Sailkatugabeak

Garraioa bigarrenez garestitu da urtea hasi zenetik

Herritarren poltsikoek berehala nabaritu dute krisiari aurre egiteko asmoz ezarritako neurrietako bat: BEZaren igoera. Adibidez, garraio zerbitzuek, zeinak urtero bezala urtarrilean garestitu ziren, berriro ere gora egin dute. AP-8ko ordainsarietan eta garraio publikoan antzeman da, dagoeneko, prezioen gorakada hori.

Joan den asteburuaz geroztik %3 garestitu dira AP-8ko autobideko ordainsariak —%18ko BEZa zuten lehen; %21ekoa orain—. Ibilgailu arinei dagokienez, bi eta zazpi zentimo artean egin dute gora prezioek. Ibilgailu astunek nabarituko dute gehien igoera. Izan ere, bost eta 22 zentimo artean garestitu dira haientzako ordainsariak. Bilbotik Gasteizerako autobideko ordainsaria, bestalde, euro erdi igo da hilabetean.

Errepideen erabileran ez ezik, garraio publikoan ere nabaritu da igoera. Bilboko Metroak %8 BEZa zuen orain arte, eta %10eko du orain. Igoera joan den zapatutik dago indarrean.

Metrokoek jakinarazi dutenez, Creditrans txartela darabilten bidaiarientzat zentimo bat eta bi zentimo artean egin du gora bidaia bakoitzak. Behin-behineko txartelean ez da prezio aldaketarik izan, eta Gizatransen bidaiak zentimo bat igo dira. Antzera igo dira Bilbobus zerbitzua, Artxandako funikularra eta Bilboko taxien tarifa arruntak. Bizkaibusi dagokionez, prezioei eutsi diete oraingoz. Bidenabar, Bizkaibusen neguko ordutegia astelehenean sartuko da indarrean.

Igoerak Bilboko txandakako aparkalekuetan eta TAO sisteman ere izango du eragina. Haietan prezio igoera datorren urtarrilaren 1etik aurrera igarriko da.

Turismoa izan da krisiari aurre egin dion bakarra

BILBO. Egoera ekonomikoari buruz Bilboko Udalak hiru hilean behin egiten duen txostenaren arabera, turismoa da datu positiboak izan dituen sektore bakarra. Gainerakoetan adierazleak negatiboak izan dira (besteak beste, merkataritza, enplegua, enpresak...

Udalen %86k aurrezki garbi positiboa daukate

BILBO. Udalen finantza egoera "oro har, oso ona" dela deritzo foru aldundiak. Hain zuzen, 112 udaletatik 97k 2011ko likidazioan aurrezki garbi positiboa izan dutela adierazi du Juan Maria Aburto foru bozeramaileak. Aurrezki garbi positiboa, denetara, ...

Derion jarri dute abian errezeta elektronikoa

DERIO. Derion errezeta elektronikoa jarri zuten martxan joan den astelehenean. Han hasi dira erabiltzen lehenengoz. Sistema horri esker, medikuek eta farmazialariek pertsona batek hartzen dituen tratamendu guztiak ikus ditzakete. Beraz, prozesu berria...

1890eko Pobeña gogoan

XIX. mendearen bukaerara egingo dute salto Pobeñan, datorren domekan. Pobeña 1890 ekimenaren bitartez, meatzaritzak herrian izan duen garrantzia agerian geratuko da. Bost mendetan meatzetatik ateratako mineralak gurdietan zelan eramaten zituzten antzeztuko dute herritarrek. Portura arteko bidea zelan egiten zuten erakutsiko dute, eta Kantauri itsasoko burdindegietarako bidean zelan jartzen zuten.

1880ra arte, nekazaritza eta abeltzaintza ziren herriko ekonomiaren sostengu. Sektore horiek osatzeko bide bat zen meatzeen ustiaketa eta garraioa. Hala gogorarazi du Ricardo Santamaria Enkarterriko Dokumentazio eta Dibulgazio zentroko zuzendariak. "Pobeñak oso harreman txikia izan du itsasoarekin. Ez da arrantza portu bat izan. Datu batzuen arabera, ontziola txikiak zeuden bertoko hondartzetan, baina arrantzaren jarduerarekin lotzen duten daturik ez dago", esan du Santamariak.

