Sailkatugabeak

Bosgarren edukiontzirako boluntario bila Enkarterrin

ZALLA. Enkarterriko Mankomunitateak hondakin organikoak biltzeko edukiontzia jartzeko asmoa du. Bilboko Deustua auzoan egiten den modura, izena eman behar dute ekimenean parte hartu gura dutenek. Horretarako, uztailaren 7ra arteko epea jarri dute. Uda...

Urtarrilean ekingo diete anbulatorioa egiteko lanei

ZORNOTZA. Datorren urtean, urtarrilean, hasiko dituzte Zornotzako anbulatorio berria eraikitzeko lanak. Gaur bertan, aurreikusitakoaren arabera, udalak Kaitanako lurrak Osasun Sailaren esku uztea erabakiko du osoko bilkuran. Lanek bi urte iraungo dute...

“Gure energia izateko, inguruko baliabideak landu nahi ditugu”

Bizkaian finkatua eta Arabari etengabe begira, aldi berean. Horrelakoa da Otxandio, hemengo baina hango, Bizkaiko ertz batean gordeta dagoen herria. Bertako kale kantoi estuek istorio zaharrak agerian uzten dituzten arren, etorkizunera begira daude otxandiarrak. Santi Uribe da alkatea azken udal hauteskundeetatik hona. Udaletxeko martxa ez zaio arrotza, ordea; aurreko legegintzaldian Batia izeneko herri plataforman egon baitzen zinegotzi gisa. Hala ere, onartzen du alkate izateak "konpromiso maila handiagoa" eskatzen duela.

Etorkizunera begira, "bere alor guztietan euskaraz arituko den Otxandio bat" ikusi nahiko luke Uribek. "Herri nortasunari, auzolanerako grinari, eta ingurumenarekiko errespetuari eutsiko dien herria. Bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen Euskal Herri batean, gainontzeko udalekin elkarlanean". Hori guztia lortzeko bidean, esku artean dituzte hainbat ideia. Herri-ola izeneko egitasmoa abiatu zuen udalak, eta, bertan, otxandiarren parte hartzeari esker, herriarentzat interesgarri ziren proiektuak garatu dituzte: Oreka, Ura eta Nagusi, besteak beste.

"Oreka proiektua iraunkortasunari lotutakoa da. Energia fosilekiko dugun dependentzia gutxitzeko, inguruak eskaintzen dizkigun baliabide iraunkorrak garatu nahi ditugu, ahal den neurrian, Otxandiok bere energia propioa erabil dezan". Biogasa edo biomasari dagozkion azterketak egin dituzte, herriko basoek zer eskain dezaketen ikusteko.

Ura proiektuaren kasua ere hor dago. "Urari ematen diogun erabilera, estolderia sarea eta araztegia; halako gaiak aztertu ditugu. Araztegiari dagokionez, badugu proiektu bat buruan, arazketa metodo natural baten bidez egingo lukeena".

Bestalde, gero eta zaharragoak dira biztanleak, eta horien beharrak bildu dituzte Nagusi proiektuan. "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun zentro berria egiteko asmoa du herrian, eta aukera ikusi dugu eraikin berean nagusientzako gune bat ere atontzeko". Horretaz gain, nagusien egoitza ondoko eraikina erosi dute. Orain, denbora tarte bat hartu nahi dute taxuzko zerbait antolatzeko. Basoarena, urarena edota adinekoena izan, "proiektuak ikertzen" ari direla azpimarratu du Uribek.

Egitasmoak aurrera ateratzeko dirua behar dela kontuan hartuta, eta arazoen artean izarra krisi ekonomikoa izanik, Uribek herriko egoera nolakoa den deskribatu du. Merkatari txikiak "estu" dabiltza, eta Legutioko (Araba) Holtza enpresak zailtasunak dituenez, hainbat langile langabezian gelditzeko arriskuan daude, tartean, zenbait otxandiar ere bai. "Egungo errealitatearekin bat dator gure herriko egoera", dio.

Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez ere kexu da Uribe, udal finantzaketarekin "arazo orokor" bat dagoelako. "Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen Udalkutxatik diru sarrera jakin bat iristen zaigu urtero, baina ez dakigu zenbat bueltatu beharko ote dugun. Merkatuei begira egon behar izaten dugu, itzuli beharko duguna kalkulatzeko. Ziurgabetasun nabarmena sortzen digu horrek. Esango nuke udal administrazioen eta foru aldundiaren artean beste funtzionamendu bat garatu beharko genukeela". Bizkaiko Bildu azkenaldian udal finantzaketaren inguruko hausnarketa eske dabil, hain zuzen. Hori dena gutxi ez, eta hirigintzaren sektoretik eratorritako diru sarrerak ere bere horretan gelditu zaizkio Otxandioko Udalari, egoeraren larriak etena eragin duelako eraikuntzaren sektorean.

