Sailkatugabeak

Historiaren zati bat gorde duten hobiak

Hilobi itxura dute, baina euren funtzioa beste bat da. Animalien larruak ondu, landu eta tindatzeko juduek erabiltzen zituzten hobi batzuk dira: larru hobiak. Balmasedan aurkitu dituzte, Tenerias auzoan —izena bera praktika horretatik datorkio auzoari—, hainbat eraikinen azpian. Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua da; izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dago era horretako beste aztarnarik. Hainbat aurkitu dituzte Enkarterriko hiribilduan.

Begi bistara ez, baina antzina zeuden lekuan jarraitzen dute, Balmasedako auzoan. Aurkitu ahala estali egin dituztela azaldu du Pedro Bejo udaleko arkitektoak: "Hala, ez dira hondatuko. Guztien gainean jarduteko aukerarik ez dugun bitartean, ez dauka zentzurik gutxi batzuk kanpoan uzteak, estalperik eta babesik gabe, hondatzeko arriskuan".

Udala plan berezi bat osatzen ari da Tenerias auzoa eraberritzeko. "Plana bukatu eta martxan jarri arte, ezin izango da inguru osoaren azterketa arkeologikoa egin. Zundaketa ugari egin ziren duela zenbait urte, asmatzen saiatzeko zer-nolakoa den gutxi gorabeherako perimetroa —azkenengoz, 2008an aurkitu zuten larru hobi bat—. Hala ere, ez dakigu zehatz nondik nora doazen hobi horiek, ezta zenbat dauden ere. Zenbait atal trenbidearen azpian geratuko dira, gainera...", azaldu du Bejok. Datuok eskuan izan arte, gainera, ez dute erabakiko aztarna horiek zelan ezagutarazi eta bisita gidaturik egingo duten.

XVII. mendekoak

Hemezortzi hobi inguru aurkitu dituzte orain arte. Sonia Anibarro arkeologoak gidatu ditu lanok. XVII. mendeaz geroztik erabilitako larru hobiak dira Balmasedakoak. Hain zuzen, "Errege-Erregina Katolikoen aginduz eta zenbait bizilagunek egindako salaketen ondorioz" juduak hiribildutik kanporatu zituztenekoak.

"Jarduera horretan aritzen zirenei ez zieten uzten hiribildu barruan egoten, usain txarra eta osasunerako kaltegarritzat jotzen dituzten arauak aitzakiatzat jarrita", azaldu du Anibarrok. "Baten batzuek etxean bertan zeuzkaten larrua ontzeko euren hobiak", adierazi du. "Beraz, hiribildutik kanpo ezarri ziren, gaur egun Tenerias izena duen auzoan. XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasierara bitartean funtzionatu zuten horietako batzuek".

Larruak lantzeko hobietako batzuk "haitzetan egindakoak dira; beste batzuk, hargintzatik eratorritakoak; beste batzuk, adreiluzkoak... Larruak hor sartzen zituzten, haragia, ilea eta izan zitzaketen gainerako zikinkeria guztiak karearekin kentzeko. Karbonatoz betetako bainuontzi zuri-zuri batzuen itxura hartzen zuten orduan hobiek. Jendearen arreta bereganatzen zuen horrek. Ondoren, itsatsita gera zitezkeen haragi eta ileak kentzeko, harraskatu egiten zituzten. Ostean, taninotan eta halako substantzietan sartzen zituzten, larruak biguntzeko eta maneiagarriago uzteko".

Leku handiak

Prozesua luzea eta geldoa zen; beraz, leku asko behar zuten larrua ontzeko. "Instalazioak prekario antzekoak direla esango nuke. Lurrean bertan egindako hobiak dira, eta taninoa —zuhaitzetatik eratorria— ehotzeko aparatuak, okre mineraletik ateratako hematiteak... baino ez zituzten. Garrantzitsuena hobiak eurak dira. Horietako batzuk perfektuak dira, gainera; laukizuzenak, ederrak", esan du Anibarrok.