"Meatzaritzarekin estuki lotutako herri bat izan da beti. Beruna eta, bereziki, burdinaren minerala zeuden", adierazi du. Gaur egun meatzetan lan egin duen pertsona bakarra dago bizirik, eta, domekako ekitaldien barruan, omenaldia egingo diote. Ramon Marcos Zorrilla da pertsona hori. "Pobeña 1890 gure arbaso meatzariei omenaldia egiteko eguna da, modu batean edo bestean, meatzarien oinordeko baikara", azaldu du Santamariak.

Minerala kostaldeko portuetara gurdietan zelan eramaten zuten antzeztuko dute. "Galindo ibaiaren ibarrean —Ugarte edo Causo, kasu— edo Muskizko Barbadun ibaiaren ibarrean —San Martin, Laballe eta Pobeña— zeuden portuok. Herri xehearentzat, irabaziak eskuratzeko jarduera bat zen hori", ekarri du gogora. Mineralak arrantzaleen ontzietan sartzen zituzten. Gehienak Plentziakoak eta Mundakakoak zirela azaldu du Santamariak, eta, batez beste, ehundik gora ontzi ibiltzen zirela gaineratu du.

"1880tik aurrera ekin zioten mineralaren ustiatze industrialari. Pobeñak eta eskualde osoak eraldaketa sakonak pairatu zituzten orduan", gogorarazi du. Domekako ekitaldian, 1880 aurreko meatzaritza tradizionala da antzeztuko dutena.

Meatzaritzarekin lotutako jarduerez gain, ordea, beste egiteko batzuk ere bazeuden eguneroko bizimoduan, nahiz eta azterketa historikoa egiteko elkarrizketatuen artean gehien errepikatu den esaldia ondokoa izan: "Ezertxo ere ez zegoen eta!". Abeltzaintza eta ortuko lanak ziren nagusi. Egoera, baina, ez zen batere ona: "Jendeak ia ezertxo ere ez zeukan, ez arroparik, ez zapatarik, ia zer janik ere ez... Lan handia egin behar zuten elikadura justua ateratzeko".

"Eguneko ordurik gehienak elikagai bila igarotzen zituzten Pobeñako bizilagunek. Geroago, meatzaritzak soldatak izateko aukera ekarri zienean, lehenengo tabernak azaldu ziren. 1920ko hamarkadatik aurrera, ideia mordoa ateratzen ziren leku horietatik". Tabernetako giroa ere irudikatuko dute, beraz. Baita harraskan arropak zelan garbitzen ziren, mineralak portutik itsasoan barrena eramaten zituzten ontziak...

Klase desberdinak agerian

Ezin ahaztu garai hartako klaseen arteko desberdintasunak. "Pobeñan txalet bat zeukan Mc Lennan sendiak, hainbat meatzeren eta Campomar kargatzeko tokiaren jabeek, hain zuzen. Antzezpenean presente egongo dira, luxuzko arropekin eta egun osoan ezer egin gabe. Antzezpen batzuetan istiluak izaten dira, horien eta gurdien atzetik doazen herritarren artean", azaldu du.

Arrantzale familietan ohikoak ziren jakiak dastatzeko aukera ere izango da laugarren urtez antolatzen duten ekitaldian: Hegaluzea marmitan, patatak bokartekin edo bakailaoarekin eta Karrantzako indabak.

Azpikontratekiko Petronorrek duen jarrera salatu dute

Petronorrek Muskizen duen plantan lanean ari diren enpresei kontratuak egiteko darabiltzan "metodo ilunak" salatu dituzte enpresa horietako sindikatuek.Zerbitzuak kontratatzeko sistema salatu dute. Enpresek Petronorri egin beharreko eskaintza gutun-az...

“Herrian bizi garenok osatzen dugun familia da bereziena”

Ondarroa utzi eta Iruñera joan zen Begoña Arrizabalaga, frantziskotarren misio kongregaziora. Handik Maroko ezarri zioten jomuga, eta ordutik 47 urte daramatza Afrikako auzorik txiroenetan; 52 sorterritik kanpo. Tartean, Tatouin, Mekness eta Taroudant herrietan bizi izandakoa da ondarrutarra.

Zelakoa izan zen Ondarroatik alde egin eta Marokora iristea?

