Karrantzako minda planta eraikitzeko proiektuak hiru urte darama geldirik. Iaz iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak ez diola diru laguntza gehiagorik emango. Karrantzako Udalak egitasmoari eutsi gura dio, baina haren atzetik dagoen Karrantzako Minda enpresa —udala kide da— hartzekodunen lehiaketan dago, porrot egin eta likidatzeko zorian. Hori jakinik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak emandako diru laguntzak berreskuratu gura dituzte. Orotara, 5 milioi euro dira.
Foru aldundiko Nekazaritza Sailak hil hasieran onartu zuen diru laguntzak itzultzeko agintzen duen foru araua. Argudiatu dute ez dela bete diru laguntzen araudiko 33. artikulua. Haren arabera, egitasmoaren helburuak betetzen ez badira, jasotakoa itzuli egin beharko da, eta plantarik ez denez eraiki, ez dela bete ondorioztatu du foru aldundiak. 2 milioi jaso zituen Nekazaritza Sailetik, eta 250.000 euro ere eskatzen dio, interesengatik. Orotara, egitasmoak 12 milioi jaso zituen hainbat erakunde publikoren eskutik.
Asteon, gainera, Bizkaiko Bilduk agerraldi bat egin du egitasmoaren egoera salatzeko. Besteak beste, Karrantzako Udalari eskatu dio dagokiona onar dezala eta ikerketa batzorde bat martxan jar dezala, erantzukizun legalak argitzeko. Gainera, Karrantza Zabala plataformarekin harremanetan dabiltza, alkatearen aurkako zentsura mozio bat aurkezteko. Elkarrekin 6 zinegotzi dituzte —EAJk 5 ordezkari ditu—.