuko dituzte. Gero, neska eta mutilek batera, zinta dantza, estanpa eta arku dantza egingo dituzte. Iaz, berrehun dantzari inguru elkartu ziren, eta antolatzaileek espero dute aurten ere ekitaldi arrakastatsua izatea. Dantzaroko erakustaldiaren ondoren, oilasko errea dastatzeko aukera izango dute joaten direnek.
Gerediaga elkarteak, folkloreari beste bultzada bat emateko, Durangaldeko Folklore Egunak zikloa antolatu du aurten, ekaina eta uztaila bitartean. Ekainaren 14an, mahai inguru bat egingo dute, Iurretan: Dantza autoktonoen ezbaiko egoera; hilaren 21ean, zinema emanaldi bat, Berrizen: Berrizko dantzariak; 26an, hitzaldi bat, Mañarian: Durangaldeko gaita eta gaiteroen istorioak; uztailaren 5ean, zinema emanaldi bat egingo dute, Abadiñon: Abadiñoko dantzariak; eta 14an, ezpata dantzari eguna ospatuko dute, Otxandion.
“Eredu produktibo berri baten aldeko apustua egin dugu”
Ermuko udaletxea Valdespinako markesaren jauregian dago 1985az geroztik. Carlos Totorika alkateak harro eman ditu XVIII. mendeko eraikin xarmant horren inguruko xehetasunak. "Ziur aski, Bizkaiko barroko zibilaren gailurra da". Herriko aberastasun arki...