Ondarroatik joatea oso gogorra egin zitzaidan, baina sentitzen nuen nire bokazioa zela misiolari gisa joatea. Marokora heldu nintzenean, frantsesa ikasten eta han lan egiteko beharrezko diploma prestatzen egon nintzen, Meknes hiriko Medina (alde zaharra) auzoan.

Marokon egin duzun egonaldian, tarterik handiena berbereekin egin duzu. Zelan hasi zinen berbereekin lanean?

Berbereekin 21 urte bizi izan naiz, eta, horren aurretik, Meknesen 18 urte egon nintzen. Meknesen nengoela, moja batek mendian zuen postua galtzeko arriskua ikusi genuen, eta berbereengandik gertu osasun postu bat izateak zuen garrantziaz jabetuta, hara joatea eskatu nuen.

Nolakoa izan zen berbereek egin zizuten harrera?

Berbereak egon ohi ziren herrira, Mideltera iritsi nintzenean, ohartu nintzen inork ez zuela ez frantsesez, ez arabieraz hitz egiten, eta berbere hizkuntzarekin lotura berezia sentitu nuen. Hasieratik, euskarazko berbak entzuten nituen hitz egiten zutenean. Goizetan, adibidez, maite nik erabiltzen dute egunona emateko. Euskarazko hitz berdin-berdinak dira; oso bitxia iruditu zitzaidan.

Nomada bizimodura moldatu eta mendira joan zinen bizitzera. Zelako egoeran bizi zineten?

Gure inguruan bizi diren tribuak nomadak dira, eta alde batetik bestera ibiltzen dira ardiak elikatzeko belarraren bila. Haiekin urte bi egon nintzen mendian bizitzen; dendetan lo egiten genuen, eta alde batetik bestera mugitzen ginen etengabe. Hotz eta bero handiko egunak pasatu genituen, baina une gogorretan aurrera jarraitzeko indarra ematen zizun zerbaiten bultzada sentitzen nuen. Bi urteren ostean, gure kongregazioak esan zigun ezin genuela jarraitu mendian bizitzen, eta agindu zigun inguruko herrixka batean etxe bat hartzeko. Mendiko bizimodua, baina, larregi gustatzen zitzaigun, eta, azkenean, lortu genuen sei hilabetean mendian bizitzen jarraitzea, haimatan, eta urteko beste sei hilabeteetan Tatouinen egoten ginen.

Zer dela-eta aukeratu zenuten Tatouinera joatea?

Nomada gehien igaro eta laguntza gehien behar zuten herria aukeratu genuen. Hala ere, herria esaten dudanean, argitu gura nuke argindarrik eta urik gabeko herri bat zela Tatouin.

Erizain lanak egiten dituzue, baina, horrez gain, beste mota bateko laguntza ere ematen duzue.

Denetarik egiten genuen, baina, batez ere, emakume eta umeekin lan egiten genuen. Umeak txertatzeko kontzientziazio lan handia egin genuen, eta, emakumeek artilea lantzeko zuten trebezia ikusita, kooperatiba bat sortzen lagundu genien.

Bizi zaren baldintzetan, zer da gogorrena eta zer gozoena?

Niri gogorra Ondarroatik joatea egin zitzaidan; beste ezer ez zait bereziki gogorra egin. Gozoena edo bereziena, berriz, zalantzarik gabe, herrian bizi garen guztiok osatzen dugun familia da. Harrigarria da guztion arteko elkartasuna. Nire aita hil zenean, adibidez, mendiko nomadak eta herrian bizi ziren guztiak gure etxetik pasatu ziren, te poltsa bat eta ogia eskuan zutela. Une oso berezia izan zen; etorri ziren guztientzat afaria prestatu, eta denok batera errezatu genuen; haiek, beren korana, eta guk, berriz, aitagurea. Aberastasun hori da munduan sortu beharko litzatekeena.

Umeak euskaraz ere abesten ikasi ei dute Atlas mendiaren magaleko herrixka horretan.

Bai, egia da. Ondarroarrak bisitan etorri, eta haurrak Kanuto zizilindro abesten entzun eta aho zabalik geratzen dira. Beste abesti batzuk nik neuk frantsesetik euskarara itzuli ostean ikasi dituzte.

Euskal Herriko egonaldi honen ostean, bueltatzeko asmorik ba al daukazu?