Muga eta babesa

Bizkaiko ertz batean bizi eta metropoli guneetatik zertxobait aldenduta egonda, zailtasunak dituzte otxandiarrek garraio publikoa erabiltzeko. Durango (Bizkaia) eta Gasteiz (Araba) lotzen dituen autobus lineak bertan egiten du geldiunea. Baina, hala ere, arazo franko dute herritarrek. "Bi herrialde lotzen dituen lerro baten menpe gaude, autobusen maiztasuna ez da batere egokia, eta gertatu izan zaigu autobusa beteta iritsi eta bertara ezin igotzea. Hala, Gasteizera lanera joan behar eta ezinean gelditu da jendea". Berriki, ordea, gutxiengo batzuk adostu dituzte Alsa autobus konpainiarekin: autobusa beteta etorriko balitz beste bat jarriko lukete hortik bost minutura, errefortzurako. Bestalde, txartel sisteman ere hobekuntzak egingo dituzte.

Lurraldeko txoko batean egoteak mugatu egin du herritarren jarduna, baina badira babestu diren beste ezaugarri batzuk ere. Zertxobait isolatuta egote horrek babestu egin du otxandiarren arteko auzolana, elkarlana. Bizi-bizirik dute sen hori. Aurki santamañak (Santa Marina jaiak) ospatuko dituzte, eta, azken zortzi urteetan egin bezala, herritarrek hartuko dute kaleak garbitzeko ardura. Gauez parranda, eta, goizez herri garbiketa. Horrelakoa delako Otxandio, muga geografikoen artean kokatua eta auzolanaren babeslekua aldi berean.

Garaituta eta zigorpean

Bilbo galduta, Kantabria aldera jo behar izan zuten euskal batailoi gehienek. Armadaren gutxiengo batek, Bilbon bertan eta Barakaldon amore eman zuten bitartean, gudari zein militziano talderik gehienak Ezkerraldetik, Trianotik, Zierbenatik, Muskitzetik… pixkanaka-pixkanaka hartu zuten erbesteratze bidea. Frankistek, aldiz, abagune horretan, argi zuten aurrerapenari ekin behar ziotela. Bilboren aurkako erasoaldian Mola ordezkatu zuen Fidel Davilak ozen esan zuen: "Ez eman aukerarik etsaiari berrosatzeko, ezta bere erretirada gauzatzeko ere".

Bilbo lagata, armada erretiradan eta sakabanatua, Euzko Jaurlaritza militarki eta politikoki erabat ahulduta zegoen bitartean, Bilboko agintari berriak estatu faxistaren funtsak ezartzen saiatzen ziren. Hori dela eta, Botxo-ko lehen alkate faxista izan zen Jose Maria Areilzak aldarrikaturiko dialektika, "garaile eta garaituen" artekoa, oso azkar indarrean jarri zuten. Lehendabizikoek, garaileek, ordura arte bonbekin eta armen nagusitasunaz egin zutena, aurrerantzean dekretu eta zigor errepresiboen bitartez osatzera zetozen. Besteek, garaituek, ez bazuten alde egiten, izandako erantzukizun politikoaren arabera, hainbat mailatako jazarpena —Zigor Kodean nahiz militarrean azaltzen ziren zigorrez gain, ondasun konfiskazioak, naziotasun espainiarraren eta titulu akademikoen galera, irakaskuntzan aritzeko gaitasuna gabetzea…— pairatzeko biktima bihurtu ziren.

Izan ere, faxisten erabakiak, maila askotakoak izan arren, azkarrak bezain zakarrak suertatu ziren. Franco Bilboratu eta berehala, ekainaren 23an esate baterako, Burgosetik berak sinatutako dekretuaren bidez, Gipuzkoak eta Bizkaiak zituzten Kontzertu Ekonomikoak bertan behera gelditu ziren. Argudioa: "Armetan altxatu ziren uztailaren 17an hasitako mugimendu nazionalaren kontra, Estatuak haiekin izandako ezohiko eskuzabaltasunari traizioarekin erantzunez".

