Sailkatugabeak

Historiaren zati bat gorde duten hobiak

Hilobi itxura dute, baina euren funtzioa beste bat da. Animalien larruak ondu, landu eta tindatzeko juduek erabiltzen zituzten hobi batzuk dira: larru hobiak. Balmasedan aurkitu dituzte, Tenerias auzoan —izena bera praktika horretatik datorkio auzoari—, hainbat eraikinen azpian. Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua da; izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dago era horretako beste aztarnarik. Hainbat aurkitu dituzte Enkarterriko hiribilduan.

Begi bistara ez, baina antzina zeuden lekuan jarraitzen dute, Balmasedako auzoan. Aurkitu ahala estali egin dituztela azaldu du Pedro Bejo udaleko arkitektoak: "Hala, ez dira hondatuko. Guztien gainean jarduteko aukerarik ez dugun bitartean, ez dauka zentzurik gutxi batzuk kanpoan uzteak, estalperik eta babesik gabe, hondatzeko arriskuan".

Udala plan berezi bat osatzen ari da Tenerias auzoa eraberritzeko. "Plana bukatu eta martxan jarri arte, ezin izango da inguru osoaren azterketa arkeologikoa egin. Zundaketa ugari egin ziren duela zenbait urte, asmatzen saiatzeko zer-nolakoa den gutxi gorabeherako perimetroa —azkenengoz, 2008an aurkitu zuten larru hobi bat—. Hala ere, ez dakigu zehatz nondik nora doazen hobi horiek, ezta zenbat dauden ere. Zenbait atal trenbidearen azpian geratuko dira, gainera...", azaldu du Bejok. Datuok eskuan izan arte, gainera, ez dute erabakiko aztarna horiek zelan ezagutarazi eta bisita gidaturik egingo duten.

XVII. mendekoak

Hemezortzi hobi inguru aurkitu dituzte orain arte. Sonia Anibarro arkeologoak gidatu ditu lanok. XVII. mendeaz geroztik erabilitako larru hobiak dira Balmasedakoak. Hain zuzen, "Errege-Erregina Katolikoen aginduz eta zenbait bizilagunek egindako salaketen ondorioz" juduak hiribildutik kanporatu zituztenekoak.

"Jarduera horretan aritzen zirenei ez zieten uzten hiribildu barruan egoten, usain txarra eta osasunerako kaltegarritzat jotzen dituzten arauak aitzakiatzat jarrita", azaldu du Anibarrok. "Baten batzuek etxean bertan zeuzkaten larrua ontzeko euren hobiak", adierazi du. "Beraz, hiribildutik kanpo ezarri ziren, gaur egun Tenerias izena duen auzoan. XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasierara bitartean funtzionatu zuten horietako batzuek".

Larruak lantzeko hobietako batzuk "haitzetan egindakoak dira; beste batzuk, hargintzatik eratorritakoak; beste batzuk, adreiluzkoak... Larruak hor sartzen zituzten, haragia, ilea eta izan zitzaketen gainerako zikinkeria guztiak karearekin kentzeko. Karbonatoz betetako bainuontzi zuri-zuri batzuen itxura hartzen zuten orduan hobiek. Jendearen arreta bereganatzen zuen horrek. Ondoren, itsatsita gera zitezkeen haragi eta ileak kentzeko, harraskatu egiten zituzten. Ostean, taninotan eta halako substantzietan sartzen zituzten, larruak biguntzeko eta maneiagarriago uzteko".

Leku handiak

Prozesua luzea eta geldoa zen; beraz, leku asko behar zuten larrua ontzeko. "Instalazioak prekario antzekoak direla esango nuke. Lurrean bertan egindako hobiak dira, eta taninoa —zuhaitzetatik eratorria— ehotzeko aparatuak, okre mineraletik ateratako hematiteak... baino ez zituzten. Garrantzitsuena hobiak eurak dira. Horietako batzuk perfektuak dira, gainera; laukizuzenak, ederrak", esan du Anibarrok.

Besteak beste, kobrea lantzen zuten behargin ugari zeuden garai hartan. "Langile horiek amantalak behar zituzten, garai hartako lan uniformeak, hain zuzen, larru gogorrez egindakoak; behi larruz, adibidez. Larru ontzaileek horiek lantzen zituzten", azaldu du. "Baita arkumeen larruarekin egindako kategoria handiagoko beste elementu batzuk ere", gehitu du.