Besteak beste, kobrea lantzen zuten behargin ugari zeuden garai hartan. "Langile horiek amantalak behar zituzten, garai hartako lan uniformeak, hain zuzen, larru gogorrez egindakoak; behi larruz, adibidez. Larru ontzaileek horiek lantzen zituzten", azaldu du. "Baita arkumeen larruarekin egindako kategoria handiagoko beste elementu batzuk ere", gehitu du.

Garestia zen larrua lantzeko hobi horiek egitea. Beraz, arkeologoak azaldu duenez, aurkitutako bat hobi bi aprobetxatuta sortutakoa da: "Ezin zitekeen bat apurtu, kendu eta beste bat egin, oso garestiak zirelako. Hori dela eta, aurkitu ditugunetako batean, nabari zen hormak kalte ugari izan zituela. Hobi hori beste batekin lotzen zuen horma —kaltetuta zegoena— kendu egin zuten, eta beste hobi bat sortu, besteak baino askoz handiagoa". Anibarroren esanetan, hobi berri horren forma "amorfoagoa zen, gainerakoak ez bezala, besteak perfektuagoak baitziren ".

Larrua ontzeko hobiak Bizkaiko hiribildu gehienetan zeudela azaldu du arkeologoak. "Urduñan, esaterako, piloa egongo ziren. Bilboko alde zaharrean, Plaza Barritik gertu, ehundik gora aurkituak zituzten. Urbanizatzeko leku gutxi daukagu hemen, ordea, eta arkeologia alboratuta geratzen da. Zazpikaleetan eta halako lekuetan, milaka obra egin dituzte, eta, umeentzako jolas parke bat egin behar badute, sedimentuak hondatu egiten dituzte", esan du.

Balmasedan, berriz, hobi horiek dauden eremua gehiegi ez dela hazi ekarri du gogora. Horrez gain, azaldu du auzoa berriki eratutakoa dela, juduak Balmasedatik XV. mendean bidali zituztela gogorarazita.

Arkeologoak uste du, ordea, trenbideko lanek eremu hori zapuztu dutela. "Guztia izorratu du. Tenerias auzorako sarbideak ez luke izan behar gaur egun den bezalakoa, sarrera bakarra. Trenbidea egiteko lanek erdi-erditik moztu zuten guztia", iritzi dio.

2008az geroztik indusketa gehiagorik egin ez badituzte ere, Anibarrok ez du itxaropena galdu. "Ikusgarria da hobiak zelan kontserbatuta dauden. Tenerias auzorako plana eratzen ari diren arkitektoak, gainera, konprometituak dira, eta aztarnetan kalterik ez egiteko moduak aztertzen ari dira. Gaur egungo egoeran, ordea, batek daki", esan du. Ikusi egin beharko da, beraz, historiak bere lekuari eusten dion.

Boto bakarrak salbatu du Erralde desagertzetik

DURANGO. Bilduk agintea duen zazpi udalek eta Garaiko Udalak Erralde hiltegia Berrizen zabaltzeko asmoarekin jarraitzearen alde bozkatu dute; EAJren bost udalek, Abadiñok eta Amorotok aurka. Hala, boto baten aldeak salbatu du. Aurka bozkatu dutenek ez diote etorkizunik ikusten. Azkenean, Berrizko azpiegitura finantzatzeko dirua lortuko balitz, hala ere, babestuko dutela diote.

Itsasadarra garbitzeko akordioa gura du Azkunak

BILBO. Espainiako Auzitegi Gorenak itsasadarra garbitzeko zeregina Espainiako Gobernuarena barik Bilboko Udalarena dela esan ostean, Iñaki Azkunak akordioa gura du: "Beste erakunde batzuekin hitz egingo dugu, nola garbitu aztertzeko".

“Emakumeenganako jarrera zelakoa zen erakutsi nahi dut: objektu hutsak ziren”

Oskar Benegas sendagileak (Bilbo, 1971) bere lehenengo liburua argitaratu du: Brujas del viento (Haizearen sorginak). Hannah Mac-Alpin Eskoziako printzesa, bere sendia bortizki hil ostean, Mundakara iritsiko da, bakarrik. Erdi Aroan lider bihurtuko da, emakumeak baztertzen dituzten garai batean.