Baina frankistek argi adierazi zuten desegituratze instituzionalez haratago joateko prest zeudela. Bizkaiko hiriburua eskuratu ostean azkartu egin zituzten epaiketak eta heriotz zigorrak, inolako errukirik gabe. Ekainaren azken egunotan, esate baterako, Esteban Urkiaga Lauaxeta poeta handi eta euskal kultur eragile ezaguna, gudarien komandantea izandakoa fusilatu zuten Gasteizko hilerrian. Baita harekin batera Alfredo Espinosa Oribe, Euzko Jaurlaritzako Osasun sailburu errepublikanoa ere. Lauaxetak bi hilabete zeraman preso, Gernikan apirilaren 29an atxilotu zutenetik. Espinosa, aldiz, atxilotu berria zen. Santanderrera Air Pyrenees konpainiako hegazkineko pilotu zen J. Yanguasek, Zarautzeko hondartzan frankisten esku utzi zuen ekainaren 21ean.

Alferrik suertatu ziren Euzko Jaurlaritzak horien bizitzak salbatzeko egin zituen ahaleginak. Hainbat preso trukatzea eskaini zuten, baina frankistek entzungor erantzun zuten. Astebete lehenago, Bilbo uzterako orduan, Leizaolak erakutsitako gizalegea —presoak askatzea, edozein mendeku edo desmasia saihesteko— faxistok erabat arrotza zutela bistan gelditu zen. Alegia, frankistek gerra hasi zutenetik erabili zuten indarkeria zorrotz bezain ankerrarekin jarraitzen zuten, heriotzari lehentasuna emanez. Garaile izanda ere, eskuzabaltasuna eta gizalegea zer diren ez zekiten.

“Familiaren arima amama den ideia zabaldu da sendietan”

Silvia Carrerak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1974) coach eta gatazketako bitartekari lanak egiten ditu. Portugaleten, esperientzia berri bati ekin dio: amamak zoriontsu izateko tailer bati. Bost eguneko tailerra egin dute. Carreraren lanaren helburua pertsonak zoriontsu izatea eta bizitza goza dezaten lortzea da.

Besteak zaintzeari buru-belarri ekin arren amamek euren buruak ez dituztela ahaztu behar da ikastaroaren premisa nagusia, ezta?

Bai. Amama izateaz gain emakume direla, pertsona direla jabetu daitezen bideratuta dago tailerra. Bilobak zaindu beharra euren bizitzako atal garrantzitsu bat bada ere, garrantzi bera duten beste alde batzuk ere badaudela erakutsi nahi dugu. Alde horiek indartzen saiatu gara.

Emakumeek barruan daramaten erantzukizun bat al da hori?

Bizi osoan norbait zaintzen ibili diren emakumeen belaunaldia ibili da ikastaroan: seme-alabak zaindu dituzte; gero, gurasoak, edo aita, edo amaginarrebak; eta, horren ostean, bilobak zaintzeari ekin diote. Natural-natural bizi dute lan hori.

Beti ematen ari den belaunaldi bateko emakumeak dira, eta, sarri, eurentzako laguntza eskatzea eta jasotzea ahaztu zaie. Beraz, ondo datorkie eurentzako lekuak aurkitzea, baita bikotekideari eta seme-alabei beste gauza batzuk eskatzeko moduak ere.

Soilik amamentzat prestaturiko ikastaro bat eman duzu, baina aitona askok ere hartzen dute bilobak zaintzeko ardura. Rolak eta inplikazioa, agian, desberdinak dira?

Bai. Dena den, denetarik dago: badaude inplikazio handia duten aitonak, baita oso gutxi dutenak ere. Adinaren araberakoa ere izaten da kontu hori. Erabat desberdina da zelan hartzen duen erantzukizun horri 60 urteko gizon batek eta 80 urteko batek.

Amamak beste inplikatzen diren aitonek eurentzat behar edo nahi duten denbora hartzen dute, beharbada?

Erantzukizun kontua da. Baliteke biak aritzea biloba paseatzen; umeak oka egiten badu, baina, amamak hartuko du haurra garbitzeko ardura. Familiaren arima amama den ideia zabaldu da.

Amamei dagokienez, berriz ere sufritzen dute, seme-alabek etxetik alde egiten dutenean bezala, bakardade sentipen hori?

Bai, sarri gertatzen da, eta ez da batere bidezkoa. Horregatik bilatzen ditugu zoriontasuna eman diezaieketen jarduerak. Zenbaitetan, amamek eurek zaintzen dituzte bilobak ia egun osoan. Bilobak haztean, ordea, ez doaz amama ikustera. Beraz, seme-alabekin pairatu zuten hutsune hori berriz ere sentitzen dute bilobekin.

Zein konponbide planteatzen dituzue egoera horietan?