Garestia zen larrua lantzeko hobi horiek egitea. Beraz, arkeologoak azaldu duenez, aurkitutako bat hobi bi aprobetxatuta sortutakoa da: "Ezin zitekeen bat apurtu, kendu eta beste bat egin, oso garestiak zirelako. Hori dela eta, aurkitu ditugunetako batean, nabari zen hormak kalte ugari izan zituela. Hobi hori beste batekin lotzen zuen horma —kaltetuta zegoena— kendu egin zuten, eta beste hobi bat sortu, besteak baino askoz handiagoa". Anibarroren esanetan, hobi berri horren forma "amorfoagoa zen, gainerakoak ez bezala, besteak perfektuagoak baitziren ".

Larrua ontzeko hobiak Bizkaiko hiribildu gehienetan zeudela azaldu du arkeologoak. "Urduñan, esaterako, piloa egongo ziren. Bilboko alde zaharrean, Plaza Barritik gertu, ehundik gora aurkituak zituzten. Urbanizatzeko leku gutxi daukagu hemen, ordea, eta arkeologia alboratuta geratzen da. Zazpikaleetan eta halako lekuetan, milaka obra egin dituzte, eta, umeentzako jolas parke bat egin behar badute, sedimentuak hondatu egiten dituzte", esan du.

Balmasedan, berriz, hobi horiek dauden eremua gehiegi ez dela hazi ekarri du gogora. Horrez gain, azaldu du auzoa berriki eratutakoa dela, juduak Balmasedatik XV. mendean bidali zituztela gogorarazita.

Arkeologoak uste du, ordea, trenbideko lanek eremu hori zapuztu dutela. "Guztia izorratu du. Tenerias auzorako sarbideak ez luke izan behar gaur egun den bezalakoa, sarrera bakarra. Trenbidea egiteko lanek erdi-erditik moztu zuten guztia", iritzi dio.

2008az geroztik indusketa gehiagorik egin ez badituzte ere, Anibarrok ez du itxaropena galdu. "Ikusgarria da hobiak zelan kontserbatuta dauden. Tenerias auzorako plana eratzen ari diren arkitektoak, gainera, konprometituak dira, eta aztarnetan kalterik ez egiteko moduak aztertzen ari dira. Gaur egungo egoeran, ordea, batek daki", esan du. Ikusi egin beharko da, beraz, historiak bere lekuari eusten dion.

Boto bakarrak salbatu du Erralde desagertzetik

DURANGO. Bilduk agintea duen zazpi udalek eta Garaiko Udalak Erralde hiltegia Berrizen zabaltzeko asmoarekin jarraitzearen alde bozkatu dute; EAJren bost udalek, Abadiñok eta Amorotok aurka. Hala, boto baten aldeak salbatu du. Aurka bozkatu dutenek ez diote etorkizunik ikusten. Azkenean, Berrizko azpiegitura finantzatzeko dirua lortuko balitz, hala ere, babestuko dutela diote.

Itsasadarra garbitzeko akordioa gura du Azkunak

BILBO. Espainiako Auzitegi Gorenak itsasadarra garbitzeko zeregina Espainiako Gobernuarena barik Bilboko Udalarena dela esan ostean, Iñaki Azkunak akordioa gura du: "Beste erakunde batzuekin hitz egingo dugu, nola garbitu aztertzeko".

“Gure energia izateko, inguruko baliabideak landu nahi ditugu”

Bizkaian finkatua eta Arabari etengabe begira, aldi berean. Horrelakoa da Otxandio, hemengo baina hango, Bizkaiko ertz batean gordeta dagoen herria. Bertako kale kantoi estuek istorio zaharrak agerian uzten dituzten arren, etorkizunera begira daude otxandiarrak. Santi Uribe da alkatea azken udal hauteskundeetatik hona. Udaletxeko martxa ez zaio arrotza, ordea; aurreko legegintzaldian Batia izeneko herri plataforman egon baitzen zinegotzi gisa. Hala ere, onartzen du alkate izateak "konpromiso maila handiagoa" eskatzen duela.