Zure eleberrian, historia eta kondaira nahasten dira. Zer du historikotik eta zer kondairatik?

Urdaibai aldeko kondaira batean oinarrituta dago. Haren arabera, Europa iparraldeko edo Eskoziako —ez dago oso argi— neskato bat itsasontzi bikingo batean iritsi zen —dakkar batean—, eta hondartza batean utzi zuten, bakarrik. Printzesa bat zen. Kondairaren arabera, Jaun Zuria Bizkaiko I.a jaunaren ama izan liteke.

Kondairako datu horiek hartu, eta testuinguru historiko batean jarri ditut. Aztertu egin dut VIII. mende hasiera hartan nortzuk izan ziren Eskoziako errege-erreginak; Iberiar penintsulan zer gertatzen zen —Gaztela garai hartan ez zen erreinu bat, konderri bat baizik; beraz, bertako kondea nor zen begiratu dut; Iruñeko erreinua eratu gabe zegoen oraindik, sortzear zegoen...—. Testuinguru horretan jarri dut kondaira.

Zergatik oinarritu zara Hannah Mac-Alpin Jaun Zuriaren amaren irudian?

Hannahren izena fikziozkoa da. Ez dut inon aurkitu zein zen printzesa haren izena. Egia da Mac-Alpin familia Eskoziako koroaren oinordekoa zela garai hartan. Lurralde hura ez zen oraindik Eskozia, Albako erreinua baizik. Zergatik protagonista hori aukeratu? Oso txikia nintzela, eskolako liburutegian liburu zahar-zahar batzuk aurkitu nituen; besteak beste, Aita Barandiaranenak. Haren deskribapenak jasotzen zituzten, eta jakin-mina sortu zidaten.

Urteek aurrera egin, eta aita izan nintzen. Gutxi gorabehera, protagonistaren adin bereko alaba bat daukat —hamar-hamabi ditu Hannahk—. Pentsatu nuen zer izan zitekeen neskatxa batentzat itsasontzi batean eramatea, hondartza batean uztea, bera bakarrik; bizitza estatusa aldatu beharra, hizkuntza eta ohiturak jakin gabe... Itsaso nire alaba imajinatzen nuen egoera horretan, eta oso gogorra iruditu zitzaidan.

Erdi Aroan, normala zen indarkeria matxista, eta horren aurkako aldarrikapena ere egin nahi izan duzu.

Bai, hala da. Erdi Aroan emakumeak azken-azkenak ziren alor guztietan. Idatzi dut Hannah hondartzara iritsi, eta bertan zeuden arrantzaleek ikusten dutenean, Mundakako buruzagiak ikusi ere ez duela egin nahi. Neskatxa hori zaindu, bai; zaindu egin behar dela uste du buruzagi horrek, baina ez du nahi euren herrixkara joaterik, gastua ekarriko diolako.

Emakumeenganako jarrera zelakoa zen erakutsi gura izan dut. Objektu hutsak ziren: uste zuten haurrak izateko balio zutela, eta gauza gutxi gehiagorako.

Hannah, ordea, herritarrak asturiarren eta leondarren aurka altxatzea lortuko duen emakumea izango da, eta Jaun Zuriari —bere semeari— erakutsiko dio zelan egin behar duen borroka, berak, andre izanik, ezin duelako egin.

Zergatik aukeratu duzu izenburu hori?

Hannah Mundakara daraman itsasontziaren izenetik hartuta dago. Nik asmatutakoa da, dena den. Itsasontziak asko gustatzen zaizkit, eta aztertu egin dut dakkar horiek zelan egiten zituzten. Oso itsasontzi arinak eta azkarrak ziren. Erreketan barrena sartzeko gai ziren, sakonera txikia zutelako. Bikingoek eta eskandinaviarrek ezaugarri horiek erabiltzen zituzten hirian barrena oso azkar sartzeko. Sevillara arte sartzea lortu zuten.

Gerrak, klase desberdintasunak eta halakoak aipatzen dituzu liburuan. Zer azpimarratuko zenuke zuk?

Saiatu naiz azaleratzen, batez ere, garai hartan klaseen eta gizonen eta emakumeen artean egiten zituzten desberdintasunak. Gizonek emakumeek baino askoz erraztasun gehiago zituzten, denerako.