Tailerra coaching erakoa da. Ni ez naiz amama; beraz, jarraibideak amamek eurek dituzte. Tailerraren bitartez, gogoeta eginarazten diegu, eta helburua da haiek aurkitzea konponbidea. Gaiak planteatzen dizkiet nik, edo galderak egin, eta, azkenean, eurek aurkitzen dituzte irtenbideak. Izan ere, kanpoko inork ezin diezazuke esan zer egin.

Beste era batera komunikatzeko teknikak planteatzen dizkiet, eta zenbait teknika, euren burua beste modu batean ikus dezaten; espazioak zabaltzen dizkiet. Konponbideak, ordea, haiek aurkitzen dituzte. Hausnar eta pentsa dezaten eta hunki daitezen errazten duen bitartekaria naiz ni, haiek izan daitezen euren prozesuko protagonistak.

Zer-nolako erantzuna aurkitu duzu parte hartzaileengandik?

Fenomeno batzuk dira. Tailerrean parte hartzeko izena eman dutenek soslai jakin bat dute; izan ere, bost goiz hartu dituzte zoriontsuago izan daitezen prestatutako tailer honetara etortzeko. Beraz, dagoeneko eginda daukate euren buruarentzako espazio bat hartzeko hautua. Pentsatzen dut egongo direla beste amama batzuk guztiz itota daudenak eta izena eman ere ez dutenak. Erantzuna harritzekoak izan da: edozer egiteko prest agertu dira une oro.

Adibidez?

Esaterako, sentiarazteko zer esan nahi duen biloba zaintzeak —semea edo alaba ez denez—, agindu nien arrautza bat pasatzeko eskutik eskura. Gordinik zegoela uste zuten haiek, baina egosita zegoen. Arrautza apurtzeko beldur ziren. Semeak edo alabak esaten diete: "Hil honetan, umea herrira eramango duzu". Eta haiei izugarrizko larritasuna sortzen die umeak hanka hausteko arriskuak. Ulertarazi nahi nien arrautzak apurtu egiten direla eta ez dutela kezkatu behar; eta umeak hanka bat hausten badu, hautsi egin duela, eta kito.

Gaur egungo bizi-erritmoaren ondorioz, amamei behar baino lan gehiago ematen al zaie?

Emakumea lan munduan sartu ostean, familiek amamen laguntza eskatu behar izan dute askotan. Batzuetan, amamek ezin dute euren rola bete, bilobak ez dituztelako igandeetan soilik ikusten; aitzitik, egunero egon behar dute haiekin, jaten eman behar diete, jantzi... Eta horrek bai, badauka zerikusia, zenbait gurasok egun osoa ematen dutelako etxetik kanpo lanean.

Etxe barneko eta kanpoko lanak bateratzea gehiago sustatu beharko litzateke?

Nire ustez, hori utopia bat da; egin beharrekoa da, hala ere. Emakumeek eta gizonek, biek parte hartu behar dute, gainera. Izan ere, arazoa ez da emakumeona soilik; etxetik kanpo lan egin behar dugunez, seme-alaben zaintza ez dagokigu guri soilik. Seme-alabak guraso biek hezi behar dituzte, eta amamaren betebeharra amama izatea da: pizza egitea, tortilla gaua antolatzea, eta gozatzea; seme-alabekin gozatu ez zutena gozatzea, hain zuzen.

Zelan bizi dute haiek fase hori?

Esan daiteke bilobak zaintzea zaiela errazena. Beste gauza batzuek kezkatzen dituzte askoz gehiago: heriotza gertu dagoela antzemateak, alargun geratzeak... zahartze hutsak. Segurtasunik eza eta beldur handia sortzen dieten gai asko azaldu dira.

Alargunak direnek euren esperientziak kontatu dituzte?

Bai; tailerra ataletan banatu dugu: batean, amamen rola, seme-alabak eta errain-suhiak; beste batean, bikotekidea eta alarguntasuna; eta, azkenik, autoestimua.

Gogorra izango zen, egun batzuetan.

Gogorra baino gehiago, ederra izan da. Lan hau oso polita da, eta bizitzako ikasgai garrantzitsuak ikasi ditut.

Tailer horren antzeko esperientziarik ezagutzen al zenuten?

Ez. Udaleko Parte Hartze eta Herritartasun Saileko teknikariari otu zitzaion amamentzako zerbait egin behar genuela, eta nik amama zoriontsuen tailerra proposatu nuen. Horrela sortu zen ideia.

Berriz egiteko asmorik bai?