Etorkizunera begira, "bere alor guztietan euskaraz arituko den Otxandio bat" ikusi nahiko luke Uribek. "Herri nortasunari, auzolanerako grinari, eta ingurumenarekiko errespetuari eutsiko dien herria. Bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen Euskal Herri batean, gainontzeko udalekin elkarlanean". Hori guztia lortzeko bidean, esku artean dituzte hainbat ideia. Herri-ola izeneko egitasmoa abiatu zuen udalak, eta, bertan, otxandiarren parte hartzeari esker, herriarentzat interesgarri ziren proiektuak garatu dituzte: Oreka, Ura eta Nagusi, besteak beste.

"Oreka proiektua iraunkortasunari lotutakoa da. Energia fosilekiko dugun dependentzia gutxitzeko, inguruak eskaintzen dizkigun baliabide iraunkorrak garatu nahi ditugu, ahal den neurrian, Otxandiok bere energia propioa erabil dezan". Biogasa edo biomasari dagozkion azterketak egin dituzte, herriko basoek zer eskain dezaketen ikusteko.

Ura proiektuaren kasua ere hor dago. "Urari ematen diogun erabilera, estolderia sarea eta araztegia; halako gaiak aztertu ditugu. Araztegiari dagokionez, badugu proiektu bat buruan, arazketa metodo natural baten bidez egingo lukeena".

Bestalde, gero eta zaharragoak dira biztanleak, eta horien beharrak bildu dituzte Nagusi proiektuan. "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun zentro berria egiteko asmoa du herrian, eta aukera ikusi dugu eraikin berean nagusientzako gune bat ere atontzeko". Horretaz gain, nagusien egoitza ondoko eraikina erosi dute. Orain, denbora tarte bat hartu nahi dute taxuzko zerbait antolatzeko. Basoarena, urarena edota adinekoena izan, "proiektuak ikertzen" ari direla azpimarratu du Uribek.

Egitasmoak aurrera ateratzeko dirua behar dela kontuan hartuta, eta arazoen artean izarra krisi ekonomikoa izanik, Uribek herriko egoera nolakoa den deskribatu du. Merkatari txikiak "estu" dabiltza, eta Legutioko (Araba) Holtza enpresak zailtasunak dituenez, hainbat langile langabezian gelditzeko arriskuan daude, tartean, zenbait otxandiar ere bai. "Egungo errealitatearekin bat dator gure herriko egoera", dio.

Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez ere kexu da Uribe, udal finantzaketarekin "arazo orokor" bat dagoelako. "Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen Udalkutxatik diru sarrera jakin bat iristen zaigu urtero, baina ez dakigu zenbat bueltatu beharko ote dugun. Merkatuei begira egon behar izaten dugu, itzuli beharko duguna kalkulatzeko. Ziurgabetasun nabarmena sortzen digu horrek. Esango nuke udal administrazioen eta foru aldundiaren artean beste funtzionamendu bat garatu beharko genukeela". Bizkaiko Bildu azkenaldian udal finantzaketaren inguruko hausnarketa eske dabil, hain zuzen. Hori dena gutxi ez, eta hirigintzaren sektoretik eratorritako diru sarrerak ere bere horretan gelditu zaizkio Otxandioko Udalari, egoeraren larriak etena eragin duelako eraikuntzaren sektorean.

Muga eta babesa

Bizkaiko ertz batean bizi eta metropoli guneetatik zertxobait aldenduta egonda, zailtasunak dituzte otxandiarrek garraio publikoa erabiltzeko. Durango (Bizkaia) eta Gasteiz (Araba) lotzen dituen autobus lineak bertan egiten du geldiunea. Baina, hala ere, arazo franko dute herritarrek. "Bi herrialde lotzen dituen lerro baten menpe gaude, autobusen maiztasuna ez da batere egokia, eta gertatu izan zaigu autobusa beteta iritsi eta bertara ezin igotzea. Hala, Gasteizera lanera joan behar eta ezinean gelditu da jendea". Berriki, ordea, gutxiengo batzuk adostu dituzte Alsa autobus konpainiarekin: autobusa beteta etorriko balitz beste bat jarriko lukete hortik bost minutura, errefortzurako. Bestalde, txartel sisteman ere hobekuntzak egingo dituzte.

Lurraldeko txoko batean egoteak mugatu egin du herritarren jarduna, baina badira babestu diren beste ezaugarri batzuk ere. Zertxobait isolatuta egote horrek babestu egin du otxandiarren arteko auzolana, elkarlana. Bizi-bizirik dute sen hori. Aurki santamañak (Santa Marina jaiak) ospatuko dituzte, eta, azken zortzi urteetan egin bezala, herritarrek hartuko dute kaleak garbitzeko ardura. Gauez parranda, eta, goizez herri garbiketa. Horrelakoa delako Otxandio, muga geografikoen artean kokatua eta auzolanaren babeslekua aldi berean.

Alde zaharrerako autoen sarrera teknologiko bihurtu dute Balmasedan

Balmasedako alde zaharrean ibilgailuarekin sar daitezkeen herritarrentzat "onurak" ekarriko dituen sistema teknologiko berri bat probatzen ari da bertako udala. Hala azaldu du proiektuaren arduradunak, Gerardo Etxabe informatikariak.

Hain zuzen, orain arte, ibilgailuetako gidariek txartel bat jarri behar zuten sarreretan zeuden makinen aurrean; aurrerantzean, kamera batek ibilgailuaren matrikula irakurriko du, eta, auto horrek dituen baimenen arabera, sarbidea baimendu edo ukatu egingo dio.

Balmasedako Udalaren arabera, "aitzindaria da" eurak martxan jarriko duten sistema. Izan ere, estalpeko aparkalekuetan ohikoa bada ere, aire zabalean orain arte horrelakorik ez dela jarri martxan diote.

Sistema martxan jartzen ari dira dagoeneko. "Sistema informatikoan datuak sartzen ari gara eta datuok sartu ahala, funtzionatzen ari da. Dena den, ondo dabilen probatzen ari gara. Proba aldian gaude, eta hilabete edo bi hilabete iraungo diu prozesu honek", esan du Etxabek. "Arazorik dagoen, kameraren bati ukituren bat egin behar zaion, argiztapena egokitu —izan ere, sistema horrek gauez ere funtzionatuko du —…", hainbat gauza probatu behar dituztela azaldu du, sistema behin betiko martxan jarri aurretik.

Funtzionamendua

Teknologia berri horrek funtzionatzeko matrikula irakurtzen duen kamera bat jarri du udalak. Programa informatiko batek kamerak jasotako zenbakia hartu, eta datu basean begiratzen du zenbaki horrek ordezkatzen duen matrikula izena emanda dagoen edo ez baieztatzeko. Ordutegi horren barruan alde zaharrean sartzeko baimena baldin badu, sartzen utziko dio; gainerakoan, ez.

Informatika arduradunak azaldu duenez, txartelaz gain matrikula irakurriko dion sistemaren barruan sartu nahi duenak eskatu besterik ez du egin behar. Orain arte bezala jarraitu nahi duenak —txartela soilik erabilita— , berriz, hala egin dezakeela ere esan du. "Dena den, nik uste dut zerbitzu osagarria eskaintzen dugula: orain arte txartela erakutsi behar zen, eta aurrerantzean ez da horrelakorik egin beharko. Sarrera aurrean jartzearekin nahiko izango da", esan du.

Txartelak eta matrikula irakurgailuak, biek batera funtzionatuko dute oraingoz. Horretarako arrazoia azaldu du Etxabek: Sistema teknikoak matrikulak irakurtzeko zailtasunak dituenetan —euri asko den kasuetan edo matrikulak irakurketa zailtzen duen kalteren bat baldin badu, esaterako— txartela erabiltzeko aukera zabalik geratzen da.

Sistema hori martxan jarri ahal izateko, erabiltzaile bakoitzak txartel bakoitzari dagokion ibilgailuaren matrikula zenbakia zein den jakinarazi beharko dio udalari. Horrez gain, Enkarturren bulegoetako azken solairuan eta udaletxean bertan dagoen inprimaki bat bete eta entregatu egin behar da. Inprimaki hori posta elektroniko bidez udalera helarazteko aukera ere badago, peatonalizacion@balmaseda.net helbidera helaraziz.

Millonario zubiko aldaketak

Bestalde, Millonario zubirako sarbidea ere aldatu egin dute. Orain arte, urrutiko aginte baten bitartez zabaltzen zen sarbidea. Aurrerantzean, leku horretan ere txartel bidezko sistema ezarriko dute; matrikulak irakurtzeko sistema erabiltzeko aukera ere emango dute, gainera.

Hori dela eta, agintea darabiltenek aldaketa egin beharko dute Enkarturren bulegoetan. Datuak eguneratzea ere nahitaezkoa izango dela esan dute udalekoek.

Sistema berria martxan jartzeko udalak diru laguntza bat jaso duela jakinarazi du Etxabek. Beraz, erabiltzaileentzat doakoa izango da.

Dena den, txartela eskuratu behar dutenek —Millonario zubiko erabiltzaileek, adibidez—, sei euroko bermea eman beharko dute. Urrutiko agintea entregatzen dutenei, aurretik eman zuten bermearen dirua bueltatuko dietela azaldu du Balmasedako Udalak.

“Lehenengo pertsonan garatutako bizitza baterako itxaropena eman dugu”

Adimen urritasuna duten pertsonei eta haien familiei laguntza ematen die Gorabide elkarteak, eta 50 urte bete ditu horretan. Urteurren horren balorazioa egin du Pablo Gonzalez (Santander, Espainia, 1957) elkarteko kudeatzaileak. Foru aldundiaren arabera, 5.300 bizkaitarrek dute adimen urritasuna; 4.500ek Gorabideren zerbitzuren bat jaso dute.

Mende erdi bete du aurten Gorabidek. Zelako balorazioa egiten duzue?

Balorazioa ona da; ez gure zilborrari begiratzen diogulako, emaitzak oinarritzat hartuta, baizik. 1962an familiak elkartu eta zerbitzuak izateko eta beharrizanak asetzeko borrokak hasi zituzteneko egoera eta gaur egungoa alderatzen baditugu, jauzia izugarria da; bai alor kuantitatiboan bai kualitatiboan.

Ezin ahatz dezakegu, gainera, adimen urritasuna zeukaten pertsona asko etxean sartuta bizi zirela; erabat ezezagunak ziren, ez zeukaten inongo balio sozialik. Hori, apurka, herriz herri, gurasoen eta beste jende askoren laguntzarekin aldatuz joan da, eta herritarren kontzientzietan sartzea lortu dute.

Hortik abiatuta, hainbat gauza landu dira: zentroak eraiki dira, ohikoa da pertsona horiek edozein lekutan ikustea, naturaltzat hartzen da beste edozein herritarrek dituzten eskubideak izatea... Beraz, egindako ekarpena ona dela deritzogu.

Zer aldatu da adimen urritasuna dutenen bizitzetan eta euren familien egunerokotasunean urte horietan guztietan?

Familiei dagokienez, bakarrik ez daudela sentiarazi die elkarteak; orain badaukate nora jo. Bestalde, bizitza betea izateko sostengua ematen die. Horrez gain, senideak elkartzeak proiektu gehiago garatzeko aukera ematen die.

Eta urritasuna daukaten pertsonei dagokienez?

Gorabideren antzeko elkarteek lortu dute lehenengo pertsonan garatutako bizitza bat izateko itxaropena ematea. Hau da, lanpostu bat lor dezakete, hezkuntza beste edozein umek bezala jaso dezakete... Hainbat jardueratarako aukerak zabaldu zaizkie. Esaterako, hainbat lorategi publiko urritasuna duten pertsonek zaintzen dituzte, metro geltokiak, plazak... Hainbat leku garbitzeko lana eurek betetzen dute. Ekarpen soziala bai, baina balioa ere bada. Azken finean, urritasuna izan arren, bizitza soziala edo beren ahalmenak —besteoi gertatzen zaigun bezala— garatu ahal izateko aukerak zabaldu ditugu. Hori da, nire ustez, egin dugun ekarpenik handiena.

Ikuspuntu sozialetik, bestalde, pertsona gisa gero eta balio handiagoa ematen zaie urritasunen bat dutenei. Pertsona kontzeptua azpimarratzen da, eta ez adimen urritasuna izatea.

Eta Gorabidek zer eskaintzen die?

Leku komun bat eskaintzen die, antolatua eta esperientzia handikoa; etorkizunaren aldeko borrokan jarraitu ahal izateko plataforma bat.

Zer sentitzen dute urritasuna duen ume jaioberri baten gurasoek lehen uneetan?