Eleberriaren hasiera gogor samarra da, eta historian murgiltzen du irakurlea berehala, itzulingururik gabe. Liburuak aurrera egin ahala, irakurtzen jarraitzeko nahi horrek irauten al du?

Nire ingurukoei liburuaren ezaugarriei buruz galdetuta, denak bat datoz: lehenengo orritik bertatik, harrapatu egiten zaitu.

Gogortasunari dagokionez, askok esan didate gauza bera; seme-alabak dituztenek, bereziki. Nik irakurri izan ditudan hainbat lanen zertzeladak ditu liburuak. Garai batean, Edgar Allan Poe asko irakurtzen nuen: Ipuin beldurgarriak, Arthur Gordon Pymen abenturak... Eragin hori, estalita baino ez bada ere, ageri dela uste dut: umeak hiltzeko modua idazterakoan, esaterako.

Zer senti dezake emakume batek —Hannahren amak, kasu honetan— semeak hiltzen dizkiotenean? 12 urteko biki bi eta 6 urteko neska bat dauzkat. Nire umeetako bat era horretan eskutik kenduz gero zer sentituko nukeen imajinatu hutsarekin, hotzikarak sortzen zaizkit. Horren bitartez, irakurlea harrapatzen saiatzen naiz, batetik. Eta, bestetik, kontrakoa lortu nahi dut: Aberrazioaren sentsazioa, pertsona batek umea besterik ez den beste bat hiltzeko moduaz baliatuta.

Dena den, hasiera batean ez zenuen asmorik istorio hau kontatzeko; buruan beste bat zeneukan.

Jatorrizko eleberria askoz ere luzeagoa zen; 1.200 orri inguru dauzka. Sartu-irtenak egiten ditu XXI., XII. eta IX. mendeetan. Hannahrena hasiera besterik ez zen, kontatzeko nondik zetorren mendeetan protagonista bihurtzen direnen familia.

Hainbat argitaletxetara eraman nuen lana, baina argitaratzea ezinezkotzat jotzen zuten, orri asko zituelako. Idazle berria izanik, gainera, saltzeko ezinezkoa zen. Laburtu egin behar zela esaten zidaten. Hasieran apaindura besterik ez zen pasartea hartu nuen, beraz; bukaera bat idatzi, eta nik neuk argitaratu dut.

Bigarren atala ere egongo da, beraz.

Bigarrena eta hirugarrena.

Trilogia bat?

Ez nuke trilogia gisa definituko. Liburu bakoitza bere aldetik irakur daiteke, independenteak dira. Aurreko liburuen erreferentziak dituzte, bai. Hala ere, posible da bigarren edo hirugarrena bakarrik irakurtzea. Bakoitzak istorioa eta argudio propioak ditu.

Argitaratuko dituzu?

Nik uste baietz. Bigarrena bukatuta daukat; maketazioa besterik ez da falta. Hirugarrena gordinago dago.

Elkartegiak arautzeko dekretua onartu berri du foru aldundiak

Bizkaiko elkartegien funtzionamendua arautzen duen dekretua onartu zuen joan den martitzenean Bizkaiko Foru Aldundiak. Bertan, Getxokoa eta Urduñakoa ere jaso dituzte, aurki inauguratuko dituzte-eta biak.

Elkartegien sarean kokatu nahi duten enpresek bete beharreko baldintzak ezarri dituzte. Besteak beste, bulego-moduluak edo industria-pabiloiak alokatzen dituzten enpresek lokal horiek erosteko aukera ere izango dute, dekretuaren arabera.

Getxoko elkartegiari dagokionez, zenbait arlotako enpresek izango dute lehentasuna, besteak beste, telekomunikazio, ingeniaritza, iniformatika, bioteknologia eta ikus-entzunezko teknologietakoek. Bestalde, parke teknologikoan, esaterako, enpresa berriek soilik izango dute lekua.

Gaur egun bederatzi elkartegi daude: Barakaldo, Belako II, Boroa, Landako, Markina, Sondika, Trapagaran eta Zamudio.

Arratiako mankomunitateak finantzaketa berria du

EAJk eta Bilduk Arratiako Udalen Mankomunitatean dituzten ordezkariek finantzaketa eredu berria adostu dute. Joan den igandean sartu zen indarrean. Erreformaren helburua izan da mankomunitateak malgutasun handiagoa lortzea. Orain arte udalek hiru hile...

Urduña anbulantzia gabe geldituko da; Karrantza, batekin

Udal eskumeneko zerbitzu bat izan ez arren, Bilboko Udalak bi udal anbulantzia izan ditu orain arte. Maiatzeko osoko bilkuran, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak iragarri zuen horietako bat kendu egingo duela. Bestea, udalaren larrialdietarako erabiliko dute soilik. Azaldu zuen "ezinbestekoak ez diren gastuak kentzeko" hartutako neurria dela. Neurri horrek, baina, azkenean ez du bilbotarrengan izango eragina, Karrantzako eta Urduñako bizilagunengan baizik. Hiriak bi anbulantzia horien falta izango duenez, Osakidetzak erabaki du hutsune hori berak betetzea. Bi horiek ordezkatzeko, bada, Karrantzan eta Urduñan murrizketak egitea erabaki du. Abuztuaren 15etik aurrera, Urduñan anbulantziarik gabe geratuko dira, eta Karrantzak —hedaduraz, Bizkaiko herririk handienak— orain arte zituen bietatik bakarrari eutsiko dio soilik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dio erabakiak ez duela herritarrengan eraginik izango eta bi herriotan sor daitezkeen larrialdiek erantzun "bikaina" izango dutela Osakidetzaren aldetik. "Egokiagoa da beharra dagoen lekutik gertu izatea anbulantziak, baina Karrantzak orain arte zituen bietako bati eutsiko dio, eta, gainera, medikalizatua izango da. Kenduko zaiona ez da medikalizatua. Urduñak bertatik bertara izango ditu Amurrioko eta Laudioko anbulantziak, eta Laudiokoa medikalizatua da", azaldu du Teresa Garmendia Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako zuzendariak, neurriak eragingo dituen ondorioei larritasuna kentzen saiatzeko.

Karrantzak zazpi urte darama bi anbulantziarekin, bakarrarekin nahikoa ez zelako. Gerora, baina, helikoptero zerbitzua ere martxan jarri zela eta, orain bakarrarekin nahikoa dutela dio Garmendiak. Izan ere, duela sei urtetik, Osakidetzak helikoptero bat dauka ospitaleetatik aparte dauden eskualdeetan zerbitzua azkarrago emateko. "Bizkaiko larrialdi zerbitzuetarako plana aspaldikoa da; zaharkituta geratu da, eta egungo beharretara egokitu behar da. Bilbora joango diren anbulantziok, gainera, egunean zerbitzu bakarra egiten dute".

Herritarren kezka

Urduñan eta Karrantzan, herritarrak arduratuta daude, anbulantzien murrizketa horrek izan ditzakeen ondorioak direla eta. Bi herriotako udalak Osasun Sailarekin elkartu dira, herritarrei kalterik ez eragiteko alternatibak bilatze aldera. Urduñako Udalak Osakidetzari eskatu dio Amurrioko anbulantziaren kokalekua aldatzeko. Amurrio eta Urduña artean jartzea nahi du, erdibidean; hartara, Urduñatik gertuago egongo da, eta ez du denbora askorik beharko iristeko. Gainera, inguru hartan heliportua jartzeko prozesua bizkortzeko ere eskatu du. Modu horretan, gaixo eta zauriturik larrienak Osakidetzaren helikopteroan eramango lituzkete ospitalera.

Karrantzako Udaleko ordezkariek ere eskatu dute bilera bat Osakidetzako buruzagiekin. Txema Martin alkateak herritarrak lasaitu nahi izan ditu, esanez anbulantzia medikalizatuari eta helikopteroari eutsiko diotela. Osasun Sailak alkateari jakinarazi dio Ambasaguasen Gurutze Gorriak duen postua itxiko dela, baina Martinek iragarri du hori saihesten saiatuko dela.