Bai, eta eredu berriak ere proposatu nahi ditut: aldiro, amama gehiagok parte hartzeko tailerrez gain, beste bat egitea aitona zoriontsuentzat. Betidanik lanean ibili dira eta, bat-batean, erretiroa iristen zaie. Bilobak zaintzen dituzte seme-alabak zaindu ez zituzten moduan... Interesgarria izango litzateke.

DON DIEGO ETA GUDARIAK, PAREKATUTA

Gaur zortzi bete ziren 712 urte don Diego Lopez Harokoak Bilbori hiribildu gutuna eman zionetik. Asteartean 75 urte bete ziren frankistak Bilbora sartu zirenetik. Biak domekan gogoratu zituen Bilboko Udalak. Iñaki Azkuna alkateak lore sorta eskaini zion Bizkaiko 11. jaunari, Plaza Biribileko estatuan (ezkerrean). Bilboko herritarrek ihes egiteko astia izan zezaten borrokatzera joan ziren milaka gudariek omenaldi soil berbera merezi izan zuten, Artxandan (eskuinean).

“Abisurik ezean, sekulako sarraskia izango zitekeen”

Atzo 75 urte bete ziren hegazkin faxistek Zalla bonbardatu zutenetik. Iosu Gallarreta ikertzaileak hitzaldia egin zuen iluntzean, egun hartakoak gogoratu eta lekukoen testigantzak biltzeko. Informazioa herriko eskolen esku utzi nahi du; DVD bat grabatzeko asmoa ere badu.

Bilbo erorita, zergatik bonbardatu zuten Zalla? Zer interes zeukan?

Euzko Jaurlaritzak Zallan zuen elikagai biltegia jarrita. Hori dela eta, errefuxiaturik gehienak hemen zeuden. Adibidez, Bakioko Udalak hemen egiten zituen osoko bilkurak. Ekainaren 14tik 17ra 1.000 errefuxiatu bildu ziren. Bilbo erori zenetik bonbardaketa egunera arte beste 3.000 etorriko ziren. Zallak ez zuen garrantzia handirik: oso sakabanatuta bizi ziren 4.000 biztanle zituen. Faxistek herritarrak eta errefuxiatuak beldurtu nahi zituzten, Euzko Gudarosteari babesa kentzeko.

Bonbardaketa zelakoa izan zen?

Bederatzi hiru-motorrek egin zuten. Zaintza lanak egiten zituen taldetxo batek Urduña aldetik zetozen hegazkinak ikusi zituen. Telefono linea zuten paper fabrikaraino, eta abisua eman zuten. Sirenak joka hasi zirenean, jendea aterpeetara joan zen. Abisurik izan ez balitz, sekulakoa izan zitekeen sarraskia. Hildakoak 22 inguru izan ziren. Sodupe aldetik etorri ziren, Gueñesen hasi ziren bonbardatzen. Zallan, Arte eta Ofizio Eskola izan zen lehen helburua. Hurrengo, El Corrillo ikastetxea bonbardatu zuten, non gudarien destakamendua zegoen. Eraso hartan bederatzi bat gudari hil ziren. Ostean, herriko kale bakarra bonbardatu zuten.

Noiz sartu ziren frankistak herrira?

Kolitzako guduaren ostean sartu ziren Balmasedan, 29an. Zallan ere egun berean sartu ziren, abuztuaren 13ko udal akordio batek hala dio eta. Agirre lehendakariaren arabera, faxistek eguneko bi kilometro aurreratzen zituzten.

Guda latzak izan al ziren?

Historialariek Bilbo aipatzen dute, eta hortik jauzi egiten dute Santoñara arte. Baina tartean borroka itzelak izan ziren Enkarterrin. Nahiz eta dena galduta egon, jendeak aurre egin zien. Duela gutxi Enkarterriko bertso txapeldunarekin [Aitor Arrutia] egon nintzen, eta esan zidan bere aitona hemen egon zela errefuxiatuta. Txikitan beti esaten ei zion Enkarterriko jendea erdalduna izan arren, euskaldunek baino hobeto defendatu zutela Euskadi.

Enkarterriko beste herri batzuk ere bonbardatu zituzten.

Balmaseda, Artzentales eta Karrantza. Baina horiek ere ez daude ikertuta, eta ez dira agertzen inongo historia liburuan. Balmasedako Kolitza mendiko gudua ere ez du inork aipatzen, hildako mordoa egon zen arren.

Errepresioa zelangoa izan zen?

Paper fabrikako ordezkari sindikal guztiak fusilatu zituzten. Alkatea ere erail nahi izan zuten, baina italiarrek ez zuten baimenik eman. Lekuko batek dio hobi komuna ere badela Bilbato inguruan. Beldurrak gaur egunera arte iraun du.