Noski; nik bertan hil nahi dut. oraingoz, urtebete hemendik ibiliko naiz. Orain, Tatouin utzi eta Taroudant deritzon herrian bizi naiz. Nire egonaldian ikusitako egoerarik gogorrenak hantxe ikusi ditut. Umezurtzentzako etxe batean lan egiten nuen, eta handik askok beren ikasketak burutu eta bizitzan aurrera egin dute, baina beste batzuk eskean aritzen dira. Kalean bizi diren horiek oraindik etxera etortzen zaizkigu, kafesnea hartzera. Herri horretan aberatsek umeak zelan erabiltzen dituzten ikustea eta umeak kalean bizitzen ikustea bereziki gogorra egin zait. Gurekin hazi ziren umeak non bizi ziren ikustean, etxera bueltatu eta etxeko manta guztiak eman genizkien.

“Ez dakigu noraino iritsiko garen egun bakoitzean”

"Betidanik izan nahiz mendizalea, eta txikitatik asko joan izan naiz. Ordutik daukat nik hegan egiteko ametsa. Duela 21 urte hasi nintzen, hegan egitea erabaki nuenean. Izan ere, orduan hasi zen sortzen gurean parapentearen inguruko mugimendu guztia", gogoratu du Iñigo Badiolak. 42 urteko suhiltzaile elorriar horrek, ametsa muturreraino eraman, eta hamabi egunetan Pirinioak alderik alde parapentean zeharkatuko ditu. Abuztuaren 5ean hasita X-Pyr lasterketan lehiatuko da.

"Hondarribian [Gipuzkoa] hasi, eta Mediterraneoan bukatu behar dugu. Horretarako, parapentea eta gure oinak baino ezin ditugu erabili. Hegan eta oinez egin behar dugu. Oinez goazenean, ekipo osoa gainean eraman behar dugu. Eta bitarte horretan, zazpi tokitatik igaro behar dugu. Horietatik igarotzea derrigorrezkoa da". Halaxe azaldu du lehiaketaren muina zein den Gabiriak.

Larrun (Lapurdi), Ori (Nafarroa-Zuberoa), Collarada, Cotiella (Huesca, Espainia), Pic de L'Orri (Lleida, Herrialde Katalanak), Taga, Sant Pere de Rodes eta Port de la Selva (Girona, Herrialde Katalanak) dira igaro beharreko kontrolgune horiek. "Aurreneko etapa zein izango den argi dago: Hondarribitik Larrun mendira igo beharko dugu, oinez. Behin goian gaudela ikusi beharko dugu hegan egin dezakegun edo ez", aurreratu du.

Gabiriak dio aurrez ezin dutela ezer pentsatuta utzi. "Aldagarri asko hartu behar dira kontuan. Asko jota, hurrengo eguneko etapa presta dezakegu, baina ez dakigu noraino iritsiko garen egun bakoitzean, hegan egin ahal izango dugun, zenbat... Meteorologiak, batez ere haizeak, zer ikusi handia du horretan".

Entrenatzen ibili da, sasoiko egoteko. "Korrika egin dut, motxilarekin mendira joan naiz, eta hegan egin dut ahal izan dudan beste. Iaz, gainera, orain egingo dugun hau egiten ahalegindu nintzen, nire kasa. Erdia egin nuen, utzi egin behar izan nuelako, lesio batengatik. Aurten bukatu dut. Ondo ikusi dut neure burua lasterketarako, nahiz eta lehiakide gogorrak izan".

Iñigo Mendibil atxondarra izango du lagun. Furgonetan jarraituko dio. "Nire ardura bakarra hegan egitea eta ibiltzea izango da. Mendibilek aurkituko du lotarako lekua, janaria ekarriko dit... Ardura asko kenduko dizkit. Gauetan elkarrekin prestatuko dugu hurrengo eguneko etapa".

ERROMERIA PIZTU DA

Butroeko gazteluaren (Gatika) inguruetan antzinatik erromeria egin izan dute herritarrek, Madalen egunez. Ohitura galduta egon da, eta aurten berreskuratzea erabaki dute. Domekan egin zuten. 10:00 inguruan —batzuk, beranduago— atera ziren herrietatik eskotak izeneko kalejirak, asto zein idi uztarriek lagunduta. Madalen ermitan meza, hamaiketakoa, herri bazkaria eta herri kirolak eta dantzaldia izan zituzten, besteak beste.