Familia asko ezagutu izan ditut, nahiz eta nik esperientzia hori bizi izan ez dudan. Hasieran ezustekoa da sendientzat. Kostatu egiten zaie onartzea. Edonork seme edo alaba bat duenean, bizitza eta etorkizun ona izan dezatela espero du. Asmo horiek pixka bat okertzen dituzten jazoera bati aurre egin behar diogunean, kolpe gogorra izaten da.

Adimen urritasuna sentimenduetan eta itxaropenean eragina duen alor bat da, eta gainditu egin behar da. Normalean, hasierako prozesu horren ostean, urritasuna dutenen sendiek beste guztiok egiten dugun gauza bera egiten dute: seme-alabak edo senide horiek aurrera ateratzearen alde borrokatu. Egia da, dena den, hasierako uneak zailak direla. Onartu egin behar duzu zure semea edo alaba beste era bateko babesa eta borroka eskatuko dituen egoera batean jaio dela.

Zer nolako aukerak dituzte bizitza autonomo bat garatu ahal izateko?

Urritasuna duen pertsona bati bizitzan zer gertatzea nahiko genukeen laburbildu beharko bagenu, gainerako guztioi gertatzen zaiguna aterako litzateke. Hau da, gustuko duzun bezala bizi ahal izateko aukera izatea, lagunak izatea, aisialdia izatea eta gozatzea, ikuskizunetara joan ahal izatea... Horretarako zer-nolako aukerak dauden? Hainbat euskarri eta babes: orientazio zerbitzuak, aisialdirako jarduerak, etxebizitzak eta eguneko zentroak, Lantegi Batuak fundazioaren bitartez, enplegurako eskaintzak... Gauza asko dauzkagu egiteke, baina gaur egun daukagun sarea handia da.

Sare hori eskualde guztietan berdintsu zabalduta al dago?

Bizkaia osoan daukagu presentzia. Egia da presentzia askotarikoa dela, baina populazioaren banaketak ere zerikusia du horretan. Batez ere, Bilbon eta Ezkerraldean eta Eskuinaldean dago presentzia nagusia. Hala ere, zentroak Markina-Xemeinen, Abadiñon, Lanestosan, Artzentalesen... Herrialde historiko osoan gaude. Beste zerbitzu batzuk, ordea, Bilboaldean kokatuta daude, eta herrialde osorako dira. Familia orientazioa, kasurako, Sondikan dago.

Autonomiarekin bizitzea lortzen al dute pertsona horiek?

Urritasuna duten pertsonen artean, oso kalte larriak dituztenak daude, batetik. Eta horien kasuan, bizitza kalitate handia izan dezaten saiatzen gara. Erabateko autonomia kasu horietan ezinezkoa da, oso menpekotasun handia baitute. Halakoetan, baina, okupazio eta aisialdi aukerak izan ditzaten saiatzen gara.

Beste kasu batzuetan, komunitatean bizi eta bizitza autonomoa izaten laguntzen diegu. Bizitza independenterako babesa eskaintzen duen zerbitzu bat daukagu: euren etxeetan edo unitate txikiko etxeetan bizi dira, eta alor jakin batzuetarako eskaintzen diegu laguntza. Esaterako, asteko erosketa edo etxeko lanen antolaketa egiten laguntzen diegu. Gainerako jarduerak euren kabuz antolatzen dituzte.

Beste batzuek, medikuarengana joateko laguntza behar dute, eta gainerakoan ondo konpontzen dira euren kabuz. Autonomia kontzeptua oso desberdina izaten da, pertsona bakoitzak duen adimen urritasunak dituen ezaugarrien arabera.

Alfredo Espinosa deituko da Urdulizko ospitalea

URDULIZ. Urdulizko ospitaleari Alfredo Espinosa izena jarriko diote. Espinosa 1937ko uztailaren 26an hil zuen Francoren armadak. Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuko kontseilaria izan zen, eta txiroen sendagilea esaten zioten. Ospitalea 2013k...

30 milioi euroko mailegua eskatuko dute 30 herrik

BILBO. 30 udalek kontratistekiko zorrak kitatzeko arazoak dituztela eta, foru aldundiak azaldu du litekeena dela maileguak handitzeko eskaera egitea. 30 milioi euro eskatu beharko lituzkete. Dozena bat udalek arazo handiak dituzte zerbitzuak bermatzek...