Gorbeiaren magalean, Zeanuriko Otsemendi auzoan, Justo eta Pastor santuen omenezko baselizaren eta iturri baten ondoan dago San Justo karobia. Frantses estiloko karobi horrek 4 metroko sakonera du. Goiko aldean, 150 zentimetro da zabal, eta behean, 40. 1950ean utzi zioten erabiltzeari, eta bera izan da Bizkaian berreskuratu duten aurrenekoa.
1995ean hasi zen lehengoratzeko lanekin herriko Ipizki taldea. Ordutik urtero-urtero egiten dute karea abuztuko lehen asteburuan, eta hala egingo dute datorren astean ere. Domekan, gainera, erromeria egingo da baselizan. Kofradiako maiordomoak ardo zuria eta gailetak banatu ohi ditu 12:00etako mezara joaten direnen artean. Erromesek harizpean bazkaltzen dute, eta karobia lanean ikusteko aukera izaten dute. 2002tik erabat berrituta dago labea, gainera.
Juan Aranak piztu zuen karobia. Hain zuzen, bera izan zen 1950ean azkenengoz erabili zutenetako bat; Otsemendiko Goikuria eta Arana familiak izan ziren, zehatzago. Kandido eta Felix Goikuria, alde batetik. Bestetik, Juan eta Julian Arana. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziren bitartean, Julianek eta Kandidok idi uztarriarekin kareharria eta egurra ekartzen zituzten labera. 2.000 kintal kare —100.000 kilo— egin zituzten. Soroetan ongarri gisa erabili